Gontzal Mendibil

Iruzurra edota ‘la gran estafa’

‘La Gran Belleza’ filme italiarra ikusteko aukera izan duenak, Mendebalde honen dekadentzia sentitu izango zuen bertan. Delitu morala egunoroko gauza arrunta bihurtzen zaigularik eta honen ondorioak lirateke geure bizitzan egunoro ikusten ari garena, gizakiarengan sinestearen itsaropena ahultzen ari zaigula.

Asko dira krisiaren eraginez jausitako gizaki, proiektu eta entrepresak. Susmoa daukat gaurko ekonomi poterearen larderia ikusita, apurka apurka erdi aroko feudalismo garaietara itzultzen ez ote goazen berriro. Sistemak huts egin duela begibistakoa da, baina munstroak, hau da, finantza botereak janaria eskatzen du eta berau elikatzea da iharduera eta helburu bakarra. Honek zera ekartzen dit gogora, Rubensek margozturiko «Saturno bere semea irensten». Halaxe ez ote dugu ba amaituko Europako semeok.

Eta egiarik latzena, demokraziaren zentzua ezabatuz justizizaren oinarriak puskatzen dabiltzala. «Justiziaren itxuraz legeen itzalean eraikitzen den tirania baino okerragorik ez dago» zioen Motesquieuk. Horretara goaz ezbairik gabe, gizakion ongizatearen lorpeneei agur esatera.

Zutabe sendorik gabeko itxuraz eta itxurakeriaz eraikitako edozerk du bide laburra. Oraingo hau sistemaren krisia dugula, entzuten ari gara egunoro, baina ez dezagun ahaztu, sistema gizakiok eraikitzen dugula eta sistemak huts egiten duenean, beti ere, pertsonen erruz izan dela. Gizakion sinesgarritasunak egiten du sistema on, eta ez alderantziz. Sostengu etikorik gabeko sistemak goiz edo berandu huts egingo du.

Lan egin nahi duenari edota ekintzaileak direnei inongo aukerarik ematen ez zaienean, akabo, sistema horrek ez du norabiderik edota txarrago dena, norabide argi baten seinalea da, feudalismoren garaietako matxa daramala. Argi dago, oligarkia finantzieroen esklabu garela eta gizon librea eta herri librea izan nahi hori, zapuztu nahi digutela.

Krisi garaiko egoera latzetan bestetik, izkutuan izaten ditugun gizakion portaera eta izaera guztiak ateratzen zaizkigu begibistara, gure hutsuneak eta birtuteak ere azalerazten direlarik, Jite orotako gizakiekin egiten dugu topo, benetako direnekin eta gezurra nonahi eta noiznahi darabiltzatenekin, eskuzabal agertzen direnekin eta inoren mesederako ezer egingo ez dutenekin, emankor agertzen direnekin eta gutiziaz eta lukurreriaz jokatzen dutenekin, gizaki zintzoekin eta zinikoekin.

Bakoitzaren izaera argitan uzten digu krisiak eta norberaren izpilu bihurtzen zaigu. Eta sarritan erantzunik eman ez genituzkeen galderak datozkiguz. Bakoitzak bere buruari galdetu beharko lekizkiokeen erantzun zaileko galdera errezak. Nor naiz ni?

Adituek zera dioskue, I+D deritxon horretan, ikerpenean eta garapenean dagoela krisiaren irteera. Ai, hala balitz!. Nik uste, izatekotan, iharduera ekonomiko berri baten planteaketan dagoela irteera, hau da, benetako justiziaz oinarritzen den modu etikoan, eta gizakion duintasuna baliatzen duen sisteman. Zeren, besterik ezean, aipatutako feudalismoa gero eta gertuago dugu. Edota, aurrean dugun txinatarren lana eta bizimodua.

Txinatarren bizitza dela eta, gertaturiko adibide bat kontatuko dizuet: Zornotzako txinatar dendari bati joan omen zitzaion herritar bat zerau esanez: «zuok lan ta lan baina ea noizbait ikasten duzuen gu bezala bizitzen» eta txinatarrak erantzun omen zion… «ya ya ya, ondo ondo, baina zuok laster guretzako egingo duzue lan». Adi ba, etorkizuneko mendebalde honek, halaxeko norabidea darama eta.

Egun, hauxe da duguna, txinatarrei ateak zabalduz, beraiekin ezin inondik inora konpetitu. Eta bestetik, txikiak banan banan jausten eta ezerezten doazen bitartean, handien politika ekonomikoa babestu, onartu eta sostengatu beharra. Gure bizitza, pentsaera eta portaera ere haien esku dagoelarik. Dena den, txinatarrek guk mendebaldekook galdu izan dugun gauza on bat dute bere gain, egoera txarretan, beraien arteko elkatasuna ere agertzen dutela.

Mesfidantza osoz bizi garen garai hauetan, argi dagoena borondatearekin bakarrik ez ditugula gauzak lortuko, eta norberaren izan nahiak eta herri baten izan nahiak egoera honi buelta ematea eskatzen digula.

Kultur gaietan ari garenok ere jakin badakigu egungo egoeraren triskantza. Bertako kulturgileen estuasuna inor gutxiri inportako ez baitlitzaio. Honetan ere besteek jan ez gaitzaten, egin beharko dugu inoizko baten zinez geurea babestearen eta suspertzearen apostu sendoa.

Beraz, etorkizunak planteaketa berriak behar ditu, edota berri zaharrak, garai bateko auzolanen tankerakoak, herritarren nahierari erantzungo dizkiotenak. Badugu beraz, beste eredu baliogarri baten bilakaeran zer ikasi eta zeri ekin, zeren, orain arteko hau, promes egindakoaren iruzurra edo «la gran estafa», besterik ez dugu.

Buscar