Igor, izar internazionalista
Igor Urrutikoetxea joan egin zaigu. Eta bere martxak hutsune franko utzi egin ditu, ez soilik lagun eta burkide ginenon bihotzetan, internazionalismo eta herrien arteko elkartasunaren zeruan ere.
Esan daiteke, Igor internazionalista izateko jaioa zela. Gaztetatik beste latitudeetako mapetan barrena ibilia, imajinazioa eta irakurketaren bitartez, baina baita motxila harturik ere. Eta beti, beste herriekiko jakin-mina, errespetua eta bertatik sortzen den elkartasun sentimendua. Gure Euskal Herritik mundura; mundutik gure Euskal Herrira; borrokan den herri batetik borrokan dihardu beste herrira batera. Horixe Igorren urte luzetako joan-etorrien iparrorratza.
Askapenaren eskutik hainbat aldiz brigadista eta beti laguntzaile, bultzatzaile amorratua. Beti zorrotz kritika egiteko orduan, fundamentuzko militanteen eskolakoa. Eta beti deitua zen lekuan presente, hutsik egin gabe, eskuzabal. Igorrek beti eraman du Askapena bihotzean eta Askapenak zor dio asko Igorri. Azken urteotako lekutik ere, LAB sindikatuan Nazioarteko arduradun bezala, beti begira ea nondik zihoazen Askapena, beti internazionalismoa lantzen, elikatzen, herri honen borroka eta etorkizunerako ardatz.
Izan ere, LABen sartu momentutik, ikusezinezko tintan idatzita zegoen nonbait nazioarteko idazkaritzara helduko zela. Toki ezberdinetan lan sindikala burutu bitartean, beti internazionalismoa buruan, bihotzean eta oinetan. Ze Igor pertsona praktikoa izan da beti; praktikoa eta burugogor. Beraz, diskurtsoan aldarrikatzen zena errealitatean gauzatu beharreko kontua zela eraman zuen praktikara beti: brigadista modua, bere ‘oporretako’ bidaietan, edota sindikatuaren izenean joandakoetan.
Lan eskerga burutu zuena sindikatuaren barruan. Temati, iraunkor, behin eta berriro aldarrikatuz internazionalismoak jokatu beharreko papera estrategikoa herri honen askapen prozesuan. Eta beti maisutasunez uztartuz ikuspegi internazionalista eta eginbehar diplomatikoak nazioarteko harremanen munduan. Horra hor gure ‘Urrutiren’ abilezia!
Igor Urrutikoetxea lagundu digu ulertzen zer den internazionalista izatea. Eta internazionalista zelako herri honen borrokan inplikaturik zegoen goitik-behera, buru-belarri. Igorrek ulertzen zuen internazionalismoa posible den modu bakarrean: herri propioan inplikaziotik abiatuta. Bestela ez da internazionalismoa, ‘egongelako’ sasi-elkartasuna baizik.
Oraingo bidaiak hutsune handia utziko digu. Baina izarren antzera, fisikorik desagertu eta gero, denbora luzean jarraitzen dugu euren argia ikusten. Zurea ez dugu ahaztuko, Igor.