Zornotzako Elkartasun Sarearen izenean
Instituzioek alde egiten dutenean

Zornotzako Udal Gobernuarengandik Elkartasun Sarean jaso dugun tratua ez da duina ere izan, baina jarrera hau ez da berria. Herriaren kudeaketan ere ikusten da eragina eta horren emaitza da Zornotzan eskubide sozialak ez daudela denontzat bermatuta.

10/07/2020

Zornotzako Elkartasun Sareak covid-19aren ondoriozko konfinamenduaren testuinguruan hasi zuen bere ibilbidea. Ibilbide hori laburra izan bada ere, oso intentsoa izan da. Hasieran, larrialdi egoerak behartuta, asistentzialismoan erori ginen eta egun, horri buelta eman eta komunitate bezala funtzionatzeko lanean ari gara.

Konfinamendua ezarri zenean, bost gazte batu ginen erosketak egitera atera ezin ziren pertsona zaurgarriak eta laguntzeko prest zegoen jendea harremanetan jarriko zituen sare bat sortzeko. Horrez gain, sortu zitezkeen beste behar batzuk identifikatu eta erantzuna emareko antolaru ginen: laguntza ikasketekin, umeen zaintza, lan arloko aholkularitza, larrialdietarako arreta psikologikoa... Boluntarioak behar genituela zabaldu eta segituan, ehun bat pertsona parte hartzeko prest agertu ziren. Egun gutxira, hizkuntza ezberdinetan idatzitako kartel bat zabaldu genuen, laguntza behar zuenari gurekin harremanetan jartzeko aukera ematen ziona. Orduan, jatekoa lortzeko arazoak zituen jendea hasi zitzaigun deika eta guk janaria banatzeari ekin genion. Pertsona horien datuak Gizarte Ekintzako zinegotziari pasatzen genizkion, Zornotzako Udalak banatzen zituen janari-paketeak jaso zitzaten. Norbaiti paketea berandu bidaltzen bazitzaion edo heltzen ez bazitzaion, Gizarte Ekintzako zinegotziarekin jartzen ginen harremanetan, jarraipena eginez. Baina Gizarte Ekintzako zinegotziak, oso lanpetuta zegoela eta harreman hori mantentzea «lio bat» zela argudiatuz, komunikazioa eten zuen. Bitartekari lana egiteari uzteko eskatu zigun baina guk, hori egiteak laguntza eske deitzen zigun jendea babesgabe uztea suposatzen zuela jakinda, ezezkoa eman genion, elkarlanean aritzeko proposatuz, eta berak ez zigun erantzun.

Udalaren jarrera ikusita, gure kabuz lan egiteko hobeto antolatu beharra genuela ikusi genuen, eta gaur egun prozesu horretan jarraitzen dugu. Talde motorean jende gehiago hasi zen lanean, eta dirua batzeko erresistentzia kutxa bat eta elikagaiak eskuratzeko despentsa solidario bat sortu genituen. Jendearen eta hainbat eragileren erantzuna itzela izan zen eta horri esker, une honetan 150 pertsona artatzen ditugu. Alderdi politikoei ere eskatu genien laguntza, baina Zornotzako Udal Gobernua osatzen duten PNV eta PSOErengandik ez dugu erantzunik jaso. Mespretxu hori oso larria iruditu zitzaigun eta horregatik, udalbatzara joan eta aurrez aurre gure egoera azaleratzea erabaki genuen. Ekainaren 26ko udalbatzan jaso genuen erantzuna, nahiz eta espero genuen, ez zen egoeraren larritasunera egokitu: PSOEko zinegotziak erantzunik eza justifikatzeko, emailak euskaraz bakarrik idatzita zeudela eta berak euskaraz ez dakiela adierazi zuen; PNVko alkateak aldiz, bere alderdiaren erantzunik eza justifikatu nahian, Zornotzako PNVrekin harremanetan jartzea eta berarekin harremanetan jartzea gauza bera ez zela esan eta egin genituen hainbat salaketa (herritarroi jaramonik egin ez izana, konpromiso falta...) zalantzan jarri zituen. EH Bilduk eta Podemosek, azaldu genuenarekin bat egin eta laguntzeko prest agertu ziren.

Imaginatzekoa denez, Udal gobernuarengandik jasotako erantzunak ez gintuen batere baretu eta hurrengo egunean, ekainaren 27ko goizeko 12:00etan kontzentrazioa deitu genuen Udaletxe aurreko plazan. Beharrezko baimena baneukagun ere,, pankarta zabaldu bezain laster Ertzaintzaren deia jaso genuen, 12:30etan PNVk leku berean mitina zuela eta kontzentrazioa bertan behera uzteko esanez. Ez dugu kasualitateetan sinisten. Nahiz eta bi ekintzak egitea posible zen, herritarrok espazio publikotik bota gintuzten alderdi politiko jakin baten interes partidistak lehenetsiz.

Honetaz gain, esan beharra dago guk 150 zornotzarri jaten emateko lan egiten genuen bitartean, Zornotzako alkatearen eta Gizarte Ekintzako zinegotziaren hainbat adierazpen lotsagarri irakurri behar izan ditugula, bai hedabide batzuetan eta baita PNVko propagandan ere. Bereziki azpimarragarria da Gizarte Ekintzako zinegotziak esandakoa: «Las vecinas y vecinos de Amorebieta-Etxano han dado una lección de solidaridad que me ha emocionado». Honakoa baieztatu zuen Elkartasun Sareari erantzun ere ez zionean egiten. Alkateak "Deia" eta "El Correo" hedabideetan Udalaren kudeaketa goraipatu du, herritar asko alde batera uzten zituen bitartean.

Zornotzako Udal Gobernuarengandik Elkartasun Sarean jaso dugun tratua ez da duina ere izan, baina jarrera hau ez da berria. Herriaren kudeaketan ere ikusten da eragina eta horren emaitza da Zornotzan eskubide sozialak ez daudela denontzat bermatuta. Hori lortzea da hain zuzen ere gure azken helburua, eta bide horretatik lanean jarraituko dugu.

Horregatik dira garrantzitsuak herritarron sareak, instituzioek alde egiten dutenean, konstante gelditzen direnak baitira. Hau da, askotan instituzioentzako erabiltzaile edo zenbaki hutsak gara, baina gu familia gara.

Herriak bakarrik salba dezake herria!

Artículos
Iñaki Egaña
15/08/2020
Ane Rotaetxe, Idoia Irastorza, Nerea Olaziregi*
15/08/2020
Cosme Naveda
14/08/2020
Alberto Urteaga, Amaia Leranoz, Lydia Almirantearena, Inés García, Jesús García, Verónica Oliver y Elena Vizcay
14/08/2020
Cartas
Edorta Agirre
14/08/2020
Fermin Zabaltza Aleman | Administrazioan Euskaraz Taldea
13/08/2020
Eugenia Etxebeste Fuldain | Hernani
12/08/2020
Juan José Dapousa Garma | Bilbo
12/08/2020