Xabier BENGOECHEA
Irakaslea eta artzaina

Goian bego lehen sektorea

Azken egunotan aho bete hortz nabil gure agintariek Mercosur osatzen duten herrialdeekin egingo dituzten akordioekin. Azken hamarkadetan sistematikoki hiltzen ari diren familia-ustiategientzat azkenengo besarkada izango da. Gure ekonomiaren globalizazioaren ondorio garbia izan arren, ez al daukagu herritarrok zer esanik gai horren inguruan?

Espainiar Estatuko iparraldean kokatuta dauden ustiategiak txikiak edo ertainak dira, orografiak horretarako laguntzen ez duelako. Baina mendeetan zehar ingurura moldatutako animaliak zaintzen trebeak gara. Kalitatezko produktuak ekoiztea eta norbanakoaren osasuna ardatz dutenak.

Nekazariak eta abeltzainak kalera atera dira, baina protestak egiteko ahalmen mugatuarekin. Ordena kaltetzen badute, poliziaren mehatxuak jasan behar dituzte. Gure politikari gehienak, salbuespen txiki batzuk izan ezik, isilik daude, espainiar Estatuko presidentearen teatro politikoari men egiten.

Zergatik gu lelo legez tratatu? Industria babesteko zergatik gure elikadura kaltetu? Gurera etorrita, orain dela gutxi gure lehendakaria oso pozik agertu zen Galesko lurraldearekin sinatutako akordioagatik. Pozik egongo al da gabonetan Eroskira joan eta Galesko arkumeak saltzen ditugula ikustean? Ez al da errazagoa Euskal Herriko ustiategiak antolatzea, gure bildots guztiak bertan kontsumitu daitezen?

Sindikatuak erdi ezkutatuta dabiltza; mobilizazioak egin dituzte, baina horrekin zer? Ziur nago biztanleen parte handi batek hainbeste traktore ikusita kabalgata bat dela pentsatuko duela, zertan gabiltzan jakin gabe. Ezohiko borroka honetan denboraren aurka ari gara.

Lehen sektorea maite dugun guztiok bat egin behar dugu eta horren aurka borrokatu. Sarritan erromantizismoz begiratzen diot Frantziari; euren lehen sektoreaz harro daude eta ez dute dudarik defendatu behar dutenean indartsu egiten. Errespetu osoa eurentzat. Borroka honetan albo batera utz ditzagun ideologiak eta denok bat eginda defenda ditzagun gure Estatuko eta Europako nekazaritza eta abeltzaintza tradizionalak!

Buscar