Carolina Saez de Albeniz
Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko ingeles departamentuburua, eskolako beste lau departamentuburuen izenean

Hezkuntzako kontseilari Carlos Gimeno jaunari

Azterketak eginarazten tematua zaude. Kosta ahala kosta. Baita horrek, ariketak mila maneratan egokituz, proben kalitatea hondatzea ekarriko badu ere

Nafarroako Hezkuntza Departamentuko kontseilari Gimeno jauna:

Nafarroako Hizkuntza Eskoletako irakasle naiz, funtzionario publikoa alegia, eta arretaz irakurri dut Diario de Noticias egunkarian 2020ko maiatzaren 17an argitaraturiko elkarrizketa. Hamalau galdera dira, era haietarik bi zuzenean dagozkie Hizkuntza Eskola Ofizialei. Harrituta ikusi dut zure erantzunek ez dutela beti datu zehatzekin bat egiten,  aise frogatzen ahal den bezala. Harrigarria da zure postu politikoan dagoen gizon batek informazio hoberik ez izatea.

Azter ditzagun kontuak banan-banan. Hasteko, ikasle gehienek azterketa zertifikatiboak egin nahi dituztela diozu. Ona litzateke inkesta hori zentroekin konpartitzea. Igandean, elkarrizketa argitaratu zen egunean, artean ez zen akitua ikasleek probak egin nahi dituzten ala ez erabakitzeko duten epea. Beraz, zaila da zuk datu horiek larunbatean izatea, hau da, naski elkarrizketa egin zizuten egunean.

Bigarrenik, zentro pribatuek, zuk kontrakoa adierazi arren, ez dute 2020ko ekainean azterketarik egin behar. Okerreko informazioa helarazi dizute, erraz egiaztatzen ahal den bezala. Betiere ez bazara Cambridge, Goethe edo DELF zentroek egiten dituzten azterketez ari; bertze erakunde pribatuez ari bazara, zein diren jakin nahi nuke, aipatutako hirurak aski garrantzitsuak baitira, eta horiek ez badira zuk gogoan dituzunak, ez zait bururatzen zein izan daitezkeen. Mintza zaitez argi, Gimeno jauna; bertzenaz, pentsatu beharko genuke iritzi publikoan eragitea zenuela helburu adierazpen horiekin.

Egin dezagun aitzinerat. Inoiz, berriz diot, inoiz ez ditugu gure ikasleen eskubideak zapaldu nahi izan. Aitzitik, gure asmoa beti izan da probak egin daitezela gure ikasleen segurtasuna bermatzen duen testuinguru batean. Horregatik, proben ohiko deialdia irailera artio gibelatzea proposatu genuen, eta,  ez-ohikoa, heldu den ikasturteko lehen hiruhilekora. Bistan da, hortaz, inork ez duela inoren eskubiderik ukatu nahi. Ez da hori gure asmoa eta ez da sekulan gure asmoa izan. Hizkuntza Eskoletako irakasleok, hezkuntzako bertze mailetako irakasleak bezala, bokazioz gara irakasle. Ikasleen formazioa eta ongizatea dira gure kezka nagusiak.

Elkarrizketan diozu «lanean hasi beharko dugula». Uste izatekoa da «hasi» horrekin ez zarela irakasleez eta martxoaren 13az geroztik egin dugun lanaz ari: online irakaskuntzara ziztuan egokitu behar izan dugu, gure ikasleei lagundu egin diegu trantsizio horretan, eta ezin konta ahala ordu eman ditugu klaseak prestatzen eta bideokonferentziak egiten. Horri guziari gehitu behar zaio zure Departamentuko jarraibideak ailegatu ahala egin, desegin eta berriz egin behar izan dugun lan burokratikoa. Ez dizut gogorarazi behar kargu publikoa zarela, eta mezua inportantea dela, forma bezain.  

Azterketak eginarazten tematua zaude. Kosta ahala kosta. Baita horrek, ariketak mila maneratan egokituz, proben kalitatea hondatzea ekarriko badu ere. Baita, kopuruak arintze aldera, azterketarik ez egitea hautatzen duten ikasleei heldu den urteko matrikula doan eskaintzen ari bazaie ere. Baita ahozko proba telematikoek inolako kontrolik izanen ez badute ere. Bada, bai, egin eginen ditugu. Egunak dira amore eman dugula errealitatearen aitzinean. Diozunez, «protokoloa oso konpletoa da; segur aski ez da perfektua, zalantzak sortuko dira aurreikusi ez ditugun egoeretan». Jakin nahi nuke protokolo hori Nafarroako Hizkuntza Eskoletako probetarako berariazko protokoloa ote den, guk oraindik jaso ez duguna alegia, edo gelak egurasteko, eskuak garbitzeko eta musuaurrekoa janzteko agintzen duen protokoloa ote den. Galdegiten dut zeren, bigarrena balitz, ez litzateke anitz bereiziko guziok gure eguneroko bizimoduan aplikatzen ditugun oinarrizko neurrietarik.

Gaur, maiatzak 19, bakarrik EAEn eta Murtzian dira probak ekainean egitekoak. Katalunian ez dute aurten zertifikazio probarik egin behar. Gainerako erkidego autonomoei dagokienez, badakigu Madrilen, Galizian eta Kanariar Uharteetan ez dutela oraindik erabakirik hartu, baina Gaztela-Leonen, Gaztela-Mantxan, Andaluzian, Asturiasen, Kantabrian, Ceutan, Melillan eta Valentziako Erkidegoan azterketak irailera artio atzeratu dituzte. Gauden testuinguru ezegonkor honetan, aukera zuhurrena iduritzen zitzaigun. Ez dugu lortu. Guk, gure arduraren jakitun garen eta zerbitzu publikoa betetzeko bokazio sendoa dugun funtzionario hauek zalantza ugari pizten dizkiguten aginduak bete beharko ditugu. Agindu horiek, baina, ezin dira justifikatu zehatzak ez diren datuekin.

Asaldagarriena hau da: elkarrizketako hamalau galderetarik, gutun honetan biri baizik ez zaiela erreferentzia egiten.

Adeitasunez,

Buscar