Iraultza babesteko hamaika arrazoi
Venezuela edo prozesu bolivartarraren lorpen eta aurrera pausuen inguruan, askotan aritu gara eta non nahi aurki daitezke iritzi, hausnarketa eta ondorio aski esanguratsuak, beti ere prozesuari zilegitasuna emate bidean. Gaurkoan ordea, igandeko hauteskundeak eta Chavez komandantearen gertuko heriotza medio, Venezuelako prozesua zergatik babestu izan dugun eta babesten jarraitu behar genukeen azpimarratzea dagokigu, elkartasunaren arrazoiak eta zergatiak azaleratuz.
Hamaika urte dira Venezuelara brigadak antolatzen ditugula, bi herrien arteko zubiak eraikitzen gabiltzala. Garrantzitsua da oso guretzat, Venezuela bolivariarra, Venezuela gorria, bertatik bertara ezagutu eta babestea. Hain zuzen, dominazio sistema, sistema kapitalista-inperialista zalantzan jartzen duelako, bere jardunean, inperioari aurre egiten ahalegintzen delako.
Honexegatik diogu, Venezuelarekiko elkartasunak maila estrategikoa duela, ez da unean uneko erabaki bati lotzen zaion irizpidea, ezta izaniko hanka sartze, barne kontraesan edo erritmoen gora beheraetara mugatzen, sozialismorantz eta utopiarantz bide lagun paregabea dugu berau.
Bigarrenik, iraultza bolivartarrak argi eta garbi erakusten digu estatu bat izatea ez dela aski herri baten subirautza bermatzeko. Abyayalan adibide paregabeak ditugu, bi mendetik gorako independentzia oraindik kakotx artean jarri beharrean gauden heinean.., atzerriko interes ekonomiko, transnazionalen eta bertako burgesia titereen mende dauden bitartean. Mendeak joan, mendeak etorri, estatuak, estatu izaten jarraitzen du, herria ordea saldua aurkitzen da, ez du egiazko subirautzarik, ez nazio askapen, ez askapen sozialik ere. Adibide ugari topatu ditzakegu inperioaren periferian Abyayalan bezala Afrikan edo Asian, hala nola, baita inperioaren erdigunean bertan ere, egun EB-ren baitan esaterako, azken urteetako agintari zenbait Europar Bankuek ezarri dituztela kontutan hartuz.
Honegatik, herri baten subirautza, osotariko askatasuna izango bada sozialismoaren bidetik izango da. Sozialismoak botere politiko, ekonomiko edo kulturala herritarren mesedetan eta herriaren eskutan egotea esan nahi du. Bitartean muga zenbait aldatu ditzakegu, banderei koloreak aldatu, baina Venezuelan egiten ari diren bezala sozialismoaren bidea da benetako independentziarako bide bakarra.
Inork ez dezala uste baina sozialismorako bide hau, askapen prozesu egiazkoa, traba edo eraso gabea izango denik. Honela, kanpoko nahiz bertako burgesien interesak kontrajartzean, munstruo eta makinaria zital honi aurre egiteko beharrezkoa da herri boterea.Venezuelan sortzen ari diren bezala, auzo, lantegi, nekazal eremutan, komunikabide, ikastetxe edo kaleetan antolakuntza bultzatuz, auto eraketa bermatu eta herriari boterea emanez. Herri botere honen egitekoa bikotza da, batetik, prozesua bera elikatu eta sortzen joan behar du, batzarretan parte hartuz, eztabaidatuz, formatuz, auto kritika bideratuz. Bestetik ordea, erasoen aurrean edo desestabilizazio saiakeren aurrean prozesua bera defenditu behar du.Erasoei aurre egin eta hortzak erakutsi. Honegatik, bi egiteko hauengatik herri boterea beharrezkoa da ongi landua eta bideratua egotea,Venezuelan bezala gurean, prozesu iraultzailea ez dadin bere kasa gera, ez dezaten gera.
Azkenik, Venezuelak orain arte argi izan badu zerbait internazionalismoaren beharra da. Iraultza bolivartarraren ezaugarri garrantzitsua da berau dudarik gabe, bere sorreratik gaurdaino. Honegatik sortu diren nazioarteko egitasmo asko eta asko, herrien arteko elkartasunean dute geltoki: ALBA, Kubarekiko harremanak, Palestinarren aldeko egitasmoak. Jakitun dira sozialismorako bidean, bide lagunak beharrezko dituela, kontra botere honek mundu mailakoa behar duela izan izango bada. Internazionalismoaren bitartez, prozesua bera aberastu, babestu eta haziak ereinez, etorkizuna, egun zapalduak gauden herriona, herri langileona, emakume eta gizonena izan dadin.