Andoni Olariaga
Filosofoa

Helburu politikoak lortzeko biolentzia erabiltzea ongi ote dago?

Ez gaitezen tronpatu: indarkeria jakin bat errefusatu eta kondenatzeko exijitzen denean, helburua da egungo sistema politikoaren zilegitasuna zalantzan jartzen duen proiektu politikoa deslegitimatzea, zokoratzea eta joko politikotik at uztea.

Errelatoaren lehia eztabaida politikoaren erdigunera etortzen da noizean behin. Izan ere, etorkizunera begira, bakoitzaren proiektu politikoa indartzeko gizartearen aurrean kontsentsu sozial handiena irabazten duen kontakizuna izatea gakoa da. Eta noski, hori bilatzea zilegi da. Bestela da, ordea, errelatoan zinismoa, mediokritatea, demagogia eta jarrera inkisitorialak agertzen badira: helburua, orduan, arerioa zapaldu eta norbere erantzukizunei ihes egitea baita, ez inongo elkarbizitzarako zimendurik ezartzea.

Otsoa ardi larruz jantzi ohi da. Bakearen aldeko jarrera absolutu eta sutsuena dutenak izan ohi dira biolentoenak. Izan ere, biolentzia helburu politikoak lortzeko tresna gisa gaizki dagoela esateko exijitzen da. Zer biolentzia eta zer helburu politiko, ordea? Ongi egon ote zen polizia autonomikoa erabiltzea gazteak atxilotu, torturatu eta mugimendu politiko oso baten kontra egiteko? Ongi ote dago Estatuak erakunde paramilitar bat sustatzea herritarrak erailtzeko? Ongi ote dago kartzeletan jendea hiltzen eta usteltzen uztea? Ongi ote dago beste herrialde batzuentzako armak fabrikatzea? Ongi ote dago torturatzaileak epaitu ordez posizioz igotzea? Ongi ote dago bizitzaren gainetik estatuaren batasuna jartzen duten eta gerrak egiten dituzten armadak izatea? Helburu politikoak lortzeko indarkeria gaizki dagoela adierazten ote dute aurreko adibide guztiek?

Boterea kudeatzen duten politikariak biolentziaren erabileraren monopolioaren jabe dira. Hori aitortu zuen AEBetako presidente ohi Obamak, Bakearen Nobel sariaren diskurtsoan. Indarkeriaren aurrean bere erantzukizuna aitortzen zuen, gerretan murgildua dagoen armadaren buruzagia izanik. Nazioaren batasuna edo defentsa jokoan dagoenean gerra justifikatua dagoela defendatzen zuen: haren hitzetan, bakeak ardura eta sakrifizioa eskatzen ditu; alegia, bakeak gerrak eskatzen ditu. Gutxienez, zintzotasuna aurretik. Eta gurean zer? Espainiar zein frantziar estatuek ez ote dute gerretan esku hartzen? Gerra hauek ez ote dituzte azken ehun urteetan milaka euskal herritar akabatu? Jaurlaritzak ez al du gerra horietarako armen ekoizpena eta salmenta ahalbidetzen? Ina Zeberiori nork sartu zizkion 24 bala gorputzean? (eta nork ez du ondoren erantzukizunik bere gain hartu?). Nork ez ditu hemen eskuak zikinduta? Gutxi batzuk baino ez dira beraiena aitortzeko gai, eta gutxiago erantzukizuna beren gain hartzeko gai.

