Heziberri: atzerapausoa euskararen normalizazioan
Paulo Freirek honakoa zioen: «Hezkuntza-proiektu oro da politikoa eta ideologiaz blai dago. Kontua da jakitea zeinek eraikitzen duen, zeren eta zeinen kontra, sekula hezkuntzatik bereiz ez dagoen politika hori».
Zentzu horretan, bistan da Heziberrik Lomce-ren ildo berberei jarraitzen diela (Heziberri: euskal hezkuntza sistema berregituratzeko proiektua, EAJk abian jarria). Ildo horiek PISAk, bankuek, ELGAk (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea) markatzen dituzte eta hainbat aldiz salatutako ondorioak ekarriko dizkiote gure hezkuntza-sistemari: ekitate gutxiago, zerbitzuen pribatizatzea, doktrinatze ideologikoa, ranking ezberdinak, irakaskuntzaren merkantilizazioa, lan-baldintzen okertzea… Ordea, agian ez da hain ezaguna Heziberriren hizkuntza-proposamen berriak euskarari kalte egiten diola.
Hizkuntzak nola jorratu izan da aspaldi luzean gure hezkuntza-sistemaren alderdi arantzatsuenetako bat. Gaur egungo Hezkuntza Sailak dekretu bidez itxi nahi du, behin betiko, akordio politikorik gabe eta hezkuntza-komunitatearekin adostu gabe. Izan ere, hezkuntza alorrean dabiltzanek garbi utzi dute gaur egungo ereduen sistema gainditu nahi dutela eta euskararen irakaskuntza bermatu nahi dutela ikasle guzti-guztientzat.
Orain arte EAEko Hezkuntza Sailak ez zion sekula hain modu zuzenean uko egin aukera-berdintasunari eta hizkuntzaren normalizazioa egonkortzeari. Hala Euskal Eskola Publikoaren Legeak nola Euskararen Normalizaziorako Legeak ikasle guztientzako irteera-profil berbera bermatzen zuten (nahiz eta gobernuek ez dioten jaramon handirik egin arau horri). Egia da Oioneko haur batentzat lazkaotar batentzat baino zailagoa izango dela helburu den euskara-gaitasuna lortzea. Horrexegatik, administrazioak baliabide gehiago eman beharko lizkieke egoera zailagoa duten eskolei.
Denborak eta esperientziak erakutsi digute, ordea, justu kontrakoa gertatu dela: gobernuek, temati, gehiago eman diete gehiago zeukatenei, eta eskola asko estigmatizatu dituzte, beste batzuen mesedetan. Errealitate ageriko hori denek ezagutzen dute, eta euskara dauka erdi-erdian.
Heziberri 2020k proposatzen du eskolek lorpen-adierazle ezberdinak baliatzea (hizkuntza-gaitasunaren hainbat maila), beren ingurune soziolinguistikoaren arabera. Azken batean lurraldea zonaka banatzeko kontzeptuaren egokitze bat baino ez da hori, hain zuzen, Nafarroan indarrean den eredua eta ondorio oso kaskarrak izaten ari dena. Heziberriren hizkuntza-proposamena aurrera begirako ihesaldi bat da, aukera-berdintasunari uko egite bat, eskola asko estigmatizatzeko behin betiko bultzada (publikoak gehienak) eta atzerapauso bat euskararen normalizazio-prozesuan.
Bestalde, ingelesa nahieran ikasteko aukera aurkezten du proiektuak. Orain esaten dute eskola bakoitzak erabaki ahal izango duela zenbat ikasgai egingo dituen ingelesez. Bistan denez, proposamen horren harira, euskara eztabaidaren erdigunean izango da berriro ere, eta galtzaile suertatuko da. Behiala geure hizkuntza ikasgeletara eramateko erreparoak izan zituzten eskola horiek guztiek bidea libre izango dute orain, dagoeneko atzean utzitako hizkuntza-planteamenduak berriro ezartzeko.
Hizkuntzei buruzko proposamen hori orain dela zenbait urte bildu zen honako dokumentu honetan: “Euskal gizartearen zerbitzurako aldaketa demokratikoaren oinarriak”. PPk eta PSEk sinatu zuten dokumentu hori, Patxi Lopez lehendakari bihurtzeko. Zera zioen, hitzez hitz: «(…) esleituko dira hizkuntza eskakizunak, zonalde bakoitzeko administrazioekiko harremanetan hizkuntzen benetako erabileraren arabera (…)». Ez da, hortaz, proposamen berritzaile bat. Berria da, ordea, hezkuntza eremuko eragileak, sindikatuak eta eragile politikoak ez direla proiektuaren ondorioez jabetzen ari. Steilasek behin baino gehiagotan adierazi du kontu horrekin oso kezkatuta dagoela.
Harrigarria da bere burua abertzaletzat duen alderdi batek horrelako printzipioak onartzea; izan ere, arriskuan jarriko dute euskara-erabileraren normalizazioan lortutako guztia, hori asko edo gutxi izan. Baina larria da, era berean, euskaltzaleen munduak eta herriaren hizkuntza-eskubideak berma daitezen borrokan dabiltzanek gaiari ez erreparatzea, eztabaida ez eskatzea edo bertan parte ez hartzea, eta administrazioari konturik ez eskatzea.
Onartezina da hitzarmendun eskolei egonkortasun ekonomikoa emango dien Hezkuntza Lege bat lortzeko helburua dela-eta (dela Kristau Eskolei, dela sare pribatuko ikastolei) Heziberriren kasuan beste nonbaitera begiratzea.