Eusko Ikaskuntzako lehendakaria
Gure etorkizunerako geroa

Zilegi denaren eta nahi denaren artean, nola begitantzen zaigu gure etorkizuna? Zein dira euskaldunon erronka nagusiak belaunaldi batek betetzen duen denbora-tartean? Eta nola aurrera ditzakegu gizarte zibiletik erronka horietarako erantzun eraginkorrak? Galdera horien inguruan lan egin dute ehunka pertsonek azken asteetan Eusko Ikaskuntzaren koordinazioarekin.

07/07/2014

Horiek emandako erantzunetan, aldaketa sakonak ezaugarri dituen garai bateko parte den adimen kolektiboak dituen kezken argazki interesgarria osa daiteke; erantzun horietan gure arazoak aipatzen dira, baina baita gure indargune nagusienetako zenbait ere.

Lehenik, gogora dezagun gizarte dinamikoa eta demokratikoki indartsua herritar konprometituak baitaratzen dituena dela, kultura zientifiko eta kritiko handiko herritarrak dituena, interesgarri zaizkien esparru zabaletan gogoeta eta ekintza egiten dutenak bizitza kolektiboak aurrera egin dezan. Horrek guzti horrek sozializazio, asoziazio eta iritzirako egiturak dakartza. Egitura horietatik abiatuz erantzun eta konpromiso oso baliagarriak sortzen dira, sarritan mundu «ofizialean» nagusitzen diren epe laburreko grina, protagonismo antzua eta taktikotasuna gainditzen dituztenak. Industrializazioaren osteko gizarteen eraikuntzan gero eta indar handiagoa hartzen ari da herritarren partaidetza, eraldaketa gero eta indar intentsitate handiagoz sustatuko duten erakunde eta sareen bidez. Baskonia moderno eta aurreratu baterako, gogoeta kolektibo eta aktiborako joera ezinbestekoa da.

Hori esanda, Eusko Ikaskuntzak kokapen paregabea duela uste dugu. 1918an sortu zen Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako foru aldundien ekimenez, Baskoniaren egituraketa kultural eta instituzionala gauzatzeko. Orokorrean egin dituen jarduerekin eta, partikularki, Eusko Ikaskuntzen Kongresuekin euskal gizartearen kezkak alderdi intelektualetik bideratu eta jorratu ditu ia mende oso batez, betiere helburu bikoitza aintzat hartuz, hots, gure izaera kulturala sendotzea eta ibilbide luzeagoa duten erronka ekonomiko, politiko eta sozialei heltzea.

Fundazio-espirituan sakonduz, «Denok Gai» izendatu dugun prozesuan lurralde, esparru, diziplina, ideologia, genero eta belaunaldi orotariko pertsonak elkartu dira hastapen-deialdietan. Ondorioz, eztabaidetan jasotako ekarpenak ugariak, anitzak eta aberatsak izan dira, konstante jakin batzuetan uztartzen direnak.

Asko laburbilduz lau esparru handi zedarri ditzakegu; euskal gizartearen etorkizunera so, erabakigarriak. Kezka garrantzitsu bat, arras orokorra, gizarte-kohesioari buruzkoa da, Euskal Herriaren proiektuari buruzkoa, kapitalismo digital globalizatuaren lehen krisi handiaren ostean agertzen den eredu sozioekonomiko, politiko eta kultur anitzarekin aurrez aurre agertzen zaiguna. Testuinguru horretan, gure norabidea hartu beharko genuke, Herrialde modura birsortu beharko ginateke bere izaera sendotzetik abiatuz. Horrekin lotuta, ezinbestekotzat jotzen da paradigma iraunkorra barneratzea, denboran iraungo duen aurrerapen egiazkoarekin batera.

Balioekin nahiz euskal kulturarekin lotutakoa da identifikatzen den beste gai bat: iraganean gizartea eraldatzeko prozesuak sortzeko baliagarriak izan ziren balio horiek eta, era berean, gaur egungo gizartea ulertzeko baliagarri izan beharko lirateke, baita denboran eta espazioan gure proiekzioa abiarazteko ere.

Azkenik, gizartearen eremu guztietan euskararen etorkizuna bermatzeko kezka nahikoa orokorra dela dirudi, mundu globalizatu eta ireki batean, gizarte eleanitz batean eta bizikidetza-es- parru egoki batean.

Lau kezka orokor horietatik abiatuz, datozen hilabeteetan horien adar ugariak aztertuko ditugu eta, dagozkion eremuetan dagoeneko jardunean diren entitateekin lankidetzan gure lan-programak zein esparrutara bideratuko diren zehaztuko dugu: horrela, azterketa, ikerketa edo gogoetari helduz, koordinazioa bultzatuz edo gaur egun sakabanaturik dauden indarrak batuz masa kritikoa prestatuko dugu. Baina, batez ere, ezagutza sortuz, Euskal Herriko txoko guztietara gogoeta eta proposamenak helarazi eta hedatuz. XXI. mendean bizirik dirauten misioek bat egiten dute Eusko Ikaskuntzaren izaerarekin eta historiarekin.

Funtsean, derrigorrezkoa zaigu Euskal Komunitate Orokorraren erronkei aurre egiteko, gizarte zibilaren pentsamendua eta ekintza artikulatzeko eta, ahal dugun heinean, aro berriaren aurrean Euskal Herria (Baskonia) kokapen egokian utziko duten birplanteamenduetan laguntzeko gure konpromisoa berritzea. Horrenbestez, gure instituzio beteranoko bazkide garenok norabide horretan lan egingo dugu, euskal gizarte zibilak ahalik eta protagonismo handiena izan dezan guztion etorkizuna baldintzatuko duten gaietan.

Artículos
Agurtzane Solaberrieta Mesa
12/12/2019
Ana Goia Aribe y Peio Zabalza Rivas
12/12/2019
Jose Ramón Pérez Perea
12/12/2019
Cartas
Txema Lorente - SOS Amatxu
11/12/2019
Javier Orcajada del Castillo - Bilbo
11/12/2019
Joseba Otano - Administrazioan Euskaraz Taldea
09/12/2019
Últimos posts
Martin Garitano
11/12/2019
Martin Garitano
10/12/2019