Ikastolen Elkarteko lehendakaria
Hiru erronka, hiru aukera

Guk publikotasuna ez diogu titulartasunari lotzen, baizik eta komunitatearen logikari. Gizarte beharrei herriak erantzuten die. Azken finean, komunitateen logikatik datozen balioak instituzionalizatzean datza kooperatibismoa. Demokrazia sozialaren ikuspegi berritua dakarte kooperatibek.

18/07/2019

Iragan astelehenean, egun beteko jarduna izan genuen UEUren aurtengo ikastaroen baitan, ikastolon izaera kooperatiboaz hausnartu eta etorkizuneko erronken/aukeren gainean gogoeta egiteko. Artikulu honetan ezinezkoa da guztia laburbiltzea, baina hiru puntu azpimarratu nahiko nituzke han jasotakoa hona ekartzeko.

Publikotasun berri bat. “Ikastolak eta kooperatibismoa: publikotasun berri baten bila” izenburua zuen UEUk antolatutako jardunaldiak. Publikotasun eredu berri bat ari gara aldarrikatzen ikastolak azken urte luzeetan, eta publikotasunaren definizio berri bat nahi dugu euskal hezkuntza sistemarentzako. Publikoa-pribatua edota estatua-merkatua dikotomiatik at, badago hirugarren bide bat, Euskal Herrian alor askotatik jorratu dena, horietako bat ikastolek, administrazioak bermatzen ez dituen alorretan komunitateak landu duena, herri ekimenez: proiektu komunitarioak. Horregatik, guk publikotasuna ez diogu titulartasunari lotzen, baizik eta komunitatearen logikari. Gizarte beharrei herriak erantzuten die. Azken finean, komunitateen logikatik datozen balioak instituzionalizatzean datza kooperatibismoa. Demokrazia sozialaren ikuspegi berritua dakarte kooperatibek. Horrelako mugimenduok gizartea beste era batera antolatzeko ezinbesteko baldintza gara. Horrela, hezkuntza zerbitzu publikoaren kudeaketaren inguruko planteamendu berritua, planteatzen ari garena, ezin da hondar-aukera edo koiunturala izan, baizik eta gizarte zerbitzuen kudeaketa era berriak, deszentralizatuago, berritzaileago eta eraginkorragoak, ahalbidetuko dituen aukera bezala, sektore eta aktore berriak erabakien eremu publikoan sarraraziko dituena; horrekin, komunitate logikan oinarritutako mugimenduok bihar-etziko ongizatearen diseinu arrazionalago baten erdigunean lekua aurkitu behar dugu. Espazio hori merezi dugula uste dugu, eta horregatik eskatzen dugu legezko aitortza. Uste dugu, gainera, hezkuntzari gagozkiolarik, sistema osoarentzat onuragarria litzatekeela, ez soilik ikastolentzat.

Parte-hartzea. Kooperatiba gara ikastolak. Ez da formula juridiko hutsa, helburu bat adierazten du: benetako partaidetza lortzea, ikastolen erabaki organoetan hezkuntza komunitateko partaideek –titulartasuna gurasoena soilik edo guraso eta langileena izan– elkarrekin har ditzaten erabakiak. Horretarako nahi dugu titulartasuna; ikastetxearen erabaki nagusiak hezkuntza komunitatearen esku egoteko: hezkuntza proiektua definitzea, barne antolaketa zehaztea, baliabideen kudeaketaz erabakitzea edota langileriaren kontratazioa batzorde parekideen bitartez egitea. Proiektuaren ardura gurea delako. Partaidetza sozialean oinarrituriko erakunde kooperatiboak izanik, titularren/bazkideen partaidetza zuzena, formazioa, norberaren interesen adierazpena eta kudeaketarako eraginkortasuna zaindu eta bermatu behar ditugu ikastola kooperatiba bakoitzean. Ez da eginkizun makala garaiotan. Baina, era berean, gurasoek euren seme-alaben hezkuntzarekiko duten ardura eta interesa oso handia da. Formulak bilatu eta garatu behar dira, beraz, parte-hartze hori bermatzeko eta sendotzeko, aukera desberdinak, malguak, erakargarriak eskainiz. Erronka da, baina aukera ere bai guztien parte hartze zuzena, atxikimendua eta elkarlana sendotzeko.

Interkooperatibismoa. Ikastolok hezkuntza dugu ardatz. Baina ez gara soilik ikastetxeak; gizarte mugimenduaren nortasuna izan dugu hasieratik. Eta izaera komunitarioa duten beste erakunde batzuekin elkarlanean aritu gara eta ari gara, hezkuntza gaietan eta hezkuntza gaiez harago. Azken finean, interkooperazioa ere aspaldi dago gure izaeran. Kontua da, benetako eraldaketa nahi badugu, eta kooperatiben helburu nagusietako bat da hori, xede bera dugun guztion arteko elkarlana funtsezkoa izateaz gainera, hura lehenetsi behar dugun gure egunerokoan; hau da, bai elkarlan proiektuetarako kideak nahiz gure zerbitzu eta produktu hornitzaileak ere kooperatibak izatea lehenetsi behar dugun. Esan beharrik ez dago horrek zer erronka dakarkigun, baina, era berean, zenbat aukera irekitzen dituen, ikastolentzat bezala, ikastola horiek txertatuta dauden herrientzat.

Hiru ideia hauek azpimarratu eta gero, aurreratu nahi dizuet ikastolok gogoeta prozesu bati ekin diogula, bai gai hauen inguruan, eta baita beste zenbaiten inguruan ere (hezkuntza, euskara, integrazioa…). Gogoeta prozesu hau Ikastolen VII. Biltzarraren baitan egingo dugu. UEUren jardunaldia, beraz, baliotsua egin zaigu gogoeta prozesu honen abiaburuaren hitzaurre gisa.

Artículos
Jokin Revilla González y Usua Zuluaga Martin
16/12/2019
Víctor Manuel Egia Astibia
16/12/2019
Joseba Garmendia
15/12/2019
Germán García Marroquín
15/12/2019
Cartas
Joseba Ortega Jungitu - Bilbo
16/12/2019
Manu Ballesteros
16/12/2019
Juan José Dapousa Garma - Bilbo
13/12/2019