Inpotentziaz beteriko oreka faltsuetan
Tunisiako erbestean hil zen Bettino Craxi, Italiako lehen ministro izandakoa. “Fraide aberatsa” deitzen zuten eta izengoitiak hil zuela esan daiteke, politikoki bederen. “Tangentopoli” eskandalua –politika italiarraren ustelkeria sistemikoaren eskema– lehertzean, ustelkeriaren dirua “monasterioak” –hots, alderdi politikoak– finantziatzeko baino “fraideak” –hots, alderdien buruzagiak– aberasteko zela jakin zen, eta hortik zetorkion penitentzia. Bi hamarkada geroago, Rajoy politika espainiarraren fraide bilakatu da.
Barcenas, PPko diruzain multimilionarioaren paperek erakusten dutena larria da. Oso. Alderdiak finantzatzeko ustelkeria ez da ohoregarriagoa edo onargarriagoa, ez horixe, baina PPz ezagutzen ari dena askoz ere larriagoa, ikaragarri zikinagoa da. Diru ustela, Estatuko Buletin Ofizialetik laguntzen diren enpresen dirua zuzen-zuzenean Espainia gobernatzen duen alderdiko gidarien poltsikoetara joan da. Eta ez pasadizo zirkunstantzial bat bezala, modu sistematiko eta antolatuan baizik. Harat-honat gutun-azalak, beti kopuru berekin, erregularki ordainduak, beti jende berdinari. Jendearen aurrean, politika erabiliz, lege eta prozedura administratibo oro saihestuz aberastasun pertsonala bilatzen duen mafia pepero bat bezala ageri da PP. Lehen susmoa bazen ere, ordainketen kopuruak, erregulartasuna eta izenak ezagutzeak jauzi handia suposatu du. Eta erro sakoneko prozesu bat, Espainiaren usteltzearena alegia, azkartu egin du.
Ustelkeria ez da pertsona soil batzuen arazoa. Egungo Espainia, bere eredu ekonomiko eta politikoaren funtzionamendurako funtsezko mekanismoa da. Trantsizioaren ondorengo oinarrizko zutabeetariko baten –PP eta PSOEren duopolio politikoa– hondamenean izan duen eragina begibistakoa da. Orain, transparentziaz hitzetik hortzera arituko dira eta, hala, denbora irabazi, eskandaluak judizializatu eta fariseismo lehiaketa erridikuluak –eta zu gehiago!– antzeztuko dituzte. Alferrik, baina. Soldadura puntuak askatu direlako, Espainiaren eredu politikoaren egonkortasun eta zilegitasunaren makina birrintzailea aspaldi dabilelako martxan.
Bere diruzain delitugilearen ”zintzotasun-krisien” araberakoa dirudi Rajoy-ren etorkizunak. Erregearenak, aldiz, bere suhi delitugilearen araberakoa. Murrizketa eta kontraerreformek ez dute ekonomia salbatzen. Europako langabezia errekorra, zor publiko itzela, bankuak larri-larri, atzerapen ekonomikoaren horizonte sakona... eta honi guzti honi gehitu behar zaion elementua: Katalunia badoa.
Gauzak honela, PP izan ezik gainontzeko indar guztiak –eta ez soilik politikoak– «erreforma konstituzional» berri baten aukeraz mintzo dira. Bakoitzak bere erara ulertzen du, denek ez diote norabide eta sakontasun bera eman nahi, baina Trantsizioaren ereduaren eta bere elite politiko-ekonomikoaren usteltze krisia kudeatu baino erremedio hobea ikusten dute nonbait. Arazoa, baina, txinaurriek egindako zulotxo batek kilometrotako dike baten kolapsoa eragin dezakeela da. Eta orain, zutabe oro pipiak janda egonda, erreforma konstituzional txikienak ere Espainiaren ereduaren kolapsoa azkartu dezake. Inpotentziaz beteriko oreka faltsu hauen argi-itzaletan, Antonio Gramscik aspaldi esan zuen legez, munstroak jaiotzen direla ez litzateke ahaztu behar.
Eta Euskal Herrian, zer? Zer motibo ditu PPk hitz egiteko bere esku duenean inposatzeko aukera? Zertarako mugituko du presoen egoera eta beste, hori egin ostean auziaren mami politikoari aurre egin beharko diola dakienean? Zer du irabazteko? Zer galtzeko? Begi-bistakoa dirudi, dena trabatu, lokaztu eta usteltzea nahi duen PPren zain, esperoan egoterik ez dagoela. Eta horri aurre egiteko, jokoaren onerako jokoa desegin eta nazio gisara handira jokatu behar da.
Etorkizuna beti egunez egun dator. Ez gaitezen engainatu: oso zaila da hain larrigarri eta aldakorra den egunerokoa gobernatzea eta Euskal Herri subirano baten ideiari erliebe osoa emango dion politika uztartzea. Are, barrutik, indar abertzaleen artean etxekalte ari direnak falta ez badira. Baina hori asmatu behar da. Urrutira begiratuz, handira pentsatuz eta jokatuz. Euskal Herrian ze ordu den? Maiuskulazko politikaren ordua, punttu-punttuan.