Izugarrizko memoria tragikoa duen herri batean, gutxienez 100 urtez estatu terrorismoa eta 50 urtez ETA, ehunka hildako, torturatu, hobi komunetan desagertu eta ahaztuta gainezka dauzkan herri batean, biolentzia bakar baten gaitzespena elkarbizitzarako oinarri bihurtu nahi izatea ariketa izugarri arduragabea da, gure herriaren memoria kolektiboaren aurkako iseka larria. Bitartean, indarkeria guztiak, datozen lekutik datozelako kondena egitea, beste gabe, lerdokeria hutsa da; biharko euria eta gaurko gripea kondenatzea bezalakoa. Oso erosoa da, norberak eragindako biolentzien erantzukizunari muzin egitea ahalbidetzen duelako, erretorika merke baten aterkipean. Biolentziak ez dira kondenatzen: gizartean biolentzia egotea posible egiten duten baldintza politiko, kultural, sozial eta moralak aldatzen saiatzea izan behar du politikariak helburu, bere erantzukizunei muzin egin gabe, egin dituenak aitortuz eta bere gain hartuz.

Ez gaitezen tronpatu: indarkeria jakin bat errefusatu eta kondenatzeko exijitzen denean, helburua da egungo sistema politikoaren zilegitasuna zalantzan jartzen duen proiektu politikoa deslegitimatzea, zokoratzea eta joko politikotik at uztea. Ezker independentistak biolentziaren kondenaren erretorikan ez sartzeak balio bikoitza dauka: batetik, erretorika manikeo batean parte hartzeari uzten dio, eta bestetik, indarkeria oro desagerrarazteko proposamen politikoak egitea aldeztuz, politika, hizki larriz, jartzen da balioan. Aldiz, kontrakoa bilatzen da kondenarekin: ez arrazoitu, kondenatu; ez eman esplikazio politikorik, kondenatu; ez saiatu konponbide politikoak aurkezten, legea onartu, kondenatu eta isilik egon. Eta gogoan izan behar genuke hau: biolentzia bat ez kondenatzea ez da harekin ados egotea. Botereak exijitutako terminoetan biolentzia bat ez kondenatzea, gatazkaren ikuspegi integrala kontuan hartu eta soluzio politikoen aldeko posizioa hartzea da.

Hori ahaztu, eta gure artean norbaitek tentaziorik izan dezake, (inposatutako) kontsentsuaren izenean, jendearen aurrean kredibilitatea eta botoak (batez ere botoak) irabazteko norberaren iragana kondenatzea estrategia egokia izan daitekeela pentsatzeko. Hala izango da, botoak irabazteko; baina helburua ez da hori, ez bada borroka kulturalak irabaztea eta herri honek merezi duen memoria kritiko eta oso bat josten joatea. Politikariak politika egiteko baitaude, ez erretorika manikeo eta zurikeria ariketak.

Bukatzeko, beraz: helburu politikoak lortzeko biolentzia erabiltzea ongi ote dago? Ez dirudi oso gaizki egon denik, Estatuak, Jaurlaritzak eta sankristo guztiak erabili baitu bere helburu politikoetarako. Eta nire galdera, beraz, zera da: erantzun ote diezaioke norbaitek koherenteki eta bere burua lotsagorritu gabe, herri honetan, galdera horri? Lezio etikorik emateko posizioan ote dago inor hemen? Bizitza printzipio goren izatea kontsideratzeko, tamalez, bide luzea dugu egiteko: Estatuko egitura guztietatik hasi, poliziak, tortura eta indarkeria mota guztiak ahalbidetu dituzten epaileak, familiak kale gorrian uzten dituzten banketxeak barne, eta gizarteko azken herritarrarenganaino onartutako printzipioa izan dadin. Zer egingo dugu, gaurko eta etorkizuneko gizartean, pertsonen aurkako indarkeria inork erabiltzea zilegi hartu ez dezan? Horretarako, abiapuntu ona izan daiteke bakoitzaren kontakizuna egitean norberak egin eta egin ez dituenak kontuan hartu eta kontakizun zintzo bat eraikitzeko oinarriak jartzen hastea. Zer egingo dugu, gizarte bezala, aurrera begira, Euskal Herrian proiektu politiko guztiak zilegi eta egingarriak izan eta elkarbizitza kultural, generozko, linguistiko, sozial eta morala eraikitzeko? Hori da kolektiboki erantzun beharreko galdera.

Buscar