Jon Artetxe

Josu Jon eta aztoratuta dabiltza

Denon lana da hobeto jokatzea eta gutxiago kutsatzea; herritar, administrazio zein enpresena, denona da eginkizuna

PSOE-Unidas Podemos koalizioaren gobernua aurkeztu eta lau egunera, Estatu espainoleko industriaren gizon handiek serio gaztigatu diote. Fequique Espainiako Industria Kimikoaren Federazioko idazkari orokor Antonio Labatek esana: «Trantsizio Ekologikorako Ministerioa industriaren aurka dago, ez dio axola industria sektorea desagertzea». Athleticeko presidente izan gura zuen Sidenorreko presidente Jose Antonio Jainaga ere ernegatuta, haserre agertu da, ingurumen politika industria politikari gailendu zaiolakoan.

Gizon boteretsu horiei entzunda, badirudi ziztu bizian doala trantsizio ekologikoa, azkarregi. Agian buru doa Estatu espainola Europako estatuen artean? Bai, zera! Gutxiagok on egin beharko digu, datuei erreparatzea besterik ez dago. Europar Batasunean berotegi efektuko gasen (BEG) emisioak 100 faktoretik 77ra murriztu dira, eta aldi berean Estatu espainolarenak 100 faktoretik 117ra igaro dira, 1990-2014 tartean. Portugalek, Ziprek, Irlandak eta Maltak ere ez dituzte emisioak murriztu, baina hobeto dabiltza. Ana Belenen itxaropeneko Espainia alkandora zuriduna Europako azkena, ipurdi gizena.

Hala eta guztiz ere, Gestamp, Sidenor, Repsol eta Fequique bat etorri dira Trantsizio Klimatikorako ministro Teresa Riberari eta Pedro Sanchezi mezua bidaltzeko: trantsizio ekologikoa moteldu egin behar da. Repsoleko zuzendari exekutibo Josu Jon Imazek baieztatu du beharrezkoa dela «tinko» eustea industria jardueraren deskarbonizazio konpromisoei. Repsolek erakusten du bidea: %57 areagotu ditu BEG emisioak 2014tik 2018ra, 14,2 milioi tona metriko isurtzetik 22,4ra igaro da. Horri ei deritzo jelkideen buru ohiak erritmo egokia.

Denon lana da hobeto jokatzea eta gutxiago kutsatzea; herritar, administrazio zein enpresena, denona da eginkizuna. Alabaina, guztiok dugu ardura berbera? Bada ez. Badira asko, izugarri kutsatzen duten enpresak. Estatu espainolean klima aldaketari gehien eragiten diotenak hauexek dira: Endesa, Repsol-Petronor, Naturgy, EDP, ArcelorMittal, EDP, Viesgo, Iberdrola, Cemex eta LafargeHolcim. Ederto defendatu zituzten beren interesak Gasteizen UGTk ‘‘Salba dezagun industria’’ lelopean antolaturiko jardunaldian izandakoek.

Ba Europako industria ez da pikutara joan, nahiz eta gasen murrizketan nabarmen hobeto ari diren. Esate baterako, Erresuma Batuak %39 murriztu ditu BEG isurketak 1990-2016 tartean, Alemaniak %27, Belgikak %19. Aldi berean, Estatu espainolak %13 handitu. Eboluzio horren erantzule handienak diren aipaturiko 10 enpresa horiek isurketa finkoen %62 emititu dute, guztizkoen %34. Josu Jonek eta hobe lukete urtero lortzen dituzten etekin itzelen zatitxo bat hartu eta gehixeago inbertituko balute teknologia garbiagoetan.

Ekoizpenerako prozesu garbiagoak edo zikinagoak erabiltzea enpresen hautua da. Eskura diren teknikarik onenak eta energia baliabide garbiagoak erabiltzea zor diete ama lurrari eta gizateriari. Ekonomia deskarbonizatzea, erregai fosilen bidez lortutako energia berriztagarriekin ordezkatzea, lehengai gutxiago erabiltzea eta hondakin gutxiago sortzea ez da modan dagoen azken bitxikeria, ez da soilik ekologista zoroen eskaria, ezta infernutik heldutako ministroaren gauerdiko apeta ere.

Buscar