Lucia Etxeberria
BDS Iruñea

Itzuli da Mayumana taldea, apartheidaren aurpegi atsegina

Mayumanak apolitiko eta kulturarteko izaera duen talde gisa aurkezten du bere burua, baina, beste artista batzuek bezala, konplizitate osoz jokatzen du Israelgo Estatuaren politika genozidaren aurrean.

Mayumana, Israelgo apartheidaren aurpegi atsegina, itzuli da. Apirilaren 8an eta 9an Mayumana talde israeldarrak Navarra Arenan jo eta dantzatu du. Ez da gure hirira etortzen den lehendabiziko aldia eta, beste behin, antzerki, dantza eta perkusio konpainia multikultural gisa agertu da.

Eztabaidaezina da Mayumanaren irudi «atseginak» nazioarteko legedia urratzen ari den herrialde batekin eta arrazismo eta diskriminazio politikak burutzen dituen estatu batekin duen lotura. Mayumana, Israelgo gobernuen politikek erabili duten irudi txarra «normalizatzeko» edo leuntzeko saiakera hori, bereizi ezina da.

Zer dago benetan talde honen atzean? Lehenik eta behin, haien egoitza antzoki bihurtutako Jaffa hiriko biltoki bat da. 1948an, 70.000 arabiarren gehiengoak izututa ihes egin behar izan zuen Irguneko sionistak aurreratzen zihoazen heinean; izan ere, etxez etxe basakeria osoz garbiketa etnikoa egiten zuten.

Taldeak sekula ez du indarkeria horren aipurik egin, ez eta Israelgo gobernuek gauzatu dituzten ekintza kriminalen inguruan ere. «Ez da haren egitekoa», esan daiteke. Egia da, baina alde batean ere ez da gelditu, izan ere, ekintza ugari egin ditu sionismoa berresteko eta politika horiei inplizituki laguntzeko.

Mayumana Nafarroako hiriburura etorri den honetan, BDZ Boikot, Desinbertsio eta Zigorrak taldeko kideak bertara hurbildu ginen taldearen izaera sionista salatzera eta ordurako foruzainek Navarra Arena inguratuta zuten. Sarrera bakoitzaren aurrean furgoiak kokatu zituzten eta soinean fusilak zeramatzaten. Foruzain batek azaldu zigunez, poliziaren presentziak batetik pandemiari eta bestetik terrorismoaren aurkako alerta-mailako laugarren graduari erantzuten zion.

Baina beste behin, segurtasuna eta prebentzioa aitzakiatzat hartuz jazarpen poliziala inposatu zuten, izan ere, BDZko kideek "Palestina askatu! Israeli boikot!" pankarta zabaltzerakoan, identifikazioak hasi eta sarreratik aldendua zegoen txoko batera mugitzera behartu gintuzten. Hori gutxi ez, eta, palestinar herriarekin elkartasunezko pegatinak banatzerakoan, banatzen zituztenak identifikatzeaz gain, pegatinak hartu zituzten ikusleak ere identifikatu zituzten denon harridurarako. Gainera, pegatinekin emanaldian sartzeko debekua jakinarazi zuten.

BDZren estrategia indarkeriarik gabeko ekintzak aurrera eramatean oinarritu da. Informatzea eta salatzea helburutzat zuen ekintzaren aurrean, polizia modu oldarkor eta desproportzionatuan hurbildu zen kideak identifikatzera.

Mayumanak apolitiko eta kulturarteko izaera duen talde gisa aurkezten du bere burua, baina, beste artista batzuek bezala, konplizitate osoz jokatzen du Israelgo Estatuaren politika genozidaren aurrean, eta, hori gutxi izango balitz, Nafarroako Gobernuak diru publikoa bideratu du taldearen legitimitatea bermatu duen operatibo polizialera.

Euskal Herriko BDZtik Mayumanari eta Israelgo gainerako kultura-produktuei boikota egitea eskatzen dugu berriro, erregimen hau ezkutatzea «normalizatzen» laguntzen baitute.

Herrien boikotak bakarrik amaitu zuen Hegoafrikako apartheida. Eta gobernarien konplizitatea Israelgo krimenekin zein den ikusirik, beren produktu ekonomikoei, kulturari, ikasketei eta kirolei boikota egitea besterik ez zaigu gelditzen Israelgo apartheidarekin eta bere kolonizazioarekin bukatzeko.

Buscar