Joseba Garmendia
EHUko irakaslea

Industria inbertsioetarako funts publikoak

Azkenekoa Gamesa. Siemensekin egindako fusioaren ondorioz, boterearen kontrola alemaniarrak du, kapital sozialaren %59ren jabe egin baita, eta jendea kaleratzen hasia da. Horrelako gertaerek hauspotuko zuten euskal enpresa esanguratsuen kapital sozialean partaidetza publikoa izateko asmoa, erabaki estrategikoetan eragin ahal izateko helburu esplizituarekin

Urtea Jaurlaritzak CAF enpresaren akzioak erosten hasi zuen. Operazioa kantitate handikoa ez bazen ere, gizarte kapitalaren % 1,24, iritzi ezberdinak sorrarazi ditu akzioen erosketaren beraren inguruan eta Funts Estrategikoa abian jartzeko asmoaren inguruan. Izan ere, iragarritako Funts Estrategikoaren lehen eragiketa gisa publizitatu baita erosketa hau.

Nahiz lehenbiziko balorazio batzuetan erosketa horrek Beasaineko enpresari dagokionez ekarpen substantiborik ez duela egiten adierazi den, begirada luzeago eta sakonagoaz gaiari heltzeko aukera ere eskaintzen du.

Egia da salerosketa Kutxabanken eta Jaurlaritzaren artekoa izanik enpresaren sustraitze maila ez dela hobetzen. Okertu ere ez. Azken finean kapital osoaren %25,58 langileen esku dago eta beste %15,21 inguru Kutxabank, Kutxa Fundazioen eta Jaurlaritzaren esku. Gauzak horrela, ez dirudi arriskurik dagoenik atzerriko enpresa batek CAF irensteko, kapital portzentaje esanguratsua inbertsio txiki eta atomizatuen esku dagoelako eta multinazional bati irensteko zaila gerta dakiokeelako langileek enpresaren parte baten jabe izatea. Enpresa hau, ordea, sektoreko txikienetakoa da: Bombardier kanadarra ia 6 aldiz handiagoa da, Siemens-Alston ia 12 aldiz handiagoa eta CRRC txinatarra 23 aldiz. Erosteko tentazioak hor daude. Baina akziodunen artean erakunde publikoa egoteak sendotu egiten ditu langileen Gizarte Karterak ezartzen dituen deslokalizaziorako zailtasunak (akzio horiek jubilatzerakoan edo enpresa uzterakoan soilik sal daitezke, eta lehentasunez Gizarte Karterari berari).

Egia da Kutxabank CAFen duen pisua murrizten joan dela, %19tik %10 ingurura, eta salmenta horien zati handiena atzerriko funtsei saldu diela. Egia da Europako Banku Zentraletik eta Basilea III izeneko arautegitik gero eta garestiago jartzen ari zaiela bankuei enpresen kapitalen jabegoa izatea, partizipazio horiengatik behartuta baitaude erreserbetan horniketa handiak egitera. Ondorioz, iaztik, Kutxabank desinbertsio prozesu batean murgilduta dago eta beste enpresetan dituen karterak erdira jaisteko asmoa du, hots, 3.150 milioitik 1.500 milioira. Horrek, nahi eta nahi ez, industria politikan eragiteko tresna bat desaktibatzen du.

Euskal enpresa garrantzitsu, estrategiko edo traktoreen jabegoan Gobernuak posizioak hartzearen ideia krisi garaian mamitzen joan den proposamena da. Mendebaldeko Erkidegoko hauteskunde autonomikoetan aurkeztu izan diren programa elektoralei erreparatzen badiegu, Inbertsioetarako Funtsaren sorrera 2016ko hauteskundeetan azaltzen da lehen aldiz esplizitatuta. Bi alderdiek daramate ekimen hau beren programetan, EAJk eta EH Bilduk. EAJren proposamena «herrialdeko enpresa estrategikoetan parte hartzeko eta lurraldean sustraitzen laguntzeko inbestimendu funts bat eratzea» da, 2020ra begira 250 milioi euro bilduko duena parte-hartze publiko eta pribatuen bitartez. EH Bilduk, bestalde, «Industria biziberritzeko plana eta enplegu duina elikatzeko 800 milioi euroko funtsa» sortzeaz hitz egiten zuen.

