EH Bilduko legebiltzarkidea
Inor atzean utziko ez duen hezkuntza eraikitzen ari gara?

Egoera honi guztiari aurre egin nahi zaio benetan? Ala bi abiadurako hezkuntza da helburua, bi abiadurako jendartea eraikitzea? Inor atzean utziko ez duen hezkuntza sistema eraikitzeko abiapuntua ikastetxe guztiak maila berean jartzea litzateke.

16/02/2018

Irakasle lanak alboratuak nituenetik ikastetxeen bizia, egunerokoa, eragile desberdinek helarazitakoa, esandakoa, nolabait gogoratzen nuen. Sentitzen nuen nire azalean. Ez delako berdina irakasle edo ama baten egunerokotasuna. Legegintzaldi honetan Legebiltzarrean EH Bildu taldean hezkuntzako zereginak hartuta, argi geneukan pertsonalki eta baita taldean ere errealitatea bizi, sentitu, gertutik ikusi eta kontrastatu behar genuela. Horregatik, poliki-poliki ikastetxeak bisitatzeari ekin genion. Azkenak, Gasteiz eta Donostian, Bilbotik pasa ostean.

Atera dudan ondorio nagusia: gizarte oso bati dagokion erronka eskolarengan jausi da, batez ere eskola publikoarengan. Erronka jendarte arrakala da, pobrezia da, indarrean dauden politikak herritar asko uzten ari direlako sistematik kanpo. Alderantziz esanda, erronka aukera berdintasuna da, ekitatea. Hezkuntza arloan, sarbidea herritar orori berdintasunean bermatzea da erronka, orain dela hamarkada batzuetan indarrean zegoen eredura ez bueltatzeko. Finean, hori da, atzera egitea, Lomce-k proposatzen duen eredua; alegia, hezkuntza maila sozial eta ekonomiko zehatza duten herritarren eskura jartzea eta gainerakoak eskulan merkea izatera bideratzea.

Nahiago dut erronkaz hitz egitea arazoaz hitz egitea baino. Krisi guztiak aukera gisa ulertzen ditudalako. Baina krisiak ematen dizkigun aukerak aprobetxatzen ez direnean, erronka arazo bilakatzen ari zaigu. Eta, zoritxarrez, une hauetan erronka dagoeneko arazo bilakatua dugu, bereziki hainbat hiriburu eta herritan. Arazo bilakatu dute Jaurlaritzaren politikek.

Ikastetxez ikastetxe egiten ari garen bisitetan ikusten eta frogatzen ari garen bezala, irakasleak izugarrizko ahalegina egiten ari dira aurrean duten aniztasun konplexuari erantzunik egokienak emateko, ikasle bakoitza erdigunean jarriaz. Irakasleen lanaz gain, jendarte laguntzaile, psikologo, itzultzaile edota kudeatzaile lanak egitea tokatzen zaie. Eta gero, gainera, entzun behar izaten dute zein ondo bizi diren! Minimoak ere ez dituzte bermatuta eguneroko lana ateratzeko, hezkuntza proiektua egonkortu eta garatzeko: irakasleen artean ez dago egonkortasunik; aniztasun konplexuari erantzuteko giza baliabide nahikorik ere ez; ratio egokituak eta azpiegitura duinak ere falta dira... Ikastetxe guztiek ez dituzte baliabide berberak behar, ez eta profil bereko ekipoak ere. Zenbat eta aniztasun konplexuagoko ikastetxea orduan eta baliabide gehiago, desberdintasun sozial, ekonomiko, kulturalak orekatzeko. Noski, helburua inklusioa eta gizarte kohesioa baldin bada.

Gizarte arrakalari bestelako faktoreak pilatzen zaizkio. Fokua immigrazioan jartzen da bereziki, baina benetako arazoa pobrezia da. Ondorengo hau esateak baten bat minduko du agian, baina euskal herritarrok, gainerako pertsonak bezala, klasistak ere bagara. Gure seme-alabak zein ikastetxetara eraman erabakitzerakoan mugitzen gaituzten arrazoiak aztertzean, gutariko bakoitza ispilu aurrean jartzen da.

Egia da ikusi ditugun ikastetxe batzuen egoera oso muturrekoa dela. Beste kasu batzuetan, muturrekoa izatera iritsi gabe, ez da batere samurra, auzoko ikastetxeak ez duelako auzoko aniztasuna islatzen. Hau da nahi dugun hezkuntza eredua? Hau da nahi dugun gizarte eredua? Horrela posible da herritar euskaldun eleaniztun eta autonomoak heztea? Dagoeneko hainbat hausnarketa egin dira. Gasteizko Udalak, esaterako, Hezkuntza eta Aniztasunaren Mahaian teorian behintzat adostuak ditu neurri batzuk eragile eta alderdien babesarekin. Badugu nondik hasi.

Galdera da: egoera honi aurre egin nahi zaio benetan? Ala bi abiadurako hezkuntza da helburua, bi abiadurako jendartea eraikitzea? Inor atzean utziko ez duen hezkuntza sistema eraikitzeko abiapuntua ikastetxe guztiak maila berean jartzea litzateke, desabantailan daudenak gainerakoen pare jartzeko hautu politikoa egitea. Hori egiten ez den bitartean ez da sinesgarria Hezkuntza Akordioaz edota paperean guztiok konpartitzen ditugun helburu eta oinarri polit horiez aritzea. Ikastetxeek ez dituzte hitzak behar, ekintzak baizik, eta horrek Lomce eta Heziberriren eredutik aldentzea exijitzen du, gure eredu propio eta burujabeari ekiteko.

Artículos
Dani Saralegi y Nahia Fernandez
11/12/2018
Iulen Lizaso Aldalur
11/12/2018
Antonio Alvarez-Solís
10/12/2018
Cartas
José Luis Úriz Iglesias | Exparlamentario y concejal del PSN-PSOE
11/12/2018
Mari Jose Resa Sagarzazu
10/12/2018
Joxe Ramón Zapirain Larraza | Altzako eta Orbaizetako Mikel Zabaltza Gogoan Herri Ekimenak
07/12/2018
Enric Vivanco Fontquerni | Barcelona
07/12/2018
Últimos posts
Martin Garitano
11/12/2018
Martin Garitano
10/12/2018