Sortuko idazkari orokorra eta EH Bilduko hautagaia
Jaiki!

Uztailaren 12an EH Bildu bozkatu beharra dago. EH Bildu zintzotasuna eta gardentasuna da. Guk ez daukagu “De Miguel auzirik”, “Osakidetza auzirik”, “Balentziaga auzirik”, “Alonsotegi auzirik”, “Montai auzirik”... Guk Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin bezalako jendea daukagu, eta aldea dago, aldea dagoenez!

06/07/2020

Une gogorrak, oso gogorrak, bizi izan ditugu azken hilabeteetan, 2.000tik gora hildako, dozenaka milaka kutsatu eta, martxa honetan, azken hamarkadetako krisi ekonomiko eta sozial handiena izaten amaituko duena utzi baitizkigu pandemiak. Hori gutxi ez eta, itxura guztien arabera, datozen garaietan ere une gogorrak bizi beharko ditugu, pandemia ez delako amaitu, eta aipatu krisi ekonomiko eta sozialak herrikide askoren lan eta bizi baldintzak nabarmen okertuko dituelako.


Nolanahi ere, Pepe Mujikak dio kontua ez dela zenbat aldiz erortzen garen, zenbat aldiz altxatzeko gai garen baizik. Eta gure herriak erakutsi du orain baino lehen ere baduela nahikoa indar, nahikoa talentu, nahikoa gaitasun komunitario eta nahikoa elkartasun egoera zail honetatik indartuta eta, batez ere, inor atzean utzi gabe ateratzeko.


Jaiki beharra daukagu, beraz, baina ez orain arteko norabide berdinari eusteko, ez orain arteko politika berdinak egiten jarraitzeko, horiek errotik aldatzeko baizik. Izan ere, zein da berreraiki beharra dagoela esaten ari zaizkigun normaltasun hori? Zaintza lanak emakumeen bizkar gainean uzten dituen hori? Globalizazioaren eta lan esku merkearen aldeko apustua egiten duen hori? Zerbitzu publikoak pribatizatu eta merkantilizatzen dituen hori? Gure herriaren erabakitzeko eskubidea ukatzen jarraitzen duen hori? Ez; behar duguna ez da normaltasun neoliberal, patriarkal, ekozida eta libertizida horren berreraikuntza, haren eraldaketa sakona baizik.


Horrenbestez, uztailaren 12an aukeratu beharra dago nor jarriko dugun bolantean, bai, baina ez soilik krisi sanitario, ekonomiko eta sozialari aurre egiteko, baita abagune historiko honetan herri eta are gizateria gisa ditugun erronka estrategiko eta generazionalei aurre egiteko ere. Are, aukeratu beharra dago zein ibilgailurekin egingo dugun hori: gainbehera datorren eta krisi berri honek behin betiko jota utz dezakeen espainiar Estatuarenarekin edo, arrazoi asko medio, erresilientzia eta eraldaketa marko eraginkorra izan daitekeen Euskal Herria burujabearenarekin. Eta guk diogu: nork gidatu behar du gure herriak behar duen trantsizio digitala? Mendiak? Urkulluk? Euskaltel eta, ondorioz, gure herriaren azpiegitura digitala putre-funts baten esku utzi berri duten horiek? Nork gidatu behar du honezkero geroraezina den trantsizio ekologikoa? Errauskailuak edo AHT bezalako azpiegitura kutsatzaileak eraikitzen jarraitzen duten horiek? Nork gidatu behar du trantsizio feminista? Irungo eta Hondarribiko alardeetan emakumeak baztertzen jarraitzen duten horiek? Nork zuzendu behar du egungo prekarizazio eta dualizazio sozialekin amaitu behar duen trantsizio sozialista? Dagoeneko murrizketa berriak egiten ari diren horiek? Nork zuzendu behar du trantsizio soberanista? Mendiak, zeinarentzat erabakitzeko eskubidea ez den existitzen? Urkulluk, zeinak enegarrenez traizio egin dion erabakitzeko eskubidea jasoko lukeen estatus politiko berri baten promesari? Eta nork gidatu behar du horiek guztiek eskatzen duten trantsizio demokratikoa ala, nahiago bada, gobernugintza demokratikoaren eraikuntza? Sindikatuak, gizarte eragileak, jendea, oro har, mespretxatu eta Confebaskekin eta Confebaskentzat baino agintzen ez duten horiek? Bistan da ezetz.


