Kattalin Miner
GAUR8

Hara, zernahi bat!

Orain gutxi argitaratu berri du Edo! argitaletxeak “Genero ariketak” liburua. Feminismoaren inguruko artikulu sorta ederra bildu du, eta askoren iritziz bazen garaia, bai, erreferentzia, eduki eta teoria feministaz betetako euskarazko liburu bat esku artean izateko. Noski, badira beste batzuk ere, baina honek mimo bereziz jaso ditu, tokian tokiko kontuak ahaztu gabe, hainbat eta hainbat esperientzia.

Liburuaren amaieran, saiakera pedagogiko batekin-edo, hainbat hitz eta terminologia feminista biltzen dituen glosario bat ere badu liburuak. Benetan ideia aparta iruditu zitzaidan, eta, pentsatzen jarrita, benetan zaila ere bai. Esango nuke, hitz edo termino asko definitzerako orduan asko ez ginatekeela guztiz ados egongo; nik neuk ere hitz berari buruz hainbat adiera edo deskribapenen artean dudak izango nituzke. Hala nola, lan ona hori ere.

Afera, ordea, betikoa da. Euskaraz “ez ditugun” hitz berriak izendatzerako orduan bi joera edo aukera nagusitzen dira batik bat: erabileran dagoenera jotzea (askotan mailegu bat, edo guztiz hitz zuzena ez bada ere), edota hitz berri egoki bat asmatu eta haren erabilera eta normalizazioa sustatzea. Esango nuke, biak ez daudela guztiz kontrajarrita, nahiz nik onartu behar dudan, erabileraren poderioz (a)normalizatutakoak nahiago ditudala.

Aurreko batean lagun birekin Ernaik ekainaren 28rako ateratako kartelaren inguruan hitz egiten ari ginela, ordea, beste gauza bat otu zitzaigun. Izan ere, kartel horrek “Nornahi gara. Zernahi gara” zioen. “Zernahi” kontzeptu horrek milaka adiera izan ditzake, baina, hala nola, ateak aukerari irekitzen dizkiola iradokitzen dit batik bat.

Askotan, sexu aukerei, “sexu joera”, “kondizio sexual” eta halakoak deitzen dizkiegu, erratuta, galduta edota dudatan. Ni neu, “sexu aukera” terminoaren aldekoa izan ohi naiz. Izan ere, aukeraren horretan enfasia jartzea garrantzitsua iruditzen zait, naturalizaziorako joerak ekiditeko, batik bat. Hau da, sexu aukera berez datorkigun gauza izango balitz bezala, ekidin ezinezko desio bat bezala, eta ez eraikuntza sozial modura.

Hala, aurrekoan beste buelta bat eman, eta “queer” terminoaren inguruan euskal baliokidearen bila ari ginela, “zernahi” horrek eman zigun erantzun posible bat. Dakizuenez, “queer” hitzak, arraroa, maritxua, bollera, eta halako esanahi “negatiboak” ditu, eta queer mugimenduak horretxegatik hartu zuen berez iraina zena, buelta eman eta harro arrarotasun hori aldarrikatzeko. Horraino ondo. Ni neu ere gu iraintzen saiatzeko erabiltzen dituzten hitzak norbereganatzearen aldeko bollera bat naiz, noski.

Baina pentsatzen jarrita, euskaraz “queer” horrek kutsu “negatibo” zipitzik ez duela ikusita (hitzak berak diot), horren baliokidea positiboki planteatzeko aukera ikusi genuen. Irain bat bilatzen hasi eta hari buelta ematen hasi ordez, zernahi bat izatea aldarrikatzea. Kontrara baino, askatzailera salto bat eginez.

Zergatik ez esan ba, norbera nornahi izateaz gain, zernahi izateko gai denik? “Zernahi” horrek ezin ote ditu batu beregan, norekin larrutan egiteko hautuak, gogoak; zer generorekin zer harreman izateko nahiak, gaitasunak; zer generoren parte izan, edo bat berarena ere ez izatea; sistemari hortzak erakutsi, edo hortzetan eman; nolako emakume (edo gizon, edo ez-gizon, edo gizonberri edo anti-gizon) izateko aukera, gogoa... Estankoa ez den izaera bat, uneoroko eraldaketa ahalbidetzen duena.

Akaso, ez ote digu balio “zernahi” horrek, normaltasun eta definizio horretatik alde egiten duena deskribatzeko? Nik aldiz, badakizue, oraindino, bollera, feminista eta halakoak izaten jarraituko dudala, baina tira, akaso noizbait harago joanda, pentsatu nahi nuke, gure hizkuntzak, politiko zein pertsonalki naizen hura izendatzetik harago, nahi dudana izateko aukerak emango dizkidala. Eta orduan esan dezatela herrian ozen: «Hara! Hor doa zernahi bat!» .

Buscar