Itziar Aizpurua Egaña
Ezker abertzaleko militantea

Izaskun Larreategiri gutuna

Haizeak, zure alaba kuttunak, itzuliko dizu esan nahi dizudana. Ondo dakizu, ez dudala maite espainolez hitz egitea halabeharrez ez bada. Eta berriz entzun beharko didazu borondatea izanez gero, euskara beste edozein hizkuntza bezala ikas daitekeela. Eta ez haserretu mesedez, beti ondo eraman dugu elkar-eta.

Presa handia izan duzu betirako alde egiteko! Hori esaten diot egunero Jokini ere. Irratitik berri txar hau jaso nuenean arrangura sentitu nuen nire barruan, eta, egia esateko, ezin izan nion negarrari heldu. Nire/gure bizipen eta bizipozen zati batek alde egin izan balu bezala barruan sentitu nuen halako zerbait, baina hauek ez dute alde egingo, nire baitan biziko dira, onak zein txarrak izan, denak baitira elkarrekin, beste askorekin batera, egin dugunen bidearen zatiak.

Ezta denbora asko esan zenidala gazteek egin behar dutela beren bidea, guk geurea egina genuela-eta. Ados nago gazteen garaia dela, eta beren etorkizunaren jabe izateko beharko dutela lan egin, gure Herriaren motorra baitira! Baina horrek ez du esan nahi, besteok begira egon behar dugunik, izan ere, denok daukagu geure tokia Askatasunaren ibilbide luze honetan. 

Buruan pilatzen zaizkit hainbat izen; maite ditudan hainbat pertsonarenak daude bihotzaren erdi-erdian, zuri bezala joateko garaia heldu zitzaienak. Batzuk zeurekin batera ezagutu ditudanak eta elkarrekin lan egindakoak, besteak lehenago, baita beranduago ere: Txabi Etxebarrieta; Jose Migel Beñaran; Telesforo Monzon; Xanti Brouard; Txomin Iturbe; Josu Muguruza; Gorka Martinez; Roberto San Pedro; Jon Idigoras; Jokin Gorostidi; Txomin Ziluaga; Seber Ormaza; Imanol Agirre; Kepa Bereziartua; Amaia Bao; Periko Solabarria… eta orain zeu, Izaskun Larreategi. 

Zenbat ilusio, irribarre, haserre, gaizki ulertze, eztabaida garratz, amorrazio, etengabeko lan, lorik egin ezinik goiza inoiz argituko ez ote den kezkaz, beldurra uxatzen edo irribarre batez ezkutatzen, Jonen ateraldi barregarriak, eta beti amesten… gerra bizian gu hain txiki ginenok etsai boteretsuei aurre egiten. Horrenbeste maite genuen eta dugun Euskal Herria aurrera atera nahian, gau ilunetik argira erdiesten… Nolako maitasuna pilatzen den izen handi hauengan! Hau da dugun edertasuna! Altxorra aurrera ekiteko gogoz eta indarrez.

Aipatu izan dudan guztia horrela izanda ere, berezia izaten ari da zure betirako alde egite hori niretzat, Izaskun. Buruak oroimenak dakartza bor-bor, barruan egonezinak eraginda nonbait, eta argitasun handi batek garai bateko “kuadroa” marrazten dit: Mahai Nazionaleko bileretan, zu eta ni hainbat gizonen edo mutilen artean. Zu beti zorrotza diskurtsoan, baina argitasun handikoa zinen eta behar bezala botatzen zenuen mahai gainera pentsatzen zenuena, nahiz askotan latza suertatzen zen. Zure iritzia beti ezkerreko ikuspegitik han agertzen zen, batzuen muturrak okertuz; nik, berriz, begi onez hartzen nituen, beste askok bezala. Laztasun hori kentze aldera-edo, Gorri-gorri deitzen hasi zitzaizun Jon, eta goitizen eder horrekin geratu zinen. Denoi jarri zigun nahi izan zuena… 

La Pequeña ni nintzen Jonen hitzetan. Neure burua diskurtsoak entzuten ikusten dut, ikaste aldera, eta neure iritzia noizbehinka ematen ere bai beldurrik gabe era oso zuzenean, jira birarik eman gabe. Eta setatia naizenez, hitz bat bera kentzeko prest ez nintzen. Beti «praxia» nire buruan. Bi emakume horrenbeste gizonen artean, baina… tinkoak ginela esan behar dut, behintzat, entzun behar izaten zituzten gure iritziak isilik, eztabaidatu ere bai, hau da, beste kide bi ginen bileretan, eta ez «ea zer dioten emakumeak». Horrelakorik ez genuen entzun eta bizi, eta ez zen gutxi Herri Batasunaren hasierarako!     

Prentsaurreko eta hitzaldi zein mitinetan ere beste kideek bezala hartu izan genuen parte. Borrokatuta, noski, militante serio eta arduratsuak ginela erakutsiz, denok egin behar dugun bezala. Baina, gizonezkoek ez zuten horren premiarik. Ona izan edo eskasa han zegoen. Horra aldea! Guk egunerokotasunean erakutsi behar genuen, mutilek ez zuten horren beharrik…   

Gaurko emakumeek, neskek, beste maila bat dute gizartean; buruz ondo prestatuta daude, estudio asko egindakoak dira eta edozer edo edonori aurre egiteko prest daude. Zerikusirik ez nirekin alderatuz gero! Beraz, etorkizuna esku hobeagoetan egongo den zalantza izpirik ez dut.

Hitz egiten ari naizen garaian izan ez balira Izaskun bezalako militante trebe, argi eta ausartak ez ginateke honaino helduko, ezta buru-belarri lanean tinko eta zuzen ibili ez balira ere HASIko militanteak ziren guztia emanaz. Haiek izan ziren Herri Batasunaren sostengua, oinarri sendoa urteetan. Guztiei nire miresmen eta esker ona egin duzuen lanarengatik, baina, bereziki, Izaskun Larreategiri Euskal Herriaren alde erakutsi duen ahalmen eta grinagatik. 

Eskerrik asko Gorri-gorri, kide maitea! ¡¡¡Hasta la victoria siempre!!!

Buscar