Urko Aiartza eta Jon Iñarritu
Amaiurreko senataria eta diputatua, hurrenez hurren

Karabakh Garaiak bake justu eta iraunkorra merezi du

Aurten 20 urte betetzen dira Karabakh Garaiko gatazka deitu izan denaren su-etena sinatu zela. Eta urte honetan bidaia desberdinetan lurralde hori ezagutu eta Artsakh errepublikako agintariekin biltzeko aukera izan dugu. Herritarrekin ere bildu gara eta herrixka desberdinak bisitatu ditugu.

Aurten 20 urte betetzen dira Karabakh Garaiko gatazka deitu izan denaren su-etena sinatu zela. Eta urte honetan bidaia desberdinetan lurralde hori ezagutu eta Artsakh errepublikako agintariekin biltzeko aukera izan dugu. Herritarrekin ere bildu gara eta herrixka desberdinak bisitatu ditugu.
Arazo guztien gainetik bakean eta askatasunean bizitzeko borondatea duen herri bat ikusi dugu. Zailtasunak zailtasun, hau guztia gainditu eta bakean eta elkarrekiko errespetuan oinarrituriko elkarbizitza garatzen saiatzen den herri bat aurkitu dugu. Karabakh Garaiko armeniar herriak borondate librez hautatutako Artsakh errepublikako ordezkari gorenekin bildu gara, nazioarteak guztiz errekonozitua izan ez arren munduan bere lekua bilatzen duen errepublika da Artsakh (berriki Kaliforniako Senatuaren onespena jaso dute). Nabarmendu nahi dugu Artsakh Errepublikako Mr. Sahakyanekin ere bildu ginela eta bake justu eta iraunkor bat lortzeko bere borondate irmoak goitik behera hunkitu gintuela.
20 urte dira su-etena ekarri zuen akordioa sinatu zenetik, eta esan beharrik ez dago alderdien arteko negoziaketak bideratu zuela su-eten hura. Urte hauetan armeniar zein azerbaijandar belaunaldi oso bat gerra ezagutu barik hazi eta hezi izan da. Baina, zoritxarrez, egia da ere bake iraunkorra ez dela lortu oraindik, eta, beraz, etorkizuneko belaunaldiak gerra eta bortxatik babesteko Karabakh Garaiaren autodeterminazio eskubidea bermatuko duen statu quo iraunkorra behar dela.
Ziur gaude Nazio Batuen Erakundearen kartaren zein Helsinkiko Aktaren oinarriak bilduko dituen printzipioetan oinarrituriko bake akordioa erdiestea posible dela, herrien autodeterminazio eskubidean oinarrituko dena. Izan ere, horren guztiaren oinarria Karabakh Garaiko behin betiko estatusa, bertako herritarren borondate askea, jasoko duen adierazpen loteslea izan behar da. 2013an Minskeko Taldeak (su-eten akordioa ahalbideratu zuen taldea, AEB, Errusia, Frantzia, Armenia eta Azerbaijanek osatua) «borondate oneko elkarrizketa eraikitzaileetan» oinarrituriko bake akordiorako deia egin zuen. Ados gaude, ezinbestekoa da. Eta hori lortu bitartean, nazioartean, Karabakh Garaiko herriaren erabakitze eskubidearen aldeko babesa sendotzea ezinbestekoa dela nabarmendu nahi dugu.

Buscar