Garazi Urien Ortuzar
Haurreskolak Partzuergoko haur hezitzailea eta langilea

Haurreskolak Partzuergoko gerenteari zuzendua

ederra izango litzateke Haurreskolak Partzuergoak osatzen dugun orok ere noranzko berean, elkarlanean jarraituko bagenu. Proiektu honetan sinesten nuen, sinesten dut eta sinesten jarraituko dut. Hezitzaileon aldeko borondate, inplikazio, bokazio, profesionaltasun eta ekimen faltagatik behintzat, ez da proiektuaren jarraipena amets hutsean geratuko.

Garazi Urien Ortuzar naiz, Zeanuriko haurreskolako hezitzailea. Gutun honen bidez azken aste honetako eginkarien gaineko nire kezka, ardura, haserrea eta mina azaleratu nahi dizkizut.

Martxoaren 16tik aurrera covid-19aren pandemia dela eta alarma egoeran aurkitzen gara. Alarma egoera hori hasi zenetik, hasieratik, ez jakintasunezko egoeran aurkitu gara haurreskoletako langileok, noraezean, erantzun faltan, familien aurrean gertutik eta betiko hurbiltasunarekin egoera gorabeheratsu honi ordena apur bat ipin nahian. Jasotako erantzunak, askotan eskatuak eta gehienetan erregutuak izan dira, eta askotan erantzun horiek zuzenean partzuergotik jaso beharrean, langileon ordezkari diren sindikatuetatik, prentsa eta komunikabide edo sare sozial desberdinetatik jaso ditugu lehenago. Gutxitan, gutxiegitan,garaiz eta iturri ofizialetatik. Honek egunerokotasunean alerta egoeran egotera eraman gaitu haurreskoletako langile bezala, haurreskoletako sostengu, oinarri eta sustrai diren haurren familiei lasaitasuna, informazioa, laguntasuna eta konfiantza transmititunahian, entzuten den zurrumurru hori iturri ofizialetatik behin betiko berri bezala noiz etorriko zain. Sarritan «komunikabideetan esan dutena bakarrik dakit» esan beharrean ere aurkitu gara.

Partzuergora hainbat bider hezitzaileok haurreskola desberdinetatik haurraren itzuleraren gaineko usteen araberako zalantzak argitzeko argibideak eskatu ditugu eta erantzunak denboran gehiegi luzatuak izan dira gehienetan. Maiatzaren 25ean, ostirala 12:30ean mezu bat jaso genuen haurreskoletan, Hezkuntza Sailak ez duela aurreikusten haurrak irailera arte haurreskoletara itzuliko direnik esanaz. Zenbait haurreskoletatik idatzi formal bat eskatu zen familientzat honen berri emango zuena eta maiatzaren 26an, astelehena, oharra jaso genuen. Ohar horretan haurreskoletako aurrez aurreko asistentzia eta hezkuntza zerbitzua ez dela iraila arte berriro hasiko zehazten zen. Berau, familiei helarazi genien eta honekin batera haurreskola bakoitza haurren agurrerako lanketan hasi ginen: ebaluaketak, bilerak, ekainaren 9tik aurrera segurtasuna bermatuz azken agurrak planifikatzen, hitzorduak zehazten...

Ekainaren 5ean, ostirala, eguerdiko 13:30ean azken berria etaaurrekoa baliogabetzen zuena, iritsi zitzaigun haurreskoletara. Bertan, honako hau irakur zitekeelarik oharraren zati batean:

«Astelehenean bertan sartuko gara 3. fasean eta beraz, alarma egoera bertan behera uzteko eskuduntza izango du gure erkidegoak. Testuinguru horretan, irailera itxaron gabe, familien beharrei erantzuteko unea aurreratu daiteke, kontziliazio arazoak dituzten gurasoei lana eta familia uztartzeko aukera zabalduz. Horregatik, guraso askoren eskaerari bide emanez, astelehenetik baliteke haurreskolak familien zerbitzura jarri behar izatea, horixe baita Haurreskola Partzuergoaren xedea. Beraz, eskatu nahi dizut zure haurreskolan izena emanda dauden haurren gurasoen artean galdera luzatzeko, euretako zeintzuk dauden haurreskolen zerbitzu asistentzialaren beharrean, ekainaren 22tik haurreskolak itxi arte. Idatzi bat prestatuko dugu zuek familiei horren berri emateko eta astelehenean jasoko duzue».

Hau horrela izanik eta daiteke, baliteke... hitzak tarteko zirela Zeanuriko haurreskolako hezitzaile eta koordinatzaile bezala familiei ohar ofiziala helarazi ahal izateko astelehenera arte itxarotea erabaki eta hala egin dut. Baina gogorra da guk hezitzaileok, orain arte familien aurrean berri emaile ofizial bakarrak izan garenok, asteburu honetan haurren itzulerari buruzko azken berria prentsa eta komunikabideetan eman dela ikustea. Eta are gogorragoa jakitea familiak azken berri hauen berri haurreskolatik zuzenean izan beharrean komunikabideen bidez izan dutela. Non eta nola geratzen gara hezitzaileok familien aurrean? Orain arte hezitzaileok gardentasuna erakutsi dugu eta aurrerantzean ere hala segitzeko asmoa daukagu; gertutasuna, hurbiltasuna eta konfiantza. Hezitzaileok gara haurren ongizatea helburu, familiekiko harremanetan bertatik bertara profesionaltasunez eta bokazioz lanean ari garenak, egunetik egunera eta egunero, uneoro, aurrez aurre.