Gure ingurunean ez dira berriak enpresa pribatuetan partaidetza publikoa bultzatzen dituzten politika ildoak. Hor daude, esaterako, 1985etik funtzionatzen duen Arrisku Kapitalaren Kudeaketa (IKEKS, SA) erakunde publikoa, erkidegoko Arrisku Kapitaleko entitateak barne biltzen dituena. Horien artean, Ezten, Basque, Suztapen, Seed Gipuzkoa eta Lanpar 2013 Funtsak daude eta orotara 85.581.000 euroko partaidetza dute 102 enpresetan, batez ere lehen bietan kontzentratuta. Arrisku Kapitalaren ohiko funtzionamenduari erreparatuta interbentzio publiko honek askotan zorraren forma hartzen du, kapital sozialean parte hartu gabe eta errendimendu finkatu baten trukean. Gainera, inbertsio edo laguntza hauek proiektuaren arabera bideratzen dira eta denboran epe mugatua dute, 5 eta 10 urte bitartekoa. Ez dute iraunkortasun bokaziorik.

Bestalde, 2008an Jaurlaritzak, Autonomia Erkidegoko hiru foru aldundiek eta aurrezki kutxek Ekarpen sozietatea sortu zuten, aktibo nagusiak edo erabaki zentroa Erkidegoan zuten enpresei laguntzeko, jabegoan zuzenean parte hartuz edo akzio bihur daitezkeen partaidetza-maileguen bidez. Diseinuan 150 milioi euroko baliabideak eta 400 milioira iristeko aukera jaso zen. Elkarte honek laguntzen dituen enpresen jabegoan partaidetza zuzena aurreikusten du, baina finantza bazkide gisa eta 6 edo 8 urte arteko epe mugatuan. Bai gorako Arrisku Kapitalen kasuan, bai kasu honetan, burtsan kotizatzen ez duten enpresetan soilik esku hartzen da.

Dena den, eskuragarri dauden txosten ofizialek erakusten dutenez, tresna honek ibilbide laburra eta apala izan du. 2015. urteko txostenaren arabera enpresa bakarraren kapitalean baitzuen partaidetza, 5,5 milioi eurokoa, eta beste zazpi enpresei 90 milioiko mailegua emana baitzien.

Tresna eta praktika hauekin alderatzen badugu, Jaurlaritzak egin berri duen eragiketan berritasun esanguratsuetarako zirrikitua sumatu daiteke. Hiru ataletan: lehenik, burtsan kotizatzen duen enpresa da CAF, eta horrek iradoki dezake ezaugarri hori ez dela muga izango eta enpresa traktore gehiagotan posizioak hartzeko prest egon daitekeela; bigarrenez, enpresaren kapital sozialean parte hartzen du, akzioak erosiz, enpresaren gertaera estrategikoetan eragiteko asmoz, ez laguntzeko bakarrik, baizik eta lurraldearen interesak defendatzeko ere; eta hirugarrenez, ez da planteatzen epe mugatu baterako partaidetza, iraunkorra baizik.  

Filosofia aldaketa baten aurrean egon gaitezke. Erakunde publikoetatik suspertu eta hazi diren enpresa enblematiko batzuekin gertatutakoa ikusita ez da harritzekoa. Azkenekoa Gamesa. Siemensekin egindako fusioaren ondorioz, boterearen kontrola alemaniarrak du, kapital sozialaren %59ren jabe egin baita, eta jendea kaleratzen hasia da. Horrelako gertaerek hauspotuko zuten euskal enpresa esanguratsuen kapital sozialean partaidetza publikoa izateko asmoa, erabaki estrategikoetan eragin ahal izateko helburu esplizituarekin.

Ongietorria helburua hori eta horretarako erabili nahi den formula esandakoa bada. Orain Funtsa bera sortzea falta da, dirudienaren kontra 250 milioiko Funts Estrategiko bezala ezaguna egin dena ez baita existitzen, eta 250 milioiak ez dira lortu. Baina ez gaitezen ezkortasunean katramilatu. Industria politikan egon daitezkeen gabezia, inpotentzia, hutsune, akats, hauspo galera eta inertziak ahaztu gabe, pentsa dezagun gutxienez sektore publikoa industriaren gainean eragina biderkatzera begira jartzen dela, sinesmen ultraliberalak inoperantziagatik baztertzen dituela, estrategia global batean ekintzailetza publikoa eta jarrera proaktiboa indartzen duela eta inposaturiko banku-sistemaren erreformak desaktibatu dituen tresnak berriengatik ordezkatzen hasten dela.

Buscar