Larraitz Ugarte
Abokatua

Kanboko estatutua

Kontziente izan behar gara itxita eduki gaituzten kaiolatik ateratzen hasiak garela eta pultsua berreskuratzen. Baina gure buruari marjina bat eman eta prozesuari begirada lasaiago bat emateko garaia da. Urduritasuna alboratu eta umorea berreskuratzeko unea da

Alderdi Popularrak Euskal Autonomia Erkidegoko Legebiltzarrean eztabaidatzen ari den autogobernu ponentzia horrela bataiatu izana oso sintomatikoa iruditu zait. Umoretsu “Semperada” deitu duten horrek, baina, atzean duen irakurketa oso sakonekoa da. Bagenekiena konfirmatu da: Unionismoaren ametsa ez da inoiz izan «terrorismoari amaiera ematea, ETAren bukaera ikustea», proiektu independentistaren errendizioa baizik. Egun hauetan garbi ikusi ahal izan dugu hori. Maite Pagazaurtundua bezalakoak aurpegi tristearekin «hau ez da biktimok merezi genuen bukaera» aldarrikatzen ikustean bezala. Satisfazioa baino haserrea eta desosegua antzeman zaie teorian pozik behar luketen horiei. Hortxe datza erantzunetako bat: Kanboko estatutua. Ziklo armatua amaituta gatazka politikoa ageri-agerian uzten delako konstatazioa. ETA amaitu arren, gatazka politikoaren terminoak berberean daude eta gatazka termino politiko eta demokratikoetan gainditzeko borondatea indartsua da. Haien ametsen ordez, errealitatean errendizio politikorik ez, mendekatzaile aseezinak diren horientzat.

Testuinguru honek asko laguntzen du Legebiltzarrean izaten ari den eztabaida argitzen. Gaur demagogikoenek ere ezin dute argudiatu demokratak eta biolentoak direla eztabaidaren ertzak; biluzik geratu baita hemen ertzak, beti, ñabardurak ñabardura, espainolak eta euskaldunak izan direla.

Badakit partida nagusia ez dela Kanboko estatutuaren erredakzioan jokatzen, Legebiltzarra ez dela herri honen askatasunerako ez abangoardia ezta berme ere. Halere, partida guztiak jokatu behar diren konbentzimendua daukat eta partida honek duen garrantzia handia dela esatera ausartuko naiz. Herria dolu eta neketik esnatzen eta loratzen den bitartean jokaleku ezinbestekoa bilakatzeraino.

Gauza jakina eta kontsentsuzkoa da politikariek eta alderdi politikoek egiten duten politikagintzak ez duela ezer interesgarritik, inprobisazio eta naturaltasunik gabeko esparru akartonatu eta erabat aurreikusgarriak baitira, eztabaida hasi baino lehen bukaera dakizun eremu horietako bat. Zentzu horretan sorpresa gutxi unionismo ez-demokratikoan PP eta PSEren frontean, diskurtso zaharkitu, kadukatu, umore puntu eta gorabehera erabat aspergarriekin.

Ikusteke dago Elkarrekin Podemosen nahas-mahasa, demokrata edo munduko hiritar espainiarra lehenago ote zaren definitu beharrak eragiten dizun zalantza existentziala ezin ebaztetik eratorria. Irtenbide motela eta are infantila topatu du bitarte horretan, begirada PSEri beto eskubidea aitortzera zuzenduz. Espainiaren batasuna demokraziaren gainetik. Zaharrak berri eremu horretan ere.

Baina kasu honetan aitortu behar dut eztabaidaren fase honetan, non EAErako estatus berrirako hitzaurre bat proposatzen ari den, EAJk erabakitze eskubideaz eta nazio aitortzaz hitz egitea sorpresaz eta oso gustura hartu dudala. Badakit horrek bere horretan ez duela bermatzen aurrera egingo den ibilbide politikoan printzipio horien defentsan azken bururaino iritsiko denik, «despacito» horrekin beste berrehun urte pasatzeko patxada nahikoa badu-eta, herritarren antolamendu eta presiorik ezean. Edota hitzaurrea idatzi bitartean Espainiako aurrekontuak babesteko enpatxurik ez daukala pentsioen igoera erridikulu horren Robin Hood-ak bilakatuz eta horrek kontraesanez betetako jarrera politikoa suposatzen duela (tradizio politiko handikoa, bestalde). Besterik da EAJko diskolo bilakatu den Urkullu jaunaren diskurtsoa. Barne gerra horretan beti garaile izan arren, ezin izan du hitzaurreko EAJko posizioa ekidin. Ikusteke dago gerra hau ere berak irabaziko ote duen. Halere, gaur-gaurkoz EAJk idatziz utzi du eta horrek balio handia duela kontsideratzen dut.

