Iker Beristain Urizarbarrena
Euskal preso politikoa (Castello I espetxetik)

Gurea da garaipena, Antxon!

Herriarekin batera, ezker abertzaleak ere urrats ausartak eman ditu etsaia une oro jokoz kanpo utziz

Nolakoa naizen badakizunez, hementxe naukazu gure urteroko hitzorduari etekina ateratzeko prest, nola bestela?! Gainera, beti aipatu izan duguna errealitate bilakatu da beste behin ere, Euskal Herriko egunerokotasunean mila gertakari eman direla, eta, atzokoan berria zena, gaur bertan zaharkitua geratu da.

Desobedientzia zibilaren esparruan aurrerapauso ausartak eman dira herri harresien dinamikarekin, eta, Donostiako gazteen atxiloketak oztopatzeko ekimen gisa hasi zena, beste herri eta auzoetara zabaldu da (Ondarroa, Iruñea, Gasteiz...). Eta atxiloketak zaildu arren, oraindik ekidinezinak izan badira ere, etorkizunean euskaldunon atxiloketak bertan behera gera daitezen lortuko dugu, euskal jendartearen konpromisoa areagotzen ari baita hainbat arlotan.

Gure herria beste egoera batera eramateko, alderdikeriei edota bestelako interesei muzin eginez, garrantzitsuak dira euskal herritarron bultzada eta lan eta borrokarako grina. Herriarekin batera, ezker abertzaleak ere urrats ausartak eman ditu etsaia une oro jokoz kanpo utziz, EPPKren abenduaren 28ko agiria horren erakusle garbia delarik. Prozesuak blokeo egoera gaindi dezan, azken pausua erakundeak eman du nazioarteko ikuskatzaileen laguntzaz, armagabetzean emandako urrats ausart eta esanguratsuak nazioarte mailan sekulako oihartzuna izan duelarik.

Etsaiaren aldetik, berriz, betikoa jaso dugu, errepresioa eta itxikeria arlo guztietan. Baina oker dabiltza Euskal Herrian emandako pausu bakoitzaren aurka eginez, galtzaile aterako dira eta. Jendilaje honen aldetik ezin genuen besterik espero, herra eta gorrotoa. Urtetako aitzakiek errealitatea begi bistan utzi dute: ez dute gatazka konpondu nahi. Eta nazioartean ere horretaz konturatu dira –tamalgarria izateaz gain, ikuskatzaileak espainiar entzutegira deklaratzera deitzeak irrigarri utzi ditu espainiarrak–.

Espetxeetan, berriz, berriak gazi-gozoak izan dira azken urtean. Gaziak benetan gogorrak izan dira, Angel Figueroa, Xabier Lopez Peña eta Arkaitz Bellon burkideek utzi baikaituzte espetxe politika hiltzaile eta krudel honen eraginez. Agur eta ohore eusko gudariak! Hiru izar berri piztu dira Euskal Herriko zeru gainean. Gure artean fisikoki egon ez arren, gure artean darraite; maite ditugu, maite zaituztegu, eta, hori horrela izanik, beti egongo zarete gure gogo-bihotzetan. Baina berri gozoak ere izan ditugu fronte honetan; azkenean Estrasburgok 197/2006 Doktrina bertan behera utzi zuen, dozenaka burkide askatu behar izan zituztelarik urteak ilegalki bahituta eman ondoren.

Iaz esan bezala, guk geureari eutsi behar diogu, lanean eta borrokan, jo eta ke jarraituz lortuko baitugu Euskal Herri aske bat etsaiaren oztopoak eta bestelako jukutriak gaindituz, guri eskaintzeko proiekturik ez baitute, sufrimendua besterik ez.

Eutsi beti zoriontasunari! Lortuko dugu!

Buscar