Astelehenean (ekainak 8) iritsi da familien artean zabaltzeko mezua. Mezuaren ondoren eguerdiko azken orduan, azken aldian ohikoa den bezala, haurrak haurreskolan hasi ahal izateko aplikatuko diren baldintzen zerrenda hezitzaileontzat azalpen bezala.

Lehendabiziko baldintza: soilik kontziliazio beharrak dituzten familientzat irekiko da zerbitzua. Eta baldintza honekin lehendabiziko eskubide urraketa. Etxetik lanean ari diren familiak ere lanean ari dira hori hasteko.Familia orok hezkuntza zerbitzua berdintasunean jasotzeko eskubidea bai ala bai bermatua izan beharko luke. Bai, kontziliazioa gara, baina zaintzazko heziketa bidez ematen den kontziliazioa, guztientzat, bereizkeriarik gabea. Baldintza honek kezka sakona sortzen dit, ardura, hamabost urteko ibilbidea duen Haurreskolak Partzuergoak gaur egun oraindik haurreskolen egitekoa eta eskaintzen den zerbitzua kontziliazio huts bezala «saltzen» duela ikustean.

Baina bete beharreko beste baldintza batek haserrea eta mina sortu dit. Baldintza horren arabera, hasi ez diren haurrek ere aukera dute zerbitzu hau erabiltzeko eta ez dute egokitzapenik egin beharko. Egokitzapen sasoia ez da protokolo hutsa, ez da epealdi hutsa, ez dira diez egun. Egokitzapena haur orok haurreskolan biziko duen bizi esperientziako lehendabiziko hastapena da. Konfiantzazko harremanaren sortzea da, haurrarekin, familiarekin, hezitzaileekin, haurreskolarekin, herriarekin. Haurrarentzat egoera kritikoa da, atxikimendu eta erreferentziazko irudien aldi baterako desagertzea suposatzen du, hasieran ezezaguna duen heldu batekin lotura afektiboa sortzearen behar ez naturala suposatzen du. Familientzat eta hezitzaileontzat haurra haurreskolan desegituratu gabe geratzea suposatzen du, lotura segurua eraikitzea heldu erreferente «berriarekin». Konfiantza. Bereizketak sortzen duen ezinegonaren aurrean enpatia azaltzea suposatzen du. Ez, egokitzapena ez da protokolo hutsa eta egokitzapena egin behar ez izatea ezin da baldintza edo pribilegio izan haurrak «bote prontoan» haurreskolaratzeko.

Hezitzaileok hasiera batetik ulertu dugu egoera berria eta ezjakintasunezkoa dugula bizitzen ari garen une hau eta testuingurua aldakorra izan daitekeela ere ulertu behar izan dugu. Baina gauza bat testuingurua aldakorra izatea da eta beste bat sakoneko lanketa falta erakutsi eta agerian uzten duen inprobisazioaren dinamika etengabean aurkitzearena da. Eta ondorioz dinamika horren ez borondatezko konplize hezitzaileok bilakatzea era ez zuzen batean. Uste dut hori baino errespetu gehiago merezi dugula. Eta gure egitekoa aitortu eta kontuan hartzekoa dela, azken batean gu baikara guztiaren aurrean onerako nahiz txarrerako aurpegia agerian utzi beharrean aurkitzen garenak. Eta erakutsi dugun edo behar den hori erakutsi, azaldu, defendatu... behar dugunean aurretik lanketa sakona burutzen dugu. Ez gara inprobisazio zaleak, itsu pausuak ematekoak. Oinarri sendoak darabiltzagu eguneroko lanean eta oinarri sendo horiek gutxieneko koordinazio eta errespetua izan behar dute oinarrian.

Ni, horretarako pertsona eta hezitzaile legez, orain arte bezala prest nago eta ederra izango litzateke Haurreskolak Partzuergoak osatzen dugun orok ere noranzko berean, elkarlanean jarraituko bagenu. Proiektu honetan sinesten nuen, sinesten dut eta sinesten jarraituko dut. Hezitzaileon aldeko borondate, inplikazio, bokazio, profesionaltasun eta ekimen faltagatik behintzat, ez da proiektuaren jarraipena amets hutsean geratuko. Eta zer dira ba ametsak elkar banatzen, zaintzen eta lantzen ez badira? Ni amets hau gauzatzen jarraitu eta egi bihurtzeko lanean jarraitzeko prest nago. Eta zuek?

Buscar