Abeslaria
Iparragirre 1820-2020: Nork jakin lezake txori baten bizitza?

Euskaldunon askatasuna eta Gernikako Arbola, zer-nolako esanahia zuten horiek guztiek. Sasoi haietan foruen etsaiek ez zuten atsedenik hartzen, gogor zebiltzan erasoka

12/08/2020

Gaur, abuztuak 12, Iparragirre jaio zeneko 200 urte betetzen dira. Eta memorian darabilgun bitartean bizirik diraugula diogu, baina, nor zen benetan gizon hau? Bere jaiotegunean, urretxuarra agertzen zaigu: «Bai, ez ahaztu, Jose Mari Iparragirre naiz, ez nauzue oraindik ezagutzen? Uste zenuten gorpu hoztu eta gogortu batean izango nintzala? Ezin da inongo kaxan sugarrik gorde, ezta hazirik bildu ere. Libre jaio denak, libre bizi behar du, eta hain bizirik nago ze beti ibiltaria izan naiz eta hauxe da nik daukadan bakarra, neure gitarra, gogorapenak eta Euskal Herria neure bihotzean».

 «Ama, eskolara noa» halaxe agurtu nuen ama, «soldadu sartu nintzan bost bat urterako, txikitin parian, libre izateko». Hauxe zen gudan kantatzen genuenetariko kantua. Hala ere, ez nuen Bergaran sinatutako hitzarmen edo iruzur baldar hura onartu eta Pariserantz joan nintzen. Hango jendetza artean, herriaren kantari gartsua bihurtu nintzen, garai hartan debekaturik zegoen “Marsellaise” kantua, libertatearen zantzu legez jaso eta kantatu nuen eta Frantziatik kanporatu ninduten.

1848ko iraultza lirikoan parte hartu nuen, zuhaitzen askatasuna goratzen ikusi nuen eta bere adaburuetan ereserki iraultzaileak abestu nituen, frantses iraultzaileek gurtzen zituzten zuhaitz haiek, iradokitzaileak izan baitziren geroan Gernikako Arbolari kantaturiko gorazarrean. Zergatik ez kantatu berarekin askatasunari eta herrien anaitasunei? Hantxe ikasi bainuen, herriak niretzat anaiak direla eta tiranoak etsaiak.

 «Nora zoaz?» galdetu zidan Caroline maiteak. Nora doaz hodeiak? Trumoia dagoen lekura, hara doaz mundu guztiko hodeiak. Eta neure gitarra eta zorroa lagun, eta, maitaleak bihotzean nituelarik, urte luzez Europan zehar ibili nintzen, baina herria nuen beti gogoko eta Euskal Herrira itzultzeko erabakia hartu nuen azkenean.

Neuk ere ez nekien 19 urtez izango nintzela kanpoan. «Hauek dira eskolatik etortzeko orduak seme!». Bada hemen euskal izaeraren aztarna. Eta, ama bisitatu ondoren, Madrileko San Luis kafetegian biltzen ziren euskaldunengana hurbildu nintzen. Gudan nirekin ibilitako adiskide artean eta Euskal Herria bihotzen zutenen arteko lagun-giroan, “Gernikako Arbola” kantatu nuen.

Han geratu ginen ordu luzez eta grinaz foruei buruzko eztabaidan. Euskaldunon askatasuna eta Gernikako Arbola, zer-nolako esanahia zuten horiek guztiek. Sasoi haietan foruen etsaiek ez zuten atsedenik hartzen, gogor zebiltzan erasoka.

Euskal Herrira noa!» esan nien eta «herririk herri ibiliko naiz neure gitarra eta kantuekin, eta zin egiten dut ez naizela geldituko Gernikako Arbolaren esanahia euskaldun guztiek jakin arte». Eta hala, 1854. urteko San Antonio egunean Urkiolan biltzen ziren milaka erromesen artean kantatu nuen eta nire patua berriro hantxe kolpatu zen. Kartzelatu eta neure herritik bota ninduten. «Giltzapean sartu naute poliki-poliki, negar egingo luke nire amak baleki». Zer egin ote nuen ba nik?, neure herritarrei bakea eta neure kantuak eskaini ez besterik; inor ez nuen bultzatu gerrara ez mendekua hartzera. Nik nahi nuen bakarra bakea eta lege zaharraren iraupena zen.

