Joxe Iriarte «Bikila»

Iraultza sozialista: bideaz eta helmugaz

Aurreko artikuluan aipatu nuen kapitalismoa ez dela berezko krisiaren ondoren itoko (aldizka oso larriak eta bortitzak jasan arren), mundua aurretik eramaten badu ere. Esplotatuek eta zapalduek beren interes-komunitatearen kontzientzia garatzeko eta alternatiba bat sortzeko duten gaitasunaren arabera eragin daiteke sistemarekiko haustura historikoa. Horri iraultza sozialista deitzen diogu, eta arrakasta izan dezan, estrategikoki pentsatzeko eta politikoki gauzatzeko gai izan behar dugu. Behin gurean gauzatzen bada, izaera eta asmo nazionala (subiranotasuna) eta proiekzio internazionalista uztartu beharko luke eta gure herriaren baitan jasaten diren opresio guztiei erantzun behar lioke.

Zer nolako sozialismoa. Kapitala ezin da existitu ekoizpen-tresnak eta ekoizpen-harremanak etengabe irauliz, baizik eta horrekin batera gizarte-harreman guztiak baldintzatuz. Ekoizpen kapitalistaren ondorioz ingurumenaren suntsiketa azkartu izanak, ehunka milioi edo milaka milioi gizaki, batez ere pobreenak, arriskuan jar ditzaketen eraldaketa kualitatiboen aurrean jartzen gaitu, klase borrokaren baldintzak sakon aldatuz. Naomi Kleinek dioen bezala: «Horrek dena aldatzen du!».

Horrek guztiak historikoki sozialistatzat ematen ziren programak aldatzea suposatzen du (adibidez, Sobietar Batasunean gauzatu zena, eta egun Txinan indarrean dagoen garapen modeloa). Aldatu beharra dago ere etikoki hain goraipatua izan den (eta nik neuk oso gogoko dudan) Marxen aldarria: «Bakoitzak bere ahalmenaren arabera, bakoitzari bere beharren arabera». Hots, gizakiaren «behar» hori birdefinitu behar da.

Izan ere, ikuspegi sozial, politiko, tekniko, intelektual eta moral batetik, ekosozialismoa beste zibilizazio bat da. Zibilizazio hau beste ikuspegi batean oinarritzen da: kapitalaren desjabetzean, gizakiak planetan kokatzeko eta bizitzeko beste modu batean eta naturarekin eta beste izaki bizidunekin dituen harremanetan. «Soiltasun zoriontsu» batean oinarritzen da, alegia: bizitzaren sorkuntzan eta iraupenean eta ez kontsumo asegaitzean. Guzti hau mundua aldatzeko borondatearekin egin behar da, eta ez estatu arautzaile eta/edo errepresibo batek ezarritako betebeharraren pean, nahiz eta langilea (edo bere izenean) izan.

Hegemonia ideologiko-kulturalaren garrantzia. Gramscik langileen mugimenduari egindako ekarpenik garrantzitsuena hegemoniaren teoria da. Honek zera dio: klase kapitalistak denbora gehienean, indarrez baino kultur hegemoniaren bitartez botereari eusten diola, behar duenean makila erabiliz, baina normalean (Mendebaldeko gizartean), azenarioa eta hegemonia ideologiko-kulturalaz baliatuz. Horri buelta eman behar zaio.

Bestalde, kontuan izan behar da egungo estatuen burokrazia duela ehun urteko burokrazia baino askoz handiagoa eta garatuagoa dela. Ehunka mila koadrotan oinarrituta, hezkuntzaren, osasunaren, armadaren eta abarren funtzionamenduaz arduratzen da. Eta burokrazia hori, ezkutuan edo bigarren mailan egonik ere, zoritxarrez, oso legitimatua dago. Nola egin dezakegu, ertz askoko aparatu hori arlo guztietan neutralizatzeko, are birrintzeko? Batzuetan, lubaki-gotorleku estrategia garatuz hegemonia disputatzeko, eta bestetan hausturekin –partzialak badira ere– kontrabotere guneak sortuz eta ofentsibekin oldartuz kapitala ahultzeko.

Hala ere, kasu. Estatu neoliberala gizon armatuen talde batera (Engels dixit) mugatzen ez bada ere, hori ere badela ezin dugu ahaztu. Egun, estatu burges handiek indar errepresibo eta militarrak dituzte: abiazioa eta bonbardaketa masiboak, misilak, droneak eta abar. Biztanleriaren kontrolerako inoiz baino bitarteko gehiago dituzte, eta guzti hori nola neutralizatu eta deuseztatu eztabaidatu beharra dago. Gai horri heltzeko beharra baztertzea aukera iraultzaileak serioski pentsatzeari uko egitea da.

Hauteskundeak eta instituzio burgesen gakoa. Azken urteetako herri-altxamenduak eta greba orokorrak behetik antolatzeko gaitasuna erakusten dute, eta hori guztia botere burgesa astintzeko gai izan da. Gainera, sare sozialei eta milaka aktibistaren ekimenari esker, lantokietan eta auzoetan, zapalduen taldeetan, kooperatibetan, aisialdia antolatzen dituzten elkarteetan, bestelako kontsumo ereduak bultzatuz, bizitza antolatzeko irtenbide hobeak aurkitzeko aukera berriak sortzen dira. Hori dena indartzeak garrantzi handia du, baina ez da aski.

Hauteskundeen bitartez ezin diogu burgesiari boterea kendu (eta hori uste duenak jai du), botere hori instituziotik harago errotuta eta banatuta dagoelako (ekonomikoa, soziala eta militarra). Hala ere, pentsaezina da hauteskundeetan eta instituzio politikoetan aurrera egin gabe gure eremu soziopolitikoan (Europar Batasunean) prozesu iraultzaile bat gai-zerrendan jartzen duen indar-harremanak aldatzea.

Gai horrekin zerikusirik du hegemonia ideologiko-kulturalaren kontuak. Hau da, hain salagarria den eta gurean errotuta dagoen parlamentari kretinismoa (Lenin dixit) bezain arriskutsua dugu bataila horri iskin egitea, alteritatean kokaturik edo jarduera parainstituzionalera edo estraparlamentariora mugatuz. Frantzian ikusi dugu nola kaleko indarra izugarrizkoa izan arren ezkerrak parlamentuan nagusitasuna ez izateak ahalbideratu diola Gobernuari Erretreta Legea aldatzea. Hanka bat instituzioetan eta mila kalean. Nola orekatu bi eremu horiek? Hor dago koska.

XX. mendeko iraultzetan, klase subordinatuen aliantzaren gai nagusia proletarioen eta nekazarien (igitaia eta mailua) arteko aliantzan zentratu zen, batez ere. Gaur egun, gure herrialdeetan kontua konplexuagoa da: lan-tresnaren jabe ez direnen klaseak, lan-indarra saltzen dutenen klaseak, lana galtzen dutenen klaseak, lanean mendeko posizioa dutenen klaseak, biztanleriaren gehien-gehienak dira. Baina klase hori ez dago bateratuta, kapitalak egituratutako barne-zatiketek, zapalkuntza anitzek (emakumeen zapalkuntza, arrazakeria, menderatze nazionala, etab.) zeharkatzen baitute. Horrek eskatzen du zapaldu guztiak batuko duen erpin askoko estrategia –poliedrikoa– garatzea. Eta egitasmo horretan, feminismoak paper berezia bezain garrantzitsua jokatuko du.

Buscar