Jokin Arrospide
Baserritarra

Gure sektore errukarri honetako bizipenak

Idazten eta areago gizarteari idazten oso aditua ez banaiz ere, barruko sentimentuak adierazteko beharra dut. Baserrian jaioa, hazia eta hezia, ogibidea ere baserriko jarduerarekin sortzen dudana gainera.

Hogei urte inguru nituela nahiko garbi geratu zitzaidan neure bizitzan zerbait funtsezkoa egin behar nuela, hau da, ogibide konprometitu bat hartu behar nuela alegia. Jende xumeari nahiko buru hauste ematen digun gaia izanik eta bizitzan zenbat ordu eskaintzen dizkiogun kontutan hartuta, zer hobeagoa ogibide hau erakargarria eta bizia izatea baino. Bide honetan gure baliabideak izugarriak ez zirenez, ba, etxeko baserriari ekin nion.

1987.ean edo, baserrian lan eginez, ikusi eta ikastea pentsatu nuen. Etxeko baserritik at, Zabalegi eskola izan zen nolabait abiapuntua eta hemen, esango nuke, hasi zitzaidala barrua jazten, baserrigintzari buruzko gogoetekin. Garai honetan Europan sartu beharrari buruz hitzegiten zen, asko ekoiztu beharraz, Alemania, Holanda, Erresuma Batua, ...bezalako herrialdeekin lehiatu beharraz, … Nik behintzat azken ideia hau ez nuen inolaz ere partekatzen, nola ba! alde batetik gure ingurunea ezagututa eta beste aldetik esan zigutenez, guk ekoiztu egin behar genuen eta gero industriak ...salduko zuen. Guk ekoiztutakoa ez zetorren bat industriak kontsumitzaileari eskaintzen zionarekin ordea.

Berehala konturatu nintzen, EHNE izeneko nekazal sindikatu bat bazegoela eta hor bete betean lotzen zirela nere nahiak eta sentimentuak eta sindikatuaren ardatza. Hor nolabait baserria eta baserritarra ziren aktore nagusiak, EHNEren esanetan bai bata eta bai bestea faktore indartsuak izan behar zuten, gure herriak lehen sektore duin bat behar bait zuen. Puntu honetan hasten da idatzi honen funtsa:

90. hamarkadan oso garbi dut gure politikoak erabat deslokalizatu zirela gai honekiko, beraien ikuspegia ez zetorren bat sektoreak bizi zuen errealitatearekin. Europa iparraldeko herrialdeekin lehiatu beharra aldarrikatzen zuten, edozein modutan ekoiztuaz eta ekoizpena baserritar gutxi batzuren gain utzita nahikoa izango zela sinistarazi zuten, beraz, ordurarteko baserritarren gehiengoa soberan zegoela. Inolaz ere ezin dut adierazi ondorengo bi hamarkadetan zenbat aldiz pentsatu dudan, ze hanka sartze politiko-historikoa izan zen hura, alegia, baserritar haiek zeukaten gaitasunarekin, kalera, industriara bidaltzea. EHNE sindikatuak oso garbi defenditzen zuen baserrigintza eta baserria faktore indartsuak izan behar zutela, hori zela jarrera zuzena, baina dirudienez, ez zen komeni sektorearen batasuna, puskatu egin behar zen, …

Bi hamarkada hauen ostean oso baserritar gutxi geratzen gara baserritik bizi eta jaten dugunak, modu batean edo bestean, mendialdean, ibarretan, birekin, zortzirekin, ...guztira ez dugu ekoizten hemengo kontsumoaren %5 ere.

Egia da sektorea nekatuta dagoela, ez bait dira baserrian astean 40 lanordu izaten, askotan 80 gertuago, familia osoa lanean (hau eredugarria da nere ustez transmisio egokia egiteko), kontribuitu bat bezala bi, lau, sei pertsona laguntzen dabiltzanean, hauei ere zerbait eman beharko zaie ba, baina nondik, irabaziak kendu egiten dizkigutenean? … Ogasunak ere ez gaitu kontutan hartzen, agintariek ere sektorearekin biltzeko asmorik ez dute erakusten, ez behintzat gauzak bere bidetik kanalizatzeko.

Egungo nekazalgintzari buruz entzuten diren gaitzespenak ere erabat tokiz kanpokoak iruditzen zaizkit. Pertsonalki eragiten ez didaten arren, badakit baserritar askori eragiten diotela, askotan eta askotan manipulatu arte, eta bitartean bere familia aurrera atera ezinean ari direnean.

Badakigu, Gipuzkoan adibidez, haundia dena, gero Europan nolakoa den. Guk badakigu baserrian lan egiten, agian zenbait parametro egokitu egin beharko dira, baina horretarako daude hainbat izendapen. Ez zatitu gehiago gure sektorea mesedez, baserritarra ez bait da gauetik goizera egiten eta baserrian duintasunez ekoiztea ere ez da erraz lortzen.

Uste dut, errespeto osoarekin, nekazaritzari buruz utopia gehiegi dagoela, interesak ere (pertsonalak, kolektiboak, ekonomikoak) badaude eta baserria eta sektorea gutxi ezagutuaz paperak bete eta erabakiak baserritarren multzoari bizkarra emanda hartzen dabiltza.

Orain ere gure egintariak deslokalizatuta daudela esan nahi dut honekin, ez behintzat gaian zentratuta. Paperetan gauza polit asko idazten da, baina errealitatearen egoera bestelakoa da eta sektorearekin batera diagnostikatu gabe ez da lortuko helburu egokirik.

Ez dut idatzi hau inongo protagonismorik bilatzeko egin, zer esana badugula uste dudalako baizik. Pertsonalki xumea eta apala izatea gustatzen zait bizitzan, baina harro sentitzen naiz baserritar bezala, inguruko beste edozeinek sentitu behar duen bezala. Beti ari gara hobetu nahian, akatsak zuzenduaz, baserrian aktibitate berriak sortzen, gure gizarte kontsumitzaile zoragarri honi produktu, aktibitate, natura egokiak eskaintzen.

Baserritarrok herria behar dugun bezala, herriak ere behar gaitu gu. Hala ere, kontsumitzen dugunaren %5 bakarrik ekoizten dugu, beraz beste %95 falta da, eta herri bezala ematen ari garen urratsak ikusiz, janariaren %100 sortu beharko genuke, poltsiku batzuen jabeak asetzeaz gain, jende xumea, pobreak, guztiak ase behar ditugu. Bestalde, oraindik, kanpotik ekarritakoa hobea dela uste dugu eta hemengoari bi luparekin begiratzen diogu, ...balorea kenduaz.

Nekazal ordezkariek dute produktorearen defentsa egin beharra, eta arlo sozial eta ekonomikoan partaide izan beharra, baldin eta herri jasangarri bat nahi badugu behintzat.

Ea lortzen dugun, guztion artean sektore errukarri hau sektore eredugarria bihurtzea, tokatzen zaion lekuan kokatzea alegia. Baserritarrok izan behar dugu aktore nagusiak, bai ala bai. Adibide bat jarriko nuke bukatzeko: Bertsogintzan, bertsolari taldeak eta bere inguru horrek batzea lortu du eta guk zergaitik ez?

Buscar