Horrek guztiak gehiengo eta gobernu berri bat eskatzen du, ezkertiarra, soberanista, feminista, euskaltzalea eta ekologista. Gehiengo eta gobernu berri bat EH Bilduren lidergopean baino artikula ez daitekeena. Gehiengo berri bat dagoeneko existitzen dena, kaleetan eta plazetan, urtarrileko greba orokorrak, azken urteetako martxoaren 8ek eta pentsionisten asteleheneroko kontzentrazio eta manifestazioek erakutsi bezala, orain artean termino instituzionaletan proiektatu ez bada ere. Eraman ere, eraman dugu gehiengo hori espainiar parlamentura, bitan; eraman dugu europar parlamentura, nafar parlamentura eta Hego zein Ipar Euskal Herriko udaletara. Bada, orain, Gasteizko parlamentura eraman beharra dago gure herriaren askapen bidean urrats berri bat egiteko.


Uztailaren 12an EH Bildu bozkatu beharra dago. EH Bildu zintzotasunaren eta gardentasunaren sinonimo da. Guk ez daukagu “De Miguel auzirik”, “Osakidetza auzirik”, “Balentziaga auzirik”, “Alonsotegi auzirik”, “Montai auzirik”... Guk Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin bezalako jendea daukagu, eta aldea dago, aldea dagoenez! Lehenak epaitzen dituztenean eskua diru publikoaren kutxan sartzeagatik baita; aldiz, bigarrenak epaitzen dituztenean, herriaren mandatua zintzo eta leial betetzeagatik da.


Guk ez daukagu ate birakaririk; ez daukagu Josu Jon Imazik, Nuria Lopez de Gereñurik edota Eduardo Zubiaurrerik, Espainian PPko eta PSOEko buruzagi askok ohi dutenez, EAJtik zuzen-zuzenean Petronor eta Iberdrola bezalako enpresa handien edota Confebask bezalako erakunde patronalen zuzendaritza organoetara pasa direnak.


EH Bildu da bozka soberanista, ezkertiarra, feminista, euskaltzalea, ekologista eta antifaxista. Rajoy bota genuen, Maroto bota genuen, Barcina bota genuen eta, etorkizunean ere, gure bozak beti izango dira espainiar eskuinaren eta are eskuin muturraren aurkako murru bat.


Guztiaren gainetik, baina, EH Bildu herriarekiko konpromisoaren sinonimo da. Gu ez gara politikari profesionalak; gu militante politikoak gara. Gu ez gara ari politikan inoren txalo erraza lortzeko, edota enpresa handi baten administrazio kontseiluan amaitzeko. Gu ez gara ari politikan aldatu ezin diren gauzak onartzeko; gu politikan ari gara onartu ezin diren gauzak aldatzeko. Horrenbestez, agin dezakegu eta agintzen dugu ez dugula inor botata utziko; ez dugula etsiko herrikide guztiei bizitza duin eta askea bermatu arte; ez dugula amore emango gure herriaren askatasuna lortu arte.


Guztiarekin, uztailaren 12an, jaiki beharra dago, egoera honetara ekarri gaituzten politiken aurka; jendearekin eta jendearentzat aginduko duen gobernu baten alde; euskal preso politikoen eta gure herriaren askatasunaren alde.

Artículos
Larraitz Ugarte
09/08/2020
Koldo Campos
09/08/2020
Iñaki Egaña
08/08/2020
Karlos Gorrindo Etxeandia
08/08/2020
Cartas
Enric Vivanco Fontquerni | Barcelona
07/08/2020
Goio González | Afiliado a CGT-LKN Nafarroa
05/08/2020
Juan José Dapousa Garma | Bilbo
05/08/2020
Jesús María Aragón Samanes | Secretario General Federal del Partido Carlista
05/08/2020
Últimos posts
Fito Rodriguez
06/08/2020
Koldo Campos
04/08/2020