Julen Zelarain

Itsasargia

Ez dizut gezurrik esango Matilde, batzuetan egoera etsigarria egiten da, drama ikaragarria baita oraindik ere astebururo ume, bikotekide, guraso edo aitona-monak milaka kilometro egin behar izatea komunikazio sinple bat egiteko, edo gaixotasun larriak dituzten presoak espetxean mantentzen dituztelako, edo 75 urte bete dituztenek ere espetxean jarraitzen dutelako. Eta hauxe ere izango da egungo espetxe politikaren helburuetariko bat, gurean etsipena nagusitzea.

Ez agurrik, gero arte baizik esanez agurtu zintudan orain dela 25 urte. Eta gaurkoan, orduan esandakoa betetzea nator Matilde, zure oroitzapenak oraindik gure artean jarraitzen baitu. Nondik hasi ere ez da erraza, gauza asko gertatu eta aldatu baitira gure herrian azken 25 urte hauetan. Garrantzitsuena ETAk bere ibilbideari amaiera emateko hartutako erabaki politikoa izan da, eta ondorioz, eskenatoki politikoa aldatu da, baino egia esaten badizut ez nik nahiko nuen bezainbeste. Ez, amaiera ez da izan guk nahi eta amesten genuen moduan, elkarrizketa eta akordio batzuen ondorio gisa, ETAren aldebakarreko erabaki bat izan da. Estatuen aldetik ez zegoen ez borondaterik ez eta asmorik mahai baten bueltan jartzeko ere, eta beste bide batzuei ekitea erabaki da.

Harrituta geratuko zara ere Katalunian gauzak nola dauden azaltzen dizkizudanean. Bai, bai, sekulako krisialdi politikoa sortu dute, erabakitze eskubidearen eta independentziaren aldeko mugimendu politiko ikaragarri bat piztu eta egituratu baitute. Lurrikararen epizentroa urriaren 1ean antolatu zuten galdeketa izan zen. Historiara pasatuko diren irudiak utzi zizkigun. Zure moduko emakumeak ikusi nituen, helduak eta urteen ajeak begi bistakoak izan arren, hori duintasuna eta determinazioa! Inposizioaren aurrean herri iritzia, batzuk porrak eta besteak boskak (Rubalkabari gogoratu behar bosken inguruan egin zigun aipamena)… Gordin gordin irudikatu zen arazoaren muina. Baino betiko moduan erantzuten jarraitzen dute, eta egun, Generalitateko presidentea eta beste hainbat herritar atzerrian aurkitzen dira, eta beste batzuk berriz preso daude. Egun hauetan hasiko da beraien aurkako epaiketa.

Eta gurean zer? Ba gure ekarpena orain oso garrantzitsua izan daiteke, estatuko herri guztiak elkarrekin aritzeko garaia aproposa baita. Baina nire iritziz, herri gisa ez gara neurria ematen ari. Besteei erantzukizunak botatzea ariketa errazegia izan daiteke, baino bai, zuri burura etortzen zaizkizun horiek ez dira asko laguntzen ari. Laburbiltzeko, Herri gisa pentsatu eta aritzeko urratsa ematea ez dugula lortu esango dizut.

Eta zertan dira nire bihotzeko errepresaliatuak eta beraien senitartekoak? Estatuekin mahai baten bueltan ez bada, nola zuzendu egoera hau? Galdetuko diozu zure buruari. Zoritxarrez, gurera bakea ekartzeko ezker abertzaleak berriz ere bere ekarpena egin du, eta gatazkaren ondorio mingarriak gutxitu dira, baino oraindik ere euskal preso politikoek espetxean jarraitzen dute, eta sakabanaketan oinarritutako salbuespen politikak indarrean darrai. Egoera honekin bukatzeko ahaleginean presoek ere beraien erabakiak hartu dituzte, eta urrats zehatzak eman ere. Eta aldaketa txiki batzuk eman badira ere, oraindik oso urruti gaude, eta are ulergaitzagoa egiten da egoera egungo egoeraren baitan.

Sakabanaketa politikak egun ez duela zentzurik Grande-Marlaskak esan berri du, bere garaian borroka antiterroristaren parte zela baino egoera berriari egokitu beharko dela. Ez da nolanahiko adierazpena, helburu politikoak lortzeko denak balio duela aitortu du. Segur aski gauza bera esan dezake guda zikina edo torturaren inguruan, hauek ere politika berdinaren beste atal batzuk bai ziren. Baina ez zait iruditzen hori esatea ausartuko denik.

Ez dizut gezurrik esango Matilde, batzuetan egoera etsigarria egiten da, drama ikaragarria baita oraindik ere astebururo ume, bikotekide, guraso edo aitona-monak milaka kilometro egin behar izatea komunikazio sinple bat egiteko, edo gaixotasun larriak dituzten presoak espetxean mantentzen dituztelako, edo 75 urte bete dituztenek ere espetxean jarraitzen dutelako. Eta hauxe ere izango da egungo espetxe politikaren helburuetariko bat, gurean etsipena nagusitzea. Eta bide batez, eskenatoki berrirantz egin beharrezko ibilbidea oztopatzea, zamatzea eta kontraesanez betetzen saiatzea.

Azkenean betiko ondorio berdinera iristen gara: Espainiar estatuan ez dago kultur demokratiko nahikorik bizi dugun gatazka politikoari zentzuzko irtenbide bat emateko. Eta halabeharrez, egoera berriak zabaltzeko eta emaitzak eskuratzeko lana eta konpromisoa izango dira osagai nagusiak, ez da doako oparirik egongo.

Eta halakoetan faltan botatzen zaitugu-zaituztegu. Urteen higadura ibileran agerikoak ziren arren, beti hor, beharra non zuek han, nekaezinak. Beti indartsu eta umoretsu, zure aurpegian irribarrea iraunkorki margotua egongo balitz bezala. Heldu edo gazte, guztiontzako zinen atsegina, eredugarria. Ekaitza handienetan ere, itsasargia ez da itzaltzen, bertan jarraitzen du, handi, distiratsu, bere lekukotasuna behin eta berriro zabalduz lau haizetara.

Orain dela 25 urte preso guztiek ama bat galdu zutela esan nuen, eta gaur berretsi egiten dut. Ibilbide honetan, asko dira joan zaizkigun amak eta itzali zaizkigun itsasargiak: Blanki, Joxepa… Eta zinez faltan botatzen zaituztedala, botatzen zaitudala Matilde.

Horregatik gaurkoan ere «ez adiorik Matilde, beti gure gogoan» errepikatuko dizut. Muxu handi bat zuretzat eta zu bezalako emakume eta gizon eredugarri bezain maitagarri guztientzat.

Buscar