Xabier Andonegui Mendizabal
Caritas Gipuzkoako kontsiliarioa

Keinu bakoitzak du zeresana

Ahalegin horietan parte hartzen dutenak, jende xumea da, zu eta ni bezalakoa. Hainbestetan kritikatutako Eliza horren parte gara, ez arrazoirik gabe, seguruenik, baina herriarentzat eta herriarekin bizi dena

Caritasen behatoki aparta dugu hainbat egoera ikusteko. Jende askoren mina eta arazoak ikusten ditugu: buruko gaixotasuna dutenak, bakarrik dauden zaharrak, emakume zaurgarriak... Osasun-krisiaren aurretik ondo ez zeuden pertsonak, eta orain berdin jarraitzen dutenak, birusak euren etorkizun hurbilean izango dituen ondorio larriekin.

Egoera okerrenean dauden taldeei laguntzeko egiten diren ahaleginak ikusten ditugu: ospitaleetan, harrera-zentroetan... Caritas Gipuzkoan, zehazki, Hotzaldi zentroa, etxerik gabeko pertsonek lo egin dezaten; Aterpe, jan eta elkarbizi dezaten; Miriam, emakume ahulenei laguntzeko; Gizaide, buruko gaixotasuna dutenei laguntzeko; Gizakia Helburu, gazteei zuzenduriko programa terapeutikoak; Hurkoa, adineko pertsonen zainketa. Ez ditut ahazten Trintxer eta Sorabillako egoitzak. Gure gizarte-lana laguntza ematen saiatzen da, baina baita sustapena eta autonomia bultzatzea ere.

Testuinguru horretan, osasun pastoraltzaren eta kartzela pastoraltzaren hurbileko lana azpimarratu nahiko nuke. Gaixoak eta kartzelaratuak dauden pertsonak zaurgarriak dira. Ahultasun pertsonal, familiar eta sozialean daude. Hor ere bagaude, hain egoera mingarrian, koronabirusak orain larriagotzen duen egoera horretan.

Caritas Gipuzkoan langile profesionalak eta boluntario ugari ditugu, hots, «ezezagun handiak». Boluntarioak beti daude hor. Baita euren lan betebeharren gainetik ere. Bizi-keinua dira, eta ahulenak zaintzen laguntzen digute.

Caritas gizarte-larrialdiko arretaren lehen lerroan dago. Dagokion tokian dago. Gure herri eta auzoetako parrokietan, bere gizarte-zerbitzu ezberdinetan, beste erakundeekin sarean lan arituz, salaketa soziala eginez –arreta jasotzen ez duten egoerak ikusaraziz– eta baita ere, administrazio publikoarekin lankidetzan arituz. Pertsona txiro eta beharra dutenen min eta oinazean presente dago Caritas, Giza Eskubideen defentsan babestu, lagundu, zaindu eta arintzeko.

Pandemia egun hauetan, pertsonak eta erakundeak noraino iritsi gaitezkeen ikusten ari gara. Asko egin dezakegu, eta batzuetan, gutxi. Krisi-egoerak aldakorrak dira, eta denak tenkatzen gaituzte. Dena kontrolpean dugula uste dugu, baina ez da horrela. Hor ikusten da gure hauskortasuna eta gure kultura indibidualista. Hori bai, errealitateari atxikitako pertsonak gara, eta egoerei erantzun behar diegu. Gauero txalotzen eta eskertzen ditugu duela