Nire herrikide asko legez, itsasoz bestaldera joan nintzan, Uruguain neurea ez zen lanbidea hartu nuen. «Kontu izan ezazu ardiekin! Ez duzu ikusten hamabost falta direla!», honelaxe esan zidan Anjelak. «Utz itzazu ardiak», hauek ere libre izan nahi dute-eta. Eta gauez, “Gernikako Arbola”, “Gitarra zahartxo bat” eta halako beste asko kantatzen genituen gaueko izarrei so!

-Jose Mari, ez zaitez zoroa izan! Ez duzu ikusten beste hamar falta direla!

-Ez badatoz beste leku baten zoriontsuago daudelako izango da. Horiek ere askatasuna maite dute eta nik, ardiek ere, foruak eduki ditzaten nahi nuke.

Anjelita, Jainkoak kantari egin nau, beste batzuek harriekin lan egiten dute, nik airearekin eta bihotzarekin kantuak egiten ditut. Kantaria naiz Anjela, eta nire kantuen babesean murgiltzen dira gure herritar asko. Kanta dezagun Anjelita, honela beti izango gara gazte!

Ameriketara heldu nintzenetik, hemeretzi urte pasa dira, eta bat-batean, berri txar hau: Euskal Herrian behin betirako foruak kendu dizkigute. Eta nire ametsa, amesgaitz bihurtu da. Ameriketatik itzuleran, euskararen galera nabaritu dut gure herrian eta samina sartu zait neure zainetan. Nire bizibiderako eta sendia bertaratzeko eskabideek ez dute onarpenik izan. Agintariekin egindako gestioek ez dute inolako atarramendurik lortu. Hiru urtez erregutzen eta ariman dut min, min etsia.

Agian berriro Ameriketarantz joango naiz, eta gure herrialdeetan abertzaletasunaz eta euskarari buruz eta Iparragireren musikari buruz eta zortzikoez hitz egingo da, baina jadanik ez naiz ezer, nire kantuak interesatzen zaizkie, baina ez ni.

Artistak gara! Zorte hori dugu, baina baita zorigaitza ere. Gu beti, diziplina gabekotzat hartu izan gaituzte, gizarte ordenatu baten zirikatzaile legez. Eta onenean ere, titiritero edo komediantero txakil batzuk legez. Ameriketatik dirua ekarri izan banu, beste modu baten hartuko ninduten, baina euskaldun antitetikotzat naukate. Neure sorlekua maite izan dut bihotz beroz, abestu dut, baina neure harrotasuna irentsi behar izan dut. Eta, zer daukat orain? Ezer ez.

Zer geratzen zaigu airez eta taxuz sortzen dugunoi? Arrazoia zeneukan Anjela, nire seme-alabak ezin izango ditut ekarri. Baina neure nahirik sakonena bete ahal izango dut. Euskal Herri honetan neure hezurrak utziko ditut. Arnasaz beteriko ezereza naiz. Haize bolada bat amildegiaren ertzean, burua hodeietan eta gitarra bat bihotzean. «Eta orain banoa, nora? Nork daki? Nork jakin lezake txori baten bizitza?».

Artículos
Koldo Aldaz, Juan Mari Feliu, Gurutze Azkona, José Luis Lizarraga y Mikel Goldarazena
26/09/2020
Iñaki Urdanibia
26/09/2020
Mar Esquembre
25/09/2020
Cartas
Brenda Cusipuma Cayo
25/09/2020
Asier Fernández Sobera
25/09/2020
Nathalie Pelage Guedon
25/09/2020
Enric Vivanco Fontquerni | Barcelona
25/09/2020