Joseba Alvarez
Inputatua

Inboluzioaren epaiketak

Estatu espainola, proiektu politiko gisa, porrot historikoa izan da hasiera-hasieratik, iraultza frantsesak zabalduriko estatu modernoen sorrerarako oinarrizko baldintzak ez baitira sekula bertan eman: benetako iraultza industriala eta estatu ikuspegia zuen burgesia nazional espainol indartsu baten sorrera, besteak beste...

Gauzak horrela, Estatu espainola etengabeko krisialdian murgilduta egon den proiektu politikoa izan da eta denboran aurrera egin badu, askotan diktadura militarren menpe egon delako izan da. Egoera hori dela medio, katalanek, galiziarrek eta euskaldunok ez dugu proiektu politiko horren partaide borondatez izateko gogorik sekula izan eta egun Estatu espainoleko (eta frantseseko) partaide bagara, indarrez inposatu zaigulako izan da eta, batez ere, bertatik atera eta libre izateko bideak indarrez eta legez ukatu zaizkigulako. Herri honen eskubide zibil eta politikoen ukapenean datza bizi dugun gatazka politikoaren oinarria eta baita datorren urritik aurrera Entzutegi Nazionalean emango diren euskal herritar eta erakundeen aurkako epaiketa guztien funtsa ere.

Baina hasieran aipatu dugun Estatu espainolaren etengabeko krisialdi hori areagotu egin da sistema kapitalistak mundu mailan eragin duen azken krisi sistemikoak, bereziki ekonomikoak, bultzatuta. Egungo egoera hori hain da txarra, non Kataluniako herriak independentziaren bideari eutsi baitio, CiU bera bide horretara eramanez, larunbatean Barçaren estadioko indar erakusketa lekuko. Gertakari horrek alarma gorri guztiak piztu ditu Estatu espainolean, euskal gatazka historikoari Kataluniakoa gehitzen zaiolako, Estatuaren berezko krisialdi ekonomiko erraldoiaz eta ustelkeria neurrigabeaz gain... Estatu espainolarentzat okerrena da Nazioarteko Diru Funtsak, Europako Banku Zentralak eta Komisio Europarrak, hau da, ‘Troika’k, krisialdia gainditzen lagundu beharrean, gero eta neurri ekonomiko bortitzagoak inposatzen dizkiola, Estatu espainoleko langileen, herri sektoreen eta estaturik gabeko nazioen kalterako. Horregatik guztiarengatik, Estatu espainola amildegiaren aurrean dago eta, hori ikusirik, bertako botereek gero eta egoera larriago horren aurrean, inboluziora jotzea erabaki dute.

Duela gutxi Zarzuelan elkartu ziren trantsizio espainolak azken hamarkadatan izan dituen arduradun politiko nagusi guztiak, hau da, Juan Carlos Erregea, Felipe Gonzalez, Jose Luis Zapatero, Jose Maria Aznar eta Mariano Rajoy... Bilera ondoren argazkia ere publiko egin zuten behar bezala zabal zedin. Esan beharrik ez dago, ez zirela elefanteen ehizari buruz hausnartzeko bildu, Estatuak bizi duen krisialdia dela medio Estatu botereek ezarritako inboluzio prozesuaren aurrean batera nola jokatu erabakitzeko baizik. Izan ere, datorren udazkenetik aurrera, makro epaiketak emango diren garai berean neurri politiko eta ekonomiko gogorrak martxan jartzen hasiko baitira, hala nola, pentsioen erreforma, tokiko administrazioaren erreforma, LOMCEren egitasmoa, Parot Doktrina eta kartzela politikaren areagotzea, Konstituzio Epaitegiaren erabaki berzentralizatzaile berriak, krisialdi ekonomikoak eragingo duen borroka sozialetan atxilotuen aurkako zigorrak ... Inboluzio horrek guztiak kalean sortuko duen erantzunaren aurrean, Estatu espainoleko bi indar politiko nagusiak elkarrekin arituko direla ziurtatu dute Zarzuelako bileran. Horrekin batera, Kataluniako zein Euskal Herriko gatazka politikoen aurrean ukazioan oinarrituriko proposamenean bateraturik jokatuko dutela ere adostu dute. Ezker abertzale galiziar, katalan eta euskaldunen proposamenei ez ezik, burgesia nazionalen ordezkariak diren Masen eta Urkulluren egitasmo ‘berritzaileei’ ere (herri kontsultari Katalunyan 2014an, Urkulluren 2015erako Plana EAEn) eta, nola ez, Aldaketari Nafarroan eta Gatazkaren Konponbiderako egitasmoei Euskal Herrian ateak itxiko dizkiete. Laburbilduz, krisialdiaz baliatu dira Estatuko botereak, maila politikoan, ekonomikoan zein territorialean emango den inboluzioaren aurrean indar politiko eta ekonomiko espainola nagusiak bateginik aritzeko, hori baita beraien ustez Estatu espainola salbatzeko bide bakarra, historikoki eman izan diren golpe militarrentzako tokirik ez baitago hauteskundeen atarian eta krisian dagoen ‘Europar Batasunean’. Makro epaiketa hauek, beraz, ez ditugu indartsu dagoen Estatu espainolaren ofentsiba politikoaren klabean ulertu behar, erabat ahuldurik dagoen eta porrot egin duen Estatuaren jokabide politiko defentsibo nagusi moduan baizik. Urtetan izan duten jokabide antidemokratikoa bide judizial usteletik legitimatzeko asmoz eginiko maniobra politikoa da. Baina oker-oker dabiltza, ez diegu arrazoirik emango. Gezurra badirudi ere, ez dute oraindik ikasi errepresioa eta inboluzio politikoa ez direla konponbide bideak.

