Ibai Goñi Irazustabarrena
#StopFosilak

Haustura Fosilista

Ez dakit arau orokor bat izan daitekeen, baina esango nuke, badirela gutxienez bi eredu kontrajarri bizitzako esparru gehienak gidatzen dituztenak: kirola bizitzeko modu osasungarrian ulertzen dutenak ala kirola kontsumitzen dutenak, lan munduan elkartasunez eta eskuzabaltasunez aritzen diren langileak ala ondokoa zapalduz karrera oparoa egiten dutenak, txingurri lanean eta ixilik lanean jo eta ke ari dena ala egunero-egunero kexaka ari den pertsona nekagarria. Noski, eredu hauek ez dira estankoak eta kultura taoistak Yin eta Yang bezala ezagutzen duen ikuskerarekin osatu ditzakegu. Dena ez da zuri, dena ez da beltz. Zuritasunean bada beltza eta beltzean ere bada zuria. Koloreak alegia.

Zesuman nenbilela, ordenagailuko pantailatik burua altxa dut eta telebistako berri lazgarriak asaldatu naute. Berriz ere, dualismoa pantailaren erdi-erdian. Arau internazionalei jaramonik egin gabe sudur puntan sartzen zaiena egiten duten agintariak ala bakea eta errespetua aldarrikatzen dutenak. Petroestatu (matrize energetiko fosila) eta Elektroestatuen (matrize energetiko berriztagarria) arteko borroka mundiala.

Gaia gureratuz, Petronor Muskizen benzenoa modu arriskutsuan isurtzen ari den bitartean, gu ere, matrize energetiko fosila ezin ordezkatu gabiltza. Badira teknologiak, badira enpresak, badira adituak, badira instalatzaileak, badira ikerlariak eta, nagusiki, badira baldintzak. Beraz, zergatik ez diogu lanari ekiten? Batzuk, Nafarroa kasu, bidea egiten ari dira elektroestatu izaerara eraldatzeko, nabardurak-nabardura. Besteak, EAE eta Ipar Euskal Herriaren kasuan borondate politiko eza (EAE) eta eskuduntza mugatuen ondorio negargarriak gidatzen dituzte politika eko-soziala. Adibide lotsagarriena Sabin-Etxeako seme kutunek, Josu Jon Imaz (Repsoleko buruzagi) gidari dutela, mundu mailan jokatzen ari diren faxismo fosilistaren laguntzaile zikin papera. Azoreseko hirukotearen (Aznar, Blair, Bush) argazkia baina gauza nazkagarriagorik ez nuela ikusiko pentsatu dut urte luzez. Eta hara, ezustekoa! Trump eta enpresa fosilista harrapakari baten, Josu Jon Imazen arteko bilerarenak nire espektatiba guztiak gainditu ditu; genozida baten aurrean makurtu eta amen esaten duen esklabu zintzoaren irudi tristea.

Ez dakit mundu honek konponbiderik izango ote duen. Baina konponduko bada, beste eredu bati heldu beharko diogu, azkar bezain tinko. Matrize energetiko fosila berriztagarriekin ordezkatu behar dugu, haustura fosilista bat egin. Eta berandu goaz. Eskala ezberdineko proiektu berriztagarriak, komunitatearen beharretara egongo den planifikazio sektoriala, ahalik eta deshazkunderik haundiena, sare elektrikoaren birmoldaketa sakona, errendimenduen optimizazioa edota sorkuntza elektrikoaren demokratizazioa dira erronka nagusietako batzuk. Guzti horiek eta gehiago beharko ditu eredu berri horrek inboluzio ekologikoa geratu nahi badugu. Norbanakoan pentsatzeari utzi eta komunitate ikuspegia txertatu, NI-a ahaztu eta GU-a berreskuratuz. Ziur nago, baten batek, etorkizunean eskertuko digula.

Buscar