Oihan Ataun Rojo
LAB Nafarroa

Gure lankidea berriz Tasubinsan nahi dugu

Tasubinsak argi eta garbi erakutsi du zerrenda sindikaletan aurkeztera «ausartzen» diren langileen aurkako politika darabilela.

Urrian, Tasubinsak –desgaitasuna duten pertsonentzako lan babestua sustatzeko diruz lagundutako enpresa– langile bat kaleratu zuen, obra eta zerbitzu kontratua amaitu zitzaiola argudiatuta. Judithek hiru urte zera- matzan Tafallako lantegian, eta lankideek LABeko enpresa batzordeko ordezkari aukeratu zuten azkeneko hauteskundeetan.

Garai zailak ditugu laneko eskubideen eta baldintzen defentsa egiteko eta ez da erraza langileek enpresarekin ditugun arazoen aurrean ahotsa eta erreferente agerikoa izateko ahaleginean parte hartzeko pausoa ematea. Ez da erosoa zenbait enpresak ordezkari sindikalen aurka erabiltzen dituzten botere eta errepresaliei aurre egitea.

Gure ustez, kasu honetan funtsezko hiru gai urratzen ari dira: batetik, sistematikoa da Tasubinsak eta beste enplegu-zentro berezi batzuek aldi baterako gehiegizko eta iruzurrezko kontratazioa erabiltzea. Enplegu-zentro bereziek hiru urtez izan ditzakete langileak plantilletan eta gero kaleratu. Jakina, ez dute inolako obra edo zerbitzurik egiten, ekoizpenerako beharrezkoak diren egiturazko lanpostuak betetzen baitituzte. Onartezina da horrela jokatzea desgaitasuna duten pertsonak kontratatzeko diru publikoa jasotzen duten enpresek, ustez haien gizarteratzea eta laneratzea errazteko kontratatzen direnean. Are okerragoa da, kasu honetan gertatu den moduan, jokabide hori eragotzi beharko luketen epaileek onartu egiten badute.

Bigarrenik, desgaitasuna duten pertsonek lanean babes handiagoa izan beharko lukete, baina erabat kontrakoa gertatzen ari da eta, gainera, gizarteratzearen izenean eta Nafarroako Gobernuak diruz lagunduta. Bistakoa da, baina milioi askoko dirulaguntza horien gaineko kontrol publikoa zorroztasunetik eta etikatik kanpo dago. Hirugarrena eta azkena. Langileen ordezkariak babestuta daude, ustez bermatzeko ekintza sindikala ez dela kaltebera enpresen errepresalien aurrean. Hemen erabat kontrakoa aurkitu dugu.

Tasubinsak argi eta garbi erakutsi du zerrenda sindikaletan aurkeztera «ausartzen» diren langileen aurkako politika darabilela. Enpresa honetan ordezkari bati baino gehiagori gertatu zaio politika hori nozitu behar izatea.

800 langile baino gehiago dituen Tasubinsak ez al du Judith birkokatzeko lekurik? Tafallako lantegian eta beste lantegi batzuetan, kaleratze honen aurretik eta ondoren Tasubinsak ez dio kontratuak egiteari utzi.

LAB sindikatua Tasubinsako Enpresa Batzordean erabakigarria denetik, inoiz lortu gabeko hobekuntzak lortu dira. Nork bere ondorioak atera ditzala!

Guk borrokan jarraituko dugu langileen lan-baldintzak hobetzeko eta Zuzendaritzaren autoritarismoaren aurka.

Gizarte aurreratu baten betebeharra da desgaitasuna duten pertsonen lan- eta bizi-baldintzak defendatzea eta hobetzea. Ez dugu inolako diskriminaziorik onartuko.

Judith berriz lanean hartu!

Buscar