Jokabide antzu horren erakusle dira azken garai hauetan ikusi ditugun Guardia Zibilaren atxiloketak Gipuzkoan, Miarritzeko iheslarien atxiloketak, espetxe politikaren gogortzea, mobilizazioen debekuak... eta orain epaiketak. Ez dira gertakari berriak, baina egungo egoera politikoan garrantzi berezia hartzen dute eraso hauek guztiek. Begi bistakoa dena zera da, Euskal Herrian zabaltzen ari den eskenatoki politiko berriaren atarian Euskal Herri osoko dozenaka herrietako 250 euskal herritarretik gora arrazoi politikoengatik epaitzea eta guztientzako 500 urtetik gorako kartzela zigorra eskatzea, ez duela gure herrian inork ez ulertzen, ezta onartzen ere. Are gutxiago, zigor horiek inboluzio politikoaren erdian kokatzen badira eta Estatu mailako protesta soziala ezkutatzeko erabiltzen direnean. Horregatik, Aieteko Gailurraren eta ETAren borroka armatuaren amaieraren bigarren urteurrenean Madrilen hasiko diren bi makro epaiketa politikoek zabalduko dutena, Euskal Herriaren oinarrizko eskubide zibil eta politikoen zein egoera politiko berriaren aurkako Estatu erasotzat jo behar dugu. Egia da epaiketek izen eta izaera ezberdina dutela, baina aniztasun hori aitortuz eta aprobetxatuz, politikoki modu bateratuan jokatu behar dugu, epaien aurrean Euskal Herria zigortutako herri gisa azalduz eta herri erantzunari lehentasuna emanez. Hori izango da operazio politiko hori baldintzatzeko eta etorkizunean gainditzeko bide bakarra.

Era berean, argi izan behar dugu horrelako epaiketa ziklo luzeak ez duela inondik ere Ezker Abertzalearen jarduera zein iniziatiba politikoa baldintzatu behar, eta horixe gertatuko litzateke, Estatuaren operazio errepresibo erraldoi honen aurrean, behar den kokapen politiko egokirik gabe gure lana erantzuna artikulatzera mugatuko bagenu eta gainerako lan ildoak alboratuko bagenitu. Horregatik, gure erantzun dinamika guztiak Euskal Herriari dagokion marko demokratikoaren eta gatazkaren konponbidearen aldeko jarduera eta iniziatiba politikoan txertatu behar ditugu, lan ildo honetan ere indarrak metatuz eta estatuaren aurrean ahalik eta sektore zabalenak artikulatuz, herriz herri eta baita nazio mailan ere. Euskal Herriaren erantzuna eta konpromisoa bideratu behar ditugu maila instituzionalean, politikoan, sozialean zein pertsonalean, eta beti forma eta eduki anitzak errespetatuz, beldurrik gabe jokatuz, gure artean eta jendartean konpromiso maila ezberdinak daudela ulertuz.

Baina Estatuaren operazio hau erabat defentsiboa bada, gureak ofentsiba politikoaren neurria izan behar du, hau da, Euskal Herriaren eta Estatuaren arteko konfrontazio parametro berrietan kokatu behar dugu epaiketa ziklo honen aurreko iniziatiba politikoa. Euskal Herrian zabaltzen ari garen fase politiko berriaren ezaugarriak horixe eskatzen du. Ez gaude epaiketa batzuen aurrean, inboluzio politikoaren funtsezko operazio politikoaren atarian baizik. Hori da logika eta hausnarketa politikoak adierazten diguna eta errealitate politiko horri begiratu eta tamainako erantzuna eman behar diogu.

Urtetako lanaren ondoren, euskal lurraldea erein dugu eta loratzeko prest dago. Une honetan norbanako eta kolektibo ugarien elkartasuna ez ezik, konpromisoa lortzeko aukera ere erreala da. ‘Eleak’ mugimenduak lagunduta, asko dira desobedientzia zibila, intsumisioa edota borrokarako forma berrien bidez han eta hemen indartzen ari diren ekimenak. Horren lekuko dira, besteak beste, gure lurralde luze zabalean ezagutu ditugun mobilizazio ezberdinak, formetan anitzak, zabalak, koloretsuak, transbertsalak eta oso parte hartzaileak, behetik eta ezkerretik eraikitakoak, baina edukietan argiak: eskubide zibil eta politikoen aldarrikapena eta epaiketa gehiagorik ez! Herri honetan gogo eta konpromiso nahikoa badagoela adierazten du horrek, formetan asmatzen dugun heinean. Hori da herriz herriz, Sumarioz Sumario, Euskal Herri osoan sakondu behar dugun askatasun demokratikoen inguruko lan ildoetako bat.

Garbi dago Euskal Herria eta euskal jendartea prest dagoela konfrontazio demokratikoen parametroetan jarrera desobedienteen inguruko konpromiso berriak hartzeko, hala nola, betiko mobilizazioetan eta diru biltze kanpainetan parte hartzeaz gain, Askeguneetan eta Herri Harresietan parte hartzeko, modu ez biolentoekin poliziari aurre egiteko, atxilotu nahi dituztenak babesteko eta baita etxeetako ateak zabaltzeko ere, Aurore Martinen kasuan ikusi den moduan... Mila formatan, elkartasunetik konpromisorako urratsa ematen ikasi behar dugu guztiok, bakoitzak bere mailan, baina guztion urratsa izan behar du. Datozen bi urtetarako Estatuak zabaldu duen epaiketen fase politiko luze honetan hori ikasten badugu, porrot egingo dute. Izan ere, epaiketa hauek ez ditugu Entzutegi Nazionalean irabaziko, Euskal Herrian eta euskal jendartearen baitan baizik. Ekin diezaiogun irudimenez lanari, Estatuaren politika higatu eta aldatu arte. Gure esku dago.

Buscar