Larraitz Ugarte
Abokatua

Gora herria!

Orriotan idazten daramadan urtebetean Iritzi sailekoek inoiz ez didate idatzi behar dudanaren inguruko iradokizun edo aholkurik eman. Gaur arte. Izan ere, gaurkoan armagabetzeari buruz idazteko eskatu didate. Nola ez, eskaera guztiz logikoa eta zentzuzkoa iruditu zait. Baina egia aitortu behar badizuet, bertigo itzela sartu zait eskaera jaso dudanean.

Ez zait erraza egiten gai honetaz hitz egitea, neure burua gai honek eskatzen duen zorroztasunez eta sakontasunez hitz egiteko gaitua edo legitimatua ikustea. Are zailagoa, gai honetaz zerbait berria esatea… Barrura begirako bidaia egitea otu zait, nire bidaia hori zuetako askok egin duzuenaren paraleloa delakoan.

Izan ere, «jaio ginen bai, guda baten erdian, urteak pasa ta berdinean gaude»-ren alaba bainaiz ni. Gudaren amaiera mahai arrazional batean ebatziko zela uste zuen milaka horietako bat. Estatuek azkenean herri bat ginela aitortuko ziguten D egunaren zain, gogoz borrokatzen zuen horietako beste bat. Min eta sufrimenduaren gordinak itxaropen eta anbizio kolektiboa itzaltzen ez zuen garaikoa. Herri berezi bateko herritarra, antolatua eta borrokalaria, munduari herri zela garrasi egiten ziona eta irabazi arte etsiko ez zuena. Eragindako sufrimenduaren erantzukizunaz jabetu, arduraz jokatu eta beste eszenatoki bat lortzeko ardura zuten gizon-emakumez osatutako mugimendu baten eraginpean hazitakoa. Europaren bihotzean korrontearen kontra zihoan mugimendu baten itzalpekoa, zeinak balorazio moral eta politikoetatik harago txoro kuadrilla bat ez zela eta Euskal Herri libre batean sutsuki sinesten zuela frogatu zuen talde zabal bat agerrarazi zuen.

Orain, mugimendu horrek, antolakunde horrek, armak uzteko bere hitzari eutsiz bere burua armagabetu du. D eguna iritsi da, euskaldunok ahaztuko ez dugun eguna, ETA erakundeak armen lokalizazioa bakearen artisauei jakinarazi eta nazioarteko egiaztatze batzordearen ikuskapenpean frantziar arduradunen eskuragarri jarri dituena. Arrazoi osoz esan ohi den bezala, egun historikoa. ETA armagabetu da. Kitto. Stop. D eguna gaztetan uste nuenaren ezberdina izan da. Parean ez dago hori balioan jarriko duen estaturik. Parean ez dago negoziazio mahairik, arduraz jardungo duen agintari politikorik, inteligentziaz jokatuko duen presidenterik. Parean ezereza. Galdu da gerra diote batzuek…

Baina gerra galdu bada, zergatik agintari espainiarren beligerantzia? Zergatik pausoaren dimentsioa gutxiesteko frantziar agintarien interbentzioak? Zergatik ez daude pozik Covitekoak, Rajoy, Pagazaurtundua eta Savater? Ez delako errendiziorik egon. Herri hau ez da errenditu, gerra hau termino politikoetan ez da bukatu. D eguna ez da mahai baten bueltan eman, baina ezta ISISen estilora belaunikatutako euskal gizon eta emakumeen lepo mozterik egon ere.

Espainiar prentsa egun hauetan irakurtzen dudanean edo Covitekoak hitz egiten entzuten ditudanean kontziente naiz zein gutxi dakiten gutaz. Ez gaituzte ezagutu, ez dute inoiz ezer ulertu eta ulertu gabe jarraitzen dute. Horregatik ez zuten ulertu basque separatist group baten sorrera eta ezin dute ulertu herri honek ETAri armagabetzen nola lagun diezaiokeen estatuek egin nahi ez izan arren. Ulertu ez zuten bezala Itoitz, Lemoiz edo intsumisio mugimendua, Korrikaren fenomenoa ulertu ez duten bezala. Ezin apirilaren 8a ulertu.

