Aitor SERVIER - Aitzina

"Guk Euskal Herria!", burujabetza aldarri

Uztailaren 14ean Aitzina gazte mugimenduak manifestazio bat antolatuko du Donibane Lohizuneko karriketan. "Guk Euskal Herria" lelopean iraganen den ekimenak "Euskal Herrian, lan, bizi eta ikasteko" aldarrikapena ozen entzunaraziko du. "Euskal Herri aske sozialista eta feminista dugu ortzimugan".

Uztailaren 14a da Estatu frantsesaren egun nazionala. Zoritxarrez, uztailak 14 gehiegi bizi ditugu garaiotan, frantses errepublika jakobino, kapitalista eta autoritarioaren goraipamenak entzun baititugu hitzetik hortzera. "Errepublikak ez du gibelera egiten", Aitzinak deituriko manifestaldia bere herrian egiteaz hain gustura ez zirudien agintari batek honakoa azpimarratu zigun. Lelo bertsua izaten dute ahotan Hollande, Valls, Cazeneuve, Macron eta sistemaren mirabe leial guziek.

Frantziaren egun nazionalean ez dugu soilik inposatutako frantses nortasuna ukatuko. Nazio, klase zein genero zapalkuntzei eusten dien errepublikari, gure proiektu politiko askatzailea kontrajarriko diogu. Oraina eraldatu nahi dugu gazteok, etorkizun hobea lortzeko. Gure herriaren historia eskolan ikasterik ez genuen izan. Baina guk idatzi ez arren, historia gurea da eta guk egiten dugu. Matalaz eta Zuberoako laborarien matxinada. Iraultza frantsesaren garaiko "izualdiko" deportazioa. Errepublikaren eskoletako eraztunaren zigorra. "Eskuara baizik ez zakiten haiek, morts pour la patrie". Seaskaren aldeko kantaldiak. Paueko presondegiko ihesaldia. Hotel Monbar. Laborantza Ganbara. Eta historian gorriz idatzi ez diren beste data eta gertakari frango; eta historiak ahantziriko gizon-emazteak.

Gure historiaren jabe izanik ekiten diogu eguneroko lanari. Gure larruan bizi dugun errealitatea eraldatzea baitugu helburu. Gaztea izatea eta iraultzailea ez izatea kontraesan biologikoa omen da eta "gazte, gara gazte eta ez gaude konforme!" diogu ahalkerik gabe. Nola ez gara altxatuko neoliberalismo basati praktikatzen duen estatuaren aitzinean? Gattaz MEDEFeko buruak ezin du irudikatu zer den prekarietate gordina bizitzea. Prekarietatea, gure bizitzako arlo orotan. Lurren eta etxebizitzen neurrigabeko espekulazioagatik gure herrian bizitzeko aukerarik ez dugu. Miseria baten truk osasuna galduz, betikoen sakelak sosez bete behar ditugu. Lanbide bat izateko ikasten dugu, ikasteko ordaindu, eta hezkuntza sistema bezain lehiakorra den lan merkatuan saltzen dugu gure burua. Nola ordezkatuko gaitu errotik ukatzen gaituen estatu bateko nortasun-agiriak?

Europako hizkuntza-gutituen karta izenpetzen ez duten diputatuek ez dute ideiarik euskaraz bizitzeko ditugun oztopoez. Baxoko emaitzak iritsi dira, baina euskarari bataz bestekoaren azpiko nota ematen dio oraino Hezkunde nazionalak. Unibertsitate propiorik ezean, Hego-Euskal Herrira jo behar dugu unibertsitate mailako ikasketak euskaraz egiteko. Euskalduna alegala da Estatu frantsesaren menpean deno. Uztaritzek ofizial egin zuen euskara, baina prefeta eta suprefetak beti gogor; nola Uztaritzeko herriko etxearekin, hala Ziburuko ikastolarekin.

Nola ez dugu salatuko gatazkaren konponbidea trabatu eta gure aurkako errepresio kolpeekin isildu nahi gaituen estatua? Gure herriko bake edo bake-ezaz ez dira kezkatzen presondegietako funtzionarioak. Espainiaren jarrerarekin lerrokatu ohi da Estatu frantsesa. Besteak beste, euskal preso politikoei espetxeratze-baldintza ankerrak ezarriz eta ETAren desarmatzeari atxiloketen bidez erantzunez. Euskal gazteriaren aurka ere, kriminalizazio-politika argiarekin tematzen da.

Frantses errepublikatik eratorritako orotariko zapalkuntzei buru egiteko, burujabetza aldarrikatuz beteko ditugu Donibane-Lohizuneko karrikak. Herri elkargoak herri elkargo, Ipar Euskal Herriak bere geroaz erabakitzeko eskubidea du. Beraz, burujabetza eguneroko ariketa gisara bizi dugu. Euskaraz bizitzeko hautua egikaritzen dugu eta ezarritako muga artifizialen gainetik nazio ikuspegia sustraitua dugu gure baitan. 

Estatu frantsesak turismora bideratu zuen ekonomiaz harago, bertako alternatiba ekonomikoak sustengatzen ditugu, baita lurra eta lurra lantzen dutenak defenditu ere. Patriarkatuak ezarritako botere-harremanak deusezten saiatzen gara, generoak ezarritako roletatik at aske biziz. Euskal gazteria borrokalaria eraldaketaren lehen lerroan dago, herri eta ikasle mugimenduan, gaztetxeetan, besta komiteetan, herriko kirol eta kultur elkarteetan. Euskal Herri aske sozialista eta feminista dugu ortzimugan. Horregatik, herrigintza ardatz, gure herriaren askapen borrokaren motor izan nahi dugu, gure buruak ere emantzipatuz. Uztailak 14a Donibane-Lohizunen.

Errefuxiatuak jasotzeko borondaterik ez duen Europan, baina udatiarra paradisua den eta herrian oihu bat: Guk Euskal Herria! Gure kultura folklore hutsera mugatzen den herrian, gazteok sasoilari bezala lan baldintza kaskarretan lan egiten dugun herrian eta Michèle Alliot-Marie Panamartuaren herrian, aldarri bat: Euskal Herrian, lan, bizi eta ikasi nahi dugu!

Buscar