Imanol Esnaola
Demoarso plataformako bozeramailea

Kateak dakarrena

Azaroaren 6ko kateak izan zuen arrakasta ikusita, agerikoa da eskuak lotu eta herritarren gogoa askatu zela. Esan daiteke, gaur- gaurkoz, euskal herritarrek beren estatusa erabakitzea aldarrikapen sentitua dela.

Ekitaldiaren amaieran hitza hartu genuenean, antolatzaileok ekintzari eman genion zentzua azaltzeko unea iritsi zen. Ekintza alaia burutu genuen, baina esanahiz betea.

83 urte lehenago, azaroaren 6 batean hain zuzen, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan euskal estatutuak jaso zuen babesa zenbatzen ari ziren. Gertaera historikoa izan zen inondik ere, besteak beste, estatusaren gaia erreferendum bitartez ebatzi zelako, aurreko ehun urteak gai beragatik gerran eman ondoren. Esan behar da, aurretik beste bi estatutu proposamen Madrilek zapuztuak izan zirela, herritarrei bozkatzeko aukerarik eman gabe.

Hortaz, Euskal Estatutuaren alde botoa ematean lehen aldia zen erabakitzea praktikara eramaten zela gerra egin ordez. Herritarren %90en babesa izan zuen, banan-banan herritarrek emandako bozak izan ziren. Historikoa izan zen, batetik, parte-hartzea oso altua izan zelako, eta bestetik, emakumeek gogor borrokatu ondoren, mugimendu sufragistak lortu zuelako denek berdintasunean bozkatzea, lehen aldiz emakumeek ere bai.

Edonola ere, hiru urte beranduago, orain 80 urte, euskal estatutua babestu zuen gehiengo hori isilik, ezkutuan edo ihesean zebilen, altxamendu frankistak piztutako gerraren erdian. Erabaki izana garesti ordaindu zuen herri honek eta bere herritarrek.

Azaroaren 6ko katean jendetza eta ilusioa piztu izanak, ordea, agerian uzten du ez zutela bilatzen zutena lortu; izan ere, aldarri honen inguruan bildutako jendetzak erakusten du gehiengoa garela bide horren aldekoak, herri honen geroa erabakitzeko eskubidearekin gauzatu nahi dugunak. Horra hor ezinbesteko gakoa, pertsona bakoitza bere buruaren ordezkari eta denon artean komunitate bat osatuz erabakitzea. Muriel Casals andereak, Omnium Culturaleko buru zenak, Kataluniako herriari esaten ziona ekarri genuen ekitaldira: «Ez gara amets baten bila etorri, gu gara ametsa».

Horretarako sortu zen Gure Esku Dago, eskubide hori gauzatzeko. Martxoaren 19an, hain zuzen, horixe egingo dugu. Herri honek bere bizikidetza, estatusa, nola antolatzen duen garrantzitsuegia delako gure erabakirik gabe onartua izateko. Ez dugu gerra edo biolentzia gehiago behar, bazterketarik gabeko eztabaida eta praktika demokratiko gehiago baizik. Herri kontsulta izango da, ez loteslea, baina esanahi ezin sakonagoz jantzia. Alde edo kontra bozkatu, ahalik eta parte-hartzerik handiena lortu behar dugu.

Hau da, gutariko bakoitzak, gure eskuekin, denon eskuekin hasi behar dugu erabakitzen herri honen etorkizuna. Juan Jose Ibarretxe lehendakariak, Goierriko kontsulta egin zen egun berean, zorion mezu bat bidali zien antolatzaileei eta aski argi azaltzen du zein den proposatzen dugun bidea, bere hitzetan «izugarria gaurkoa, eta gogoratu ‘el apetito se hace comiendo’». Oarsoaldean bide hori hartu dugu eta etorriko dira aukera berriak.

Gehiengoak erabakitzen duenari estatuak ezin dio ezezkorik eman. XXI. mendean gaude, erabakiaren garaian. Beste herrietan bezala, Eskozia, Katalunia, Quebec… gurean ere estatus politikoari buruzko erabakiak herritarren esku egon behar du. Esandakoarekin, orain, martxoaren 19ra bitarteko txanpa dugu aurretik, galderak adostu, kanpaina indartsua eman aldarri hau herritar guztiengana eramateko eta bozketa eguna ongi antolatu. ‘Demolari’ ugari beharko dugu aldarria zabaltzeko eta bozketa eguna ongi antolatzeko. Deialdiak egin eta azaroaren 6an mobilizatu zineten guztiok behar zaituztegu gainerako herritarrengana iristeko.

Buscar