Gaur, hunkituta eta harro nago euskalduna izateaz. Harro nago Mutiloatik Zeraina korrika diharduten euskal herritarrekin korri egitean, Maria Diaz de Haroko kale kantoian Iñigo Cabacasentzat justizia eskatzen aritu direnez eta Baionara gerturatu diren milaka horietaz. Harro nago dugun jendarteaz, ikusteaz itxaropena galtzen hasten garen bakoitzean nola landare eder bat loratzen hasten den Luhuson edo Ortzaizen edota Baionan. Harro nago azken egunotan, jendarteko sektore ezberdinek, PPk izan ezik gainontzeko alderdi eta sindikatuek, erakutsi duten batasunaz, Ipar Euskal Herrian azken hilabeteetan erakutsi den eskuzabaltasunaz, orokorrean gailendu den zentzu komunaz, heldutasun politikoaz.

172 artisau, desobediente, ausart, bakezale, herri hau bake eszenatokira eramateko gogotsu, estatuek erakutsi ez duten ardura eta erantzukizuna eta arrisku juridikoak asumituz, bi estaturi aurre egiten aritu dira egunotan. Nazioarteko komunitatearen inplikazioa eta Euskal Herriko instituzio ezberdinek erakutsi duten parte hartzea ere eskertzekoak izan dira. Azken honek erakusten du herri hau zein diferentea den eta zer nolako potentzialitatea duen. Urkullu Baionan barik metroan bueltaka ikustea mingarria bada ere, gizarteak horren gainetik duen jarduera txalotzekoa izan da eta gizarteak behartu du egun gutxi dela orain artekoan mugitzera. Munduari beste behin erakutsi diogu zailtasun guztien gainetik ze gauzak egiteko kapaz garen herri txiki honetan. Eta gauzarik ederrenak herritarren, norbanakoen, artean lortutakoak izan dira, sakrifizio pertsonal elkartuek eragindakoak.

Horixe da atzoko egunaz gaindi datorren guztirako atera behar dugun irakaspena. Herri honetan badirela gizon-emakumeak unerik zailenetan antolatu eta gauza miresgarriak egiteko gai direnak. Azken egunotan artisauak izan dira, lehen intsumisoak, errefuxiatuak ilegalki ekartzen dituztenak, boto ez-legezkoak ematera urtetan animatu diren euskal herritarrak… Herri honetan bada masa kritikoa, bada inori baimenik eskatu gabe, inoren zain egon gabe eta denaren gainetik aurrera egiteko prest dagoen jendartea. Forma eman, antolatu eta helburu zehatzen inguruan bere onena emateko dauden emakume eta gizonak.

Gaurtik aurrera potentzia guzti hori bake justu baten aldeko borrokan jarri behar da, batetik. Bakearen lorpena ez baita ETAren armagabetzearekin amaitzen. Batzuek bakea atxikita balego lez elkarbizitzaz hitz egitea gustuko duten garaiotan, bakea lortzeko lan asko egiteke dagoela gogorarazteko garaia da. Preso gaixoak askatu behar dira eta dispertsioarekin amaitu behar da lehenbizi. Euskal preso politikoek euren askatasuna lortzeko urrats sendoak egin behar dira. Pragmatikoak izatea tokatzen zaigu, baina pragmatismoak ezin digu utzi helburuak lurruntzen. Denak etxera, ez dago aitzakiarik. Estrategia eraginkorrak, emaitzak gure esku egon ez arren, estatuak eta euskal instituzioak mugitzea probokatuko duten estrategia imajinatiboak behar ditugu. Frustrazioak eta erabaki mingarriak ugari izango dira, ez gaitezen engaina. Baina inoizko baldintzarik zabalenak ditugu: konfrontazio armaturik gabe, euskal instituzioetan aukerak zabaldu dira eta jendartean bada ikusten ari garen bezala, nahiko indar. Antolatzea baino ez da falta.

Bestetik, herri hau independentziara eramateko indar metaketan asmatu beharra dago. Inoren baimenen zain egoteke, gure bidea eginez, konfrontazio demokratikoa probokatuz… Herri honek ez du mahai arrazional baten D egunik izan, ez du amnistiaren D egunik izango, baina izango du independentziaren D eguna. Eta azken finean hori da nahi genuena, ezta? Uste baino gertuago gaude. Herri honetan sor daitekeen mugimendu zibilean fede eta uste sendoa behar dugu izan. Herri honek badaki bere bidea nola egin eta egingo du. Gora herria!

Buscar