Koldo Tellitu
Ikastolen Elkarteko lehendakaria

Ikasturtea errepikatu beharrik ez izateko

Amaitu berri dugu ikasturtea, eta ezin balantzerik egin gure hezkuntza sistema gidatu beharko lukeen arau markoari buruz ikasturte osoan izan dugun ziurgabetasuna azpimarratu gabe, ikasturte amaiera honetan sakondu egin baita ziurgabetasun hori, eta, egungo testuinguruan, babesik gabe gaudela agerian uzten baitu.

Lomce indarrean jarri den ikasturtean, lortu dugu hura egin zutenek marraztutako bidetik urrun egotea gure herrian, gure ikasgeletara iritsi behar ez zuela argi zeukaten hezkuntza eragileen ausardiari esker eta gizartearen aktibazioari esker. Egia da, Lomce, egun, impassean dagoela, eta aukerak badirela lege hori bertan behera uzteko edota haren artikulu gatazkatsuenak ezabatzeko. Baina, tamalez, Lomcek jarraitzen du markatzen hezkuntza eragileen agendak eta alderdien eta erakundeenak hezkuntza gaietan. Ondorioz, ez da sakondu hezkuntza sistema propioa eraikitzeko eztabaidan, eta ez da urratsik egin EAErako hezkuntza arautzeko legeari begira; eta, gainera, egitasmo horiek gelditu egin dira.

Ikastolok ez gaude horretarako prest. Lomceri erantzuten jardun beharreko agertokitik hezkuntza marko propioa eraikitzeko agertokira igarotzeko garaia badela uste dugu. Hau da, Madriletik ezartzen diguten markoa gainditu eta gure hezkuntza sistema propioa definitzen hasteko unea da; eta sistema propio hori arau egiteko ordua, alderdi politikoen indar korrelazioek ahalbidetzen duten lurraldeetan. Gainera, uste dugu, premiazkoa izateaz gainera, aukera ere badugula horri ekiteko. Ikastolok prest gaude prozesu hori partekatu, hitzartu eta bultzatzeko; ziur aski beste eragile batzuk ere bai.

Horregatik deitoratzen dugu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikasturtea amaitu aurretik ez aurkeztu izana hezkuntza legeari buruzko oinarrien zirriborrorik, ezta hura eztabaidatzeko prozesuari buruzko kronogramarik ere, ikasturte honetan birritan iragarri duen arren. Agerian geratu da bereak diren proposamenak aurrera ateratzeko determinaziorik eza; ez dezagun ahaztu euskal hezkuntzaren legerantz urratsak egitea bere Heziberri 2020 plangintzaren hirugarren fasea dela. Ikasgai hori, irailean –horrela izango ahal da!– gainditzeko geratu zaio Jaurlaritzari. Era berean, harriduraz ikusi dugu atzerapen horrek ez dituela asaldatu hezkuntza eragile eta alderdiak; gaia oharkabean igaro dela ematen du.

Izan ere, oraindik ez diegu heldu gure hezkuntza sistemaren oinarri izan beharko luketen funtsezko gaiei. Badirudi ados gaudela egungo hizkuntza ereduen markoa gainditu beharraz, euskara ardatz duen eleaniztasuna bultzatu nahi badugu. Baina hori soilik hezkuntza lege batekin egin daiteke. Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren gaineko eztabaidari ere heldu beharko diogu. Geure buruari eman nahi diogun curriculuma ere eztabaidatu behar dugu. Hezkuntza sistemaren funtzionamendu ekitatiboagoa bermatuko duen finantzaketari ere heldu beharko diogu…

Bai, badakigu zailtasunak egongo direla, bereziki gure sistemarentzako nahi dugun Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren eredua zehazteko orduan, baina ez gaude prest Lomceren balizko derogazio batek beste atzerapen mugagabe bat eragiten uzteko gure hezkuntza sistema propioa eraikitzeko orduan. Aitzitik, gai hauek guztiak lehenbailehen eztabaidatu behar ditugu.

Ezin dugu ahaztu, bestalde, Euskal Herriko ikastetxeek emaitza onak lortzen eta errekonozimendua jasotzen jarrai dezaten nahi badugu, gobernuek hezkuntzari bideratzen dizkioten inbertsioek eta baliabideen optimizazioek urrats bat aurrera egin beharko dutela. Baina, tamalez, aukeren berdintasuna, gizarte kohesioa eta ikasle guzti-guztien hobekuntza helburu dituen hezkuntza sistema bat lortzeko gako diren esparruetara zuzendutako inbertsioak behin eta berriro murrizten ari direla ikusten ari gara. Horregatik, dei egiten dugu joera hori iraultzera eta hezkuntza inbertsioa behar eta merezi duen mailara eramatera, Euskal Herri osoan eta sektore guztietan. Ikastolok ere behar ditugu planifikazioa eta finantzaketa, maila guztietan ditugun premiei erantzuteko.

Eta zer esan Iparraldeko ikastolek murgiltze eredua aurrera eraman dezaten behar duten laguntzaz? Euskal Herriko lurralde horretan euskarazko hezkuntza normalizatzeko eredua, aurtengo baxoaren azterketen emaitzetan zein eraginkor den berretsi duen eredu hori bera aurrera ateratzeko batere erraztasunik ematen ez duen testuinguru politikoan, zer laguntza jasotzen dute ikastolek? Murritza da, oso urria, azken urteetan hutsaren hurrengoa; erakundeek eta alderdiek publikoki ikastolei egiten dieten aitorpen eta elkartasun adierazpenetatik oso urrun geratzen da jasotzen duten laguntza. Eta azpimarratzen jarraitu behar dugu Seaskako ikastolek erakunde guztien laguntzaren premia daukatela, gure ikasleen alde eta Iparraldeko hezkuntza eragileentzat erreferente izateko egiten ari diren lan itzelaren neurriko laguntzaren premia, hain zuzen ere.

Aldaketa politiko esanguratsua gertatu da, bestalde, Nafarroan. Itxaropen handia piztu du aldaketa honek, eta ikastolok ere partekatzen dugu itxaropen hori. Hizkuntza eta hezkuntza politikan aldaketak espero ditugulako; onerako.

Ez dira txantxetarako, beraz, irailari begira ditugun erronkak, ikasturtea errepikatu nahi ez bada. Hezkuntzan herri gisa lanean hasteko garaia dugu: lehen esan bezala, gure hezkuntza sistema propioa arau egiteko ordua da, alderdi politikoen indar korrelazioek ahalbidetzen duten lurraldeetan.

Buscar