Idoia Blanco, Aitor Alustiza, Nuria Bru eta Juan Otero
Haurren Auzoa ekimeneko partaideak. Gasteiz

Haurren Auzoa eta plan handia

Edozelan ere, gure proiektuaren xedea ez zen auzoa modernizatzea. Haurrek Alde Zaharrean duten autonomiaz, topaguneez eta jolas-espazioez hitz egitea zen gure asmoa.

Haurren Auzoa ekimeneko kideok harriduraz irakurri genuen igandean Etxauri plazako, edo auzoan izendatu genuen moduan, Rafa plazako proiektua ezagutzera ematen zuen berria.

Hiru urte luze iraun duen, eta oraindik amaitzeke dagoen, partaidetza-prozesuaren ondorioen berri eman zuten atzo zenbait hedabidek. Jendaurrean jakitera eman zuten, nahiz eta oraindik adostu gabe genuen nola helaraziko genien hau guztia parte hartu duten pertsonei: Ramon Bajoko eta Goian elkarteko familiei, plazako bizilagunei eta abarri. Haurren Auzoa ekimenean beti saiatu izan gara prozesua zaintzen, eta informazioa kudeatzeko modua eta auzoari ekarpena itzultzeko modua garrantzitsuak ziren guretzat. Baina gobernu-taldeari ez zaio horren garrantzitsua iruditu, nahiz eta azken auzogunean bertan izan ziren, hain zuzen, gai hau jorratu zenean.

Haurren Auzoa ekimenak garatu duen proiektuan, Ramon Bajo eskolako 194 haurrek, irakasleek eta Goian elkarteko 31 kidek hartu dute parte aktiboki. Bigarren maila batean, hobekuntzak planteatzeko aukera proposatu zitzaien Aurora eta Arquillos egoitzetako 37 pertsona adinduni, 20 gurasori, zenbait emakume-elkartetako 36 emakumeri, auzoko elkartegintza-mugimenduko 45 pertsonari eta dibertsitate funtzionaleko elkarteetako 14 auzokideri. Proiektua gauzatu ahal izateko, beharrezkoak izan dira: 25 boluntario, dinamizazio-lanetarako; 6 psikomotrizista boluntario; eta Nondik arkitektura-estudioaren zein Txatxilipurdi elkartearen akonpainamendu teknikoa. Hiru urte luze sarean lan egiten, baina txintik ez, aipatu ere ez dute egin.

Prozesuaren informazio guztia landuz proiektu bateratu bat aurkeztu zen publikoki auzoan duela urte eta erdi pasatxo. Proiektu honek hiru jolas espazio eraldatu eta lotzen zituen, auzoko hiru plaza. Udalari ere aurkeztu genion eta honen erantzuna Rafa plazaren eraldaketa aurrera eramateko prestasuna zegoela izan zen. Positiboki baloratu genuen ekimenetik; gure proiektu osoa ez bazen ere, beste plaza batzuen eraldaketa garatzen jarrai genezakeen modu desberdinetan, gogoa eta indarra egonez gero.

Edozelan ere, gure proiektuaren xedea ez zen auzoa modernizatzea. Haurrek Alde Zaharrean duten autonomiaz, topaguneez eta jolas-espazioez hitz egitea zen gure asmoa. Eztabaida horretan, une oro aipatu da trafikoaren gaia ere eta, horrexegatik, martxan jarri ginen, udalari auzokideen behar guztiak bateratuko zituen proposamena egiteko: muinoa oinezkoentzako eremu bihurtzea, betiere aparkaleku-beharrari erantzunez; karga eta deskargarako ordutegia murriztea, eskola-ordutegiarekin bat etor ez dadin… Biziki proposamen zehatzak, oraindik ere erantzunik gabe daudenak.

Pena ematen digu ikusteak halako ilusioa eragin digun proiektu hau existitzen ez den berealdiko birgaitze-plan baten zati gisa saltzen ari dela; nahigabetu egiten gaitu ikusteak hau guztia erabiltzen ari direla orain, hain zuzen, etxebizitza-arloan horren egoera zailak bizitzen ari garen honetan. Eskolan eta Goian elkartean egunero ikusten ari garen moduan, familia ugari beste auzo batzuetara alde egiten ari dira, auzoan alokairurik aurkitzen ez dutelako; beste familia batzuk egoera negargarrian bizi dira, Santo Domingo kalean, esate baterako, baina badaude beste hainbat adibide ere… auzoa birgaitzea aipatzen dugunean, ezin dugu arinkeriaz jardun. Ramon Bajoko guraso-elkartearen, Goian elkartearen, Haurren Auzoa ekimena osatzen dugun pertsonen apustuan kontuan hartzen dira Alde Zaharrean bizi diren pertsonak.

Pozik gaude Haurren Auzoa partaidetza-prozesuaren ondorioz Rafa plazako proiektua aurrera egiten ari delako, baina hau ez da plan handi baten zati bat, auzoaren eta hezkuntza-komunitatearen lorpena baizik, eta halaxe azaldu nahi diegu auzokideei.

Buscar