Iñaki Altuna
GAUR8

Herri prozesua galarazteko ahalegina

ETAko Txiki eta Otaegi eta FRAPeko hiru militante hil zituen frankismoak azken hatsean. Oraintxe izan berri dugu urteurrena. Harrezkeroztik Gudari Eguntzat hartu dute data ezkerreko independentistek. Euskal Herrian erabateko kontrakotasuna zuen erregimenak «indarrez» erantzun nahi izan zion erraietaraino sartua zuen ahuldadeari, herritarren artean benetako indarra zuen gauza bakarra askatasun gosea baitzen.

Espainiako Gobernuak bortxaz erantzun du berriro ere, biolentzia baizik ez baitu oraintxe helduleku. Bere proiektuak porrot egin du; ez du ez sinesgarritasunik ez zilegitasunik. Eta Euskal Herrian egitura daitekeen prozesuaren beldur da. Herriraren kontrako operazioaren aurretik, ezker abertzaleko eragile eta bozeramaile ezberdinek herri prozesuaren mezua zabaldu zuten. Horixe galarazi nahi du, eta horregatik gatazkaren ondorioen konponbideari ere uko egin dio. Badakielako orduan prozesuaren garapen politikoa azkartu egingo litzatekeela. Edo beste modu batean esanda: Estatuaren ustez, konponbidearen gaineko prozedura batek, xumea izanda ere, sezesioa indartuko luke. Berarentzat ez dago ez bi erreirik, ez gatazkaren ondorioen eta arrazoien arteko banaketarik, ez eskubideen aitortzaren eta proiektu politikoen arteko bereizketarik... Dena gauza bera da.

Gobernuaren oldarraldia ez dago hilzorian dagoen «erakunde terrorista» bat behin betiko akabatzeko ikuspuntutik eginda. Hortik hainbeste kontraesan: ETA ez da existitu ere egiten, baina bere tentakulu bat gai da 100.000 pertsonako manifestazioak antolatzeko. Egitasmo sakonagoa du, amaieran kontrola ezingo lukeen Euskal Herriko prozesua galaraztea. Horregatik ez dio aldebiko elkarrizketari ekin eta horregatik, orain, mugimendu independentistak, beste bidaide batzuk lagun, indartu nahi duen aldebakarreko ibilbidea gripatu nahi du, kosta ahala kosta. Otegik esan bezala, Kataluniaren ondotik bigarren fronte hori zabal ez dadin.

Eta horretarako inboluziora ere jo du. Aurreko hamarkadako ilegalizazioen zikloaren ondorioak oraindik ere pairatzen ari diren honetan (bi makroepaiketa hasiko dira egun gutxi barru Madrilen), Herriraren kontrako operazioak eskubide urraketa luzatu baizik ez du egiten, prozedura penal berri bat ireki eta beste batzuk ere etor daitezkeela iragartzen baitu. Moldea «leundu»-edo egin dute (torturari eta kartzelari dagokionez). Egoera labainkorra da beraientzat ere, euskal herritarren haserrea eta nazioarteko zenbait begiraleren harridura areagotzen ari baitira. Egia da, nahiz eta Estatuaren ahulezia politikoa bistakoa izan, erasoak amorrua ez ezik, beldurra ere eragin duela. Itxaropena itotzea baino gauza izugarriagorik ez baitago. Eraldaketako baldintza objektiboak izan badiren honetan, baldintza subjektiboak kaltetzera etorri da Estatua, etsipena erro dadin. Halere, ezin da Euskal Herrian izandako bilakaera ahaztu. Orain dela 40 urte baino gehiago, Eustakio Mendizabal Txikia berak, «eta gero, zer?» galderari, «gero, borrokan hil» erantzun zion; konbentzimenduz, iluntasunaren erdi-erdian egonda. Gaur, euskal independentistek borroka eginez bizitzeko aukera dute. Indar metaketa eta herri aktibazioa dira gakoak.

Euskal Herriko barne egoera, beraz, kontuan hartzeko faktore nagusia da; akordio, aliantza eta ekimen partekatuak indartzea bada erronka nagusia. Testuinguru horretan, EAJren jokabidea aldagai garrantzitsua da. Bistan da ez dagoela eroso. Ez du uste katalanek azkenean urratsa egingo dutenik, edo, agian, ez du egiterik nahi, bere burua behartuta ikusiko lukeelako. Horregatik, Alderdi Egunean, bromuroa bota zion tropari Ortuzarrek. Euskal Herrian «hirugarren bidea» irudikatu nahi du, eta, horretarako, Estatuaren beste muturrean ezker abertzalea kokatu behar du, ustezko erdiko eremu hori zabaltzeko. Beste garai batzuetako mezuak eta jokabideak berpiztu behar baditu ere. Ezker abertzaleak ez lioke mesede egin behar lehengo eskemekin erantzunez.

Egoera politikoa eta abiarazitako prozesua dekantatu beharko dira, eta aldaketa politiko zein sozial sakonak nahi dituztenen aldera jo ahal izateko herri borondatea biltzea baino beste biderik ez dago.

Buscar