Gatazkaren muina idatzita jasota geratu izana ETAk bere ibilbidea amaitutzat ematearen garaikide izateak herri honetarako aro berri bat iragarri duelakoan nago. Agian ez gara kontziente, ezin gaur-gaurkoz jakin egindako bideak arrakastara edota porrotera eramango duen herri hau. Aukera eta arriskuak ondo ponderatzen eta plan estrategiko on bat egiten egongo da lehenengorako gakoa. Aukeren artean, nabarmenena nire ustez da badagoela gehiengo sozial bat erabakitze eskubidea printzipio demokratiko prepolitiko kontsideratzen duena. Eta pentsaera hori transbertsala da, eskainuetako zifrak gorabehera. Euskal Herria nola osatzen den ere inork gutxik jar dezake zalantzan, batzuetan unionistenei ere eskapo egiten zaien moduan. Bi ardatz horiek beraz, hegemonikoak direla esango nuke. Gernikako Estatutuaren inguruan egin daitezkeen irakurketak orotarikoak dira, noski baina nabarmena da insatisfazioa dela nagusi. Lege organikoaren ez betetze maila altua eta etengabeko oztopo judizialak argudiatuko dituzte batzuek; herri honen nahietarako kamustutako eta apurtutako tresna dela diogu besteok. Kontsentsu zabala, beraz, egungo markoa gainditu eta Estatuarekin berdinetik berdinera jardungo duen estatu bat bilakatzeko helburuan.

Zailtasunei dagokienez, prozeduretan eta abiaduretan iruditzen zait izango ditugula erronkak eta desadostasunak, parlamentuetan bai bederen. Bistan da batzuek besteek baino presa gehiago dugula eta presa dugunoi dagokigula erritmoa bizitzea, kasu honetan parlamentuetatik kanpo, herritarren presiorik gabe ez baita posible izango. Legalitatea izango da prozeduren eztabaida izarra: legalitate printzipioan oinarritutako prozedura orok berezkoa du porroterako joera, legalitatea espainiarra bada eta Espainian aldaketa politikorik eman ezean edota negoziazio politiko baten emaitzaz lortzen ez bada. Aste honetan EAJko parlamentari batekin partekatu dudan mahai-inguru batean zioen ez eurak ez ezker independentista ez direla bakoitza bere kabuz estrategia eraginkor bat, prozedura egoki bat aurrera eramateko gai izan. Eta egia da. Honaino iritsita, batzuon eta besteon kontu emaitza ez da ez batzuek ez besteok nahiko genukeena. Honekin ez nuke guk egindakoa gutxietsi nahi baina errealitate printzipioak erakusten digu noraino iritsi garen. Ez da gutxi izan, izugarria izan da, baina ez da nahiko. Nahikoa ez den bezala parlamentuan geratzearekin.

Aro berri honetan hasitakoa bukatzen asmatzea tokatzen da. Kontziente izan behar gara itxita eduki gaituzten kaiolatik ateratzen hasiak garela eta pultsua berreskuratzen. Baina gure buruari marjina bat eman eta prozesuari begirada lasaiago bat emateko garaia da. Urduritasuna alboratu eta umorea berreskuratzeko unea da. Lan asko dago egiteko, apriorismoak utzi, malgutasun mentalaren ariketa egin, ondo antolatu, ondo pentsatu, nagiak astindu eta norberak bere onena eman, modu kolektiboan, beti egin dugun bezala. Eta etorriko dira baldintzak, etorriko dira kanpo faktoreak, aukerak, ez dakit Kataluniako bigarren oldarraldia edota Espainiako Gobernuaren aldaketa… guk guretzako profitatuko ditugunak. Izan garen on guztia orainera ekarri eta balioan jarri behar dugu: gure konpromisoa, eskuzabaltasuna… Asko dira ezker abertzaleak bere baitan biltzen dituen balioak. Balio horiei eutsiz bidea marrazten asmatu behar dugu, Maltzagaren zain egon gabe baina iraganeko porrotak errepikatzeko beldurrik gabe… Harro egon behar dugu, harro izan garenaz eta harro garenaz. Harro ezker abertzaleko kideak izateaz. Orain hiru milioi pertsona ditugu konbentzitzeko eta aro berri honi merezi dugun amaiera emateko.

Buscar