Josu Iraeta
Idazlea

Indarren ordez, konpromisoa helburu etikoarekin

Kontuan izanda azken hamarkada luze hauetan gertatutakoa, eta guretzat beti etorkizuna guztiz zaila izango dela, polita da ezker abertzalearen proiektuari modu batera edo bestera bizirik eustea lortu duten horien guztien leialtasuna, indarra, zintzotasuna, sakrifizioa eta eskuzabaltasuna, ikustea eta dastatzea.

Hamaika aldiz entzun genion Santi Brouard zenari; aurrera egitekotan, atzera begiratzea komenigarria da, zirkuluari biraka, ditugun indarrak alferrik xahutu gabe. Santik esandakoari helduz, politikagintzan, badira gaur –beti izan dira– Winston Churchill bezalako pertsonaiak idatzitako oroitzapenak «kristau ikasbide» bezala gaurkotu eta erabiltzen saiatzen direnak. Nik beste ingeles batek, Michel Oakeshott filosofoak, esandakoa nahiago.

Filosofo honek zioen, politika, zentzurik zabalenean eta oinarrizkoenean, bizimodu bat babestea dela. Atzerago begiratuz, esan dezakegu, greziarrak ohartu zirela politikak –gaur egun Europan ezagutzen den moduan–, gatazkak konpontzeko edo bideratzeko, ekintza kolektiborako ematen duen aukeraz. Horretarako, indarren ordez konpromisoa baliatuz. Konpromisoa helburu etikoarekin; guztien ongizatea, alegia.

Horregatik, Mendebaldeko tradizio politikorako, Estatua sortu zen arte, eta baita Frantziako Iraultza arte ere, politika etikaren parte zen. Ekintza politikoak «ethos»-a babesten zuen; hau da, erlijioak, tradizioek, erabilerek eta ohiturek zehaztutako eta haiek zaintzeko bizimodu kolektiboa.

Beraz, printzipioz, politika jarduera askea da, guztioi irekia. Horrekin daude lotuta askatasun politikoaren eta autogobernuaren ideiak.

Baina aspalditik dago jarduera politikoa Estatuak monopolizatuta. Horrek askatasun politikoa baldintzatzen du, baita autogobernua suntsitu ere. Egiazki, haren (Estatuaren) ezaugarrietako bat jarduera politikoa monopolizatzea eta bideratzea da. Hau da: ez dago Estatuak baimentzen dituen askatasuna eta jarduera politikoa besterik, eta hark baimentzen duen moduan bakarrik.

Aipatutakoaren froga argi eta garbia gure azalean ari gara bizitzen gaur. Izan ere, nahiz eta alproja batzuek behin eta berriz «normaltasun» itxura emateko saio zinikoak egiten dituzten, ezinezkoa da baieztatzea –gezurrik esan gabe, behintzat– estatu espainiarrean politika jarduera askea dela, benetako askatasun politikoa dagoela, alegia. Gaur Katalunia dute helburu, bihar gu izango gara.

Beharbada errealitate kezkagarri hau da duintasunik ezaren lohian iraulkatzea nahikotzat ez duten politikari batzuen isiltasuna akuilatzen eta ugaltzen duena. Politikari horiek, gainera, haiek zerbitzatzea zin egin duten erakundeen ohorea «salbaziotzat» hartzen dute.

Egoera hori, erreala izateaz gain, tristea ere bada, baina ez bat-batean sortutakoa. Kudeaketa politiko nazkagarri hau, usteltasun hau, indarrean dago, eta indarrean dago gizartea izukaitz dagoelako zikinkeria pertsonalaren eta kolektiboaren aurrean. Oparotasun ekonomikoa besterik markatzen ez duen iparrorratza erabiltzen duen gizartea. Bere printzipio eta ideietan poliki-poliki amore ematen ari den gizartea. Mendetasunaren ukuiluetan plisti-plasta eginda «eroso» sentitzen ikasten ari den gizartea. Hau bai zoritxarra.

Pentsamolde otzanaren eraketan sakondu beharko litzateke. Betiko eztabaidagaia da hori. Arazoak planteatzen ditu, galderak egiten ditu eta, pentsamendu kritikoaren bidez, iritzi politiko-sozialaren eraketa prozesuetan sakontzeko aukera ematen du. Hau da, demokrazia formalaren eta, noizean behin, «sufragio unibertsal» deitzen duten horretan mamitzen dena.

Mendetasunaren aurka borrokatzeko ezagutza dago, eta ezagutzak aktiboa izan behar du beti. Horrek, egia da, lana eskatzen du, jasotzen den informazio guztia susmo txarrean jartzera behartzen duen ahalegina. Izan ere, komunikabideak ez dira neutroak; hori mito hutsa da.

Mendetasunaren aurka borrokatzeko beharrezkoa da ekintzaren eta informazioaren arteko harremana ezagutzea. Herritarren eta gizarte prozesuen arteko bitartekaritza ugaltzearen arrazoia aztertzea. Hezkuntza sistemak eragiten duen ikusmen-analfabetismoa.

Mendetasunaren eta entretenimenduaren arteko elkarreragin zaila. Sentimenduak merkataritza gai bihurtzea. Gehiegizko informazio jarioaren ondorio psikologikoak eta abar.

Tamalez, horrelakoa da egoera eta inork ezin ukatu, baina horiek ez dira gaurdaino ekarri gaituzten arrazoi «guztiak». Oraina serio eta lasai aztertu behar dugu. Azken berrogei urteetan zirkuluan ibiltzera behartu gaituzten faktore guztiak alderatuta. Perimetro gorabeheratsuko zirkuluan, izan ere. Arrakastekin eta porrotekin, baina beti zirkuluan.

«Ganbela» politikoaren osotasunak orain, bere «gaitasunei esker», egoerari buelta ematea lortu dutela ikusita –hor sentitzen baitira eroso eta baloratuta–, hau da, ETAren amaiera eraginda, egoera «betikoa» da, argia eta garbia. Argia bai, baina, jakin badakite –beste askok ongi dakiten bezala–, ETArik ez dagoela baina bere oinordekoek ez dugula inoiz ekuazioa askatzerik onartuko, emaitza zero izango bada, eta hori, praktikan, zirkuluaren erdi geometriko bihurtzen da.

Argi dago, beraz, inposatutako zirkulua dela. Zirkulu gogorra, konplexua eta zaila ere bai. Baina zirkulu horretan egin behar dugu aurrera. Horrek esan nahi du norbere burua defendatzea ez dela nahikoa aurrera egiteko. Eta, hori lortzeko, aldatu egin behar da. Aldatu, zirkulua gainditzeko, hausteko.

Edozein kasutan, eta kontuan izanda azken hamarkada luze hauetan gertatutakoa, eta guretzat beti etorkizuna guztiz zaila izango dela, polita da ezker abertzalearen proiektuari modu batera edo bestera bizirik eustea lortu duten horien guztien leialtasuna, indarra, zintzotasuna, sakrifizioa eta eskuzabaltasuna, ikustea eta dastatzea.

Proiektu hori, batzuek kontrakoa uste arren, ez zen oposizioa egiteko jaio. Ez zen eragiteko edo elkarlanerako «bakarrik» jaio. Kudeatzeko, gobernatzeko eta herriari erantzun zintzoa emateko borondatearekin baizik.

Hor, emandako urratsaren funtsa.

Buscar