Jexux Larrañaga Arriola
Gizarte Antropologia Doktorea

Identitate bizigarria: Euskal Agoraren bilgunea

Zygmunt Baumanek dioskunez, identitate aztergaiaren ikerketan ezin albora liteke haren bi muturrak, menpekotasuna eta askatasunaren artean kokatzen ari direla egungo gizarte bizitzan. Bauman-ek dioenaren araberan, Agora, ‘egia’ muin bat azalera zekartzan leku-gertakaria bihurtzen da maiz bizitzan, biziera komunitarioaren dentsitate gune baten islada.

‘Egia’ mota hori, komunitate presentzia-aren bitartekaritzak bermatzen duenean, gertaerazko egia bihurtzen da. Halaber, kultur sorkuntzaren eredua, bi printzipioei jarraiki baieztatu ahal izango dugu Agoran: lehenik, gertatu egiten den «egitate» bat aurkezten du kultura bideetara, eta bigarrenik, gizartean ematen diren harreman prozesuen ardatzean sortzen da. Horrela bada, txapelketaren gailurrak aurkezten duen sorgune kulturala (Agora), helburuari eta ekintzari dagokionean, gizarte kulturalean betetzen duen funtzioaren baitan ulertzen da kulturan.

Alabaina, egungo identitatearen kontzeptualizazioan, giza izaeraren atxikimendu moldea ez da behin betiko kategoria irmoa. Are gutxiago esentzia bat. Ezin esan identitatea eta izaera ulertzeko moduan euskalduntasuna norberaren baitan lo edo hilzorian zetzan izaera esentziala zenik, bai dakigunez izaera izatean baino ez datzala, alegia, norberaren ardura bihurtzen da talde kulturalaren ortzi-mugan. Egun, identitate globalen garaietan, gizabanakoaren loturak higatu egin dira, aro garaikide postmodernoaren ondorioa da hori. Halere, norbanakoak ematen dituen urratsak eta hartzen dituen erabakiak, erabakigarriak zaizkio norbere erabakimenean eta taldearekiko loturan egiten duen bide komunitarioaren agerbide izateraino. Horren araberan identitatea ez da jomuga edo iritsi beharreko leku finkoa izango, identitatea, zeregina bihurtzen zaigu. Bizitza osorako gaurko zeregin. Baina zeregin honen lehendabiziko urratsa da nor kulturalaren norabidea berrelikatzea, norbere erroa sakonduz atzera bildu eta berriz aurrera begira jartzeko bidean metatutako balioa. Identitate bizigarriaren  norabide ardatza da.

Gizarte likidotu eta fluxuen garaian, norberak konektibitate handiagoa lortze aldera, bere burua irudika lezake Agoran mila formetan, gizarte garaikidearen bizi baldintza da norbere irudi errepresentazionala eraikitzea. Bilgune mitikotzat jo dugun Agoran gerta liteke hori, norberaren erabakimena eta ardura bihurtu denean esparruen bereizmena, bereizmen hori, norbanako eta taldeko ahalduntzetik ekoitzi beharrekoa bihurtzen da, norberetzat jotako esparruaren balio kolektiboa da. Izan ere, norbere hitza ekoizteko erabakimena duen giza taldeak, ekoizten duen bere irudiaren lorratza izan nahi duenerantz begira jartzeko ahalmena du.  Berrelikadura hori, norberaren eremu propioaren ahalduntzetik baino ezin liteke bermatu. Agora, Nor kulturalaren sentiera subjektiboa bermatzen duen esparru beregainaren aitortza da.

Egungo identitate ekoizpenaren logikak erakusten du norbanakoak eta taldeak puzzlegilearen logika darabilkiela. Claude Levi-Straussek esango zukeenez, duenarekin praktikatu behar du identitateak. Euskal Agoraren kultur bidearen logika zentrala, estetika baten baitan uler liteke ondoen. ‘Gu’ baten irudia estetizatzen duen harreman mota baten  proposamena. Eta aldiberean harremana biziberritzeko ahaltasuna. Esparru kulturalaren identitate logikak,  molde eraikitzailea eta erlazionalak gidatzen du. Iraganetik barnebildu duen ‘zentzu lur’ bati jarrai dakio. Hizkuntza bati darion sorkuntzaren harreman igurtziaren balioa da. Agoraren begirada diakronikoak jatorritik zekartzan transzendentzia euskaltzalea eta linguistikoa, egungo kultura bidearen zumitza izaten berdin darrain. Identitate eraikitzailea, muinari darion sorkuntzatik garatzen du, hots: hizkuntzaren baliotik. Egungo Agora, posizio-hartze estrategikoaren eremu propioaren ahalduntze tokia baldin bada, uler liteke pertsonen arteko fluxuaren konektibitatea norberarentzat jotzen den eremutik aldarrikatzea. Euskal identitatea, identitate ez menpekoaren kontaera harilkatzen duen narratiba antropologikoa Agoran ekoizteko.

Agorak azaleratzen duen subjektibotasun kulturala, etengabeko eraldaketa prozesu-alean saretzen den harremanezko izaeran ulertzen dugu. Bere izaera prozesuala eraberritzen doan neurri berean bultza egiten du aurrerantz. Agorak duen izateko bokazioa edo sen kulturala da hori. Agoraren kokapen estetikoa, sistema ireki bati begira dago, hortik eratortzen da duen izaera soziala. Agoraren eraikuntza sozialak sistema irekiaren subjektibotasun era azaleratzen baldin badu, gizabanakoaren eta taldearen arteko harreman ehuna joan etorriko bidea dela erakusten digu. Subjektu estetikoaren atxikimendua, izaera kulturalaren ardatzean kokatzen da. Alabaina, Agorak azaleratzen duen subjektibotasun kulturala ezin da egitura sendoko behin betiko finkapen bat izan, esentzia bat alajaina. Agorak azaleratzen duen subjektibotasuna, duen jariotasunean ekoizten da ondoen. Zentzu esperientziapean hartzen duen jabegoaren balioan. Agoraren aitortza, duen biziera gaitasunean iragartzen du, bizi-indar gaitasuna da. Agoraren ekoizpen kulturala,  identitate askatzailea eta  ez menpekoaren kontakizunetik harilkatzen dugu, Agoraren hautemapen estetikoak bereganatu duen subjektibotasun era da.

Subjektu lehiakor, arrazional, bakarzalea eta isolatuaren kontrapuntuan, poshazkundearen aro garaikideak ezarritako subjektu deslokatuari, ekoizpen era berria kontrajartzen zaio Agoran. Subjektu eraikitzailea, pragmatikoa, inklusiboa eta ongi errotuaren norabidean bultzaka dator. Agoraren ‘egia’ metaforikoak erakusten diguna da, lehiaz haratago, Euskal Agoraren bilgunea kooperazioaren aurpegia baino ez dela. Gizarte lehiaren borroka sinbolikoan, proposamen kultural eta estetiko beregaina egiten duen kultur adierazbidea. Jendarte baten harreman ehunaren ekoizpena, bizikidetza, elkarlana eta garapen nahietatik  sortzen diharduen komunikazio prozesu kulturalaren islada. Alajaina, behin galdutako hitzaren berreskurapenerantz ‘elkarrekin’ emandako denbora. Komunitate ekoizpenaren denbora.

Buscar