Hezkuntza berriro mahai gainean

Gure artean herritarren eskutik jaiotzen ari diren ekimen ugarik gordetzen du publikotasunaren zentzua: autogestionatua, kooperatiban, auzolanean, plazan, asanblada irekian, hitz-ematean, elkartean, herri-hezitzaileetan, lagunartean, isonomian, herriko festen ereduan, era komunitarioan, elkarrekin fidatzean... guztia lerrokatzen da publikotasun esparruan. Tradizio luze horrek lagunduko digu euskal eskola publiko berri eta benetako bat definitzeko orduan.

03/12/2018

Segregazioa-integrazioa eta publiko-pribatu kontzeptuek hartu dute zentralitatea gaur egun, hezkuntzari dagokionez. Beste batzuk ere izan zitezkeen: murgiltze sistema orokortzea, balio hezitzaileen transmisioa, herri identitatearen garapena, pedagogia aktiboen garapena...

Segregazioari buruz jarrera guztiak egoera gainditzearen aldeko agertzen dira. Denok gara kontziente nonbait, gaurko segregazioa biharko arazo bihurtzen dela, eta hori ez du inork nahi.

Ez dago horrelako adostasunik beste bikotearekin. Azpimarratzen den ideia kontrakoa da: ez dago konponbiderik, «publikoa» daukagun publikoa da eta beste guztia pribatua. Pribatuek subentzioak nahi badituzte publifikatu daitezela. Ez dago erdi-biderik. Publiko eta «bakarra», azpimarratzen da.

Gauzak, ordea, ez dira horrela. Publikoa kontzeptuak hiru esanahi gutxienez gordebiltzen ditu: guztiona edo kolektiboaren interes orokorrekoa behar du izan; baita ere agerikoa, gardena, ez sekretuan edo itzaletik gestionatua, kontuak eta erabakiak garbi jarriaz denen aurrean; azkenik, irekia izan behar du, guztien parte-hartzea ahalbidetuz inor alboratu gabe.

Hiru esparruak betetzen direnean esan daiteke zerbitzu bat publikoa dela. Hirurak, ez bat edo bi bakarrik.

Publikotasunaren funts edo erro horrek garrantzia osoa hartzen du eztabaidatzerakoan. «Publiko» kontzeptua mehetzearen mehetzeaz «administrazio baten ardurapeko» denari, edo «diru publikoz gestionatzen» denari esaten zaio sarritan. Baina azken definizio hauek urrun dabiltza publikotasunaren jatorrizko esanahitik.

Administrazio zentralaren ardurapeko hainbat egitura, jo dezagun Donostiako Gobernu Militarra, publikoa da gobernu baten ardurapeko eta sos publikoz mantentzen delako, baina aurretik definitu ditugun publikotasunaren hiru zigiluak falta ditu: ez da ez guztion interesak gordetzeko moldatua, ez da gardena, eta ez da irekia ere.
 
Lasai asko esan daiteke Gobernu Militarren kasuan instituzio publiko hori euskaldunontzat pribatu dela, estatu arrotz batek bere interes estatalen alde behartzen digun tresna bat.

Gure herriari begira, konparatu diru publikoz mantentzen diren telebistak eta irratiak batetik, eta euskal komunikabide batzuk, adibidez, "Argia" edo "Berria". Zalantzan jarri daiteke batzuk eta besteak egiten duten zerbitzu publikoaren aldeko lan-maila, nahiz eta propietate aldetik administrazioenak izan batzuk eta besteak ez. Edo AEK ez da zerbitzu publiko bat administrazioarena ez delako?

Hezkuntzaren kasuan, politikoek legez definitu zuten 1993an, zein izango zen eskola publikoa Euskal Herrian. Ondorioz, ikastolak pribatuak direla pentsatzen dute batzuk. Justu publikotasunaren baldintzak nahiko egoki betetzen duenari deitzen zaio pribatu. Herritarrek (publikoak, «populus»-ak) eraiki zituzten ikastolei, gardentasun zabal batekin gestionatzen diren ikastolei eta ateak mundu guztiari ireki nahi dizkion ikastolari. Azken hau lortzeko, ordea, zailtasun bat du ikastolak. Izan ere, administrazioaren aldetik ikastola guztiz aitortua izan ez denez, ez du finantzazio nahikorik jasotzen doakotasuna eskaintzeko. Aitorpen horrek, asko lagun lezake herrietan gainontzeko ikastetxeekin batera elkarrekin planifikatzeko eredu berri bat lortzeko bidean. Publikotasuna egunero ureztatu behar den landarea izanik.

Gure artean herritarren eskutik jaiotzen ari diren ekimen ugarik gordetzen du publikotasunaren zentzua: autogestionatua, kooperatiban, auzolanean, plazan, asanblada irekian, hitz-ematean, elkartean, herri-hezitzaileetan, lagunartean, isonomian, herriko festen ereduan, era komunitarioan, elkarrekin fidatzean... guztia lerrokatzen da publikotasun esparruan. Tradizio luze horrek lagunduko digu euskal eskola publiko berri eta benetako bat definitzeko orduan.

Aldeko datorren olatua da baita ere Europan publikotasunaren izaera zentzu zibil eta sozial baten zerbitzura dagoenari ematea.

Euskal Herria aurrera atera nahi dugun guztien beharra izango du herri honek arnasa hartzeko etorkizunean. Ez dezagun harririk jaurti gure etxeko sabaiari.

Artículos
Sabino Cuadra Lasarte
13/12/2018
Josu Naberan
13/12/2018
Rafa Puelles Mugica
13/12/2018
Imanol Esnaola
12/12/2018
Cartas
Antón Altamirano y Pilar Corraleño | Delegadas de ESK Emergencias
13/12/2018
Javier Orcajada del Castillo | Bilbo
13/12/2018
Fermin Zabaltza Aleman | Administrazioan Euskaraz Taldea
13/12/2018
José Manzaneda | Asociación Euskadi-Cuba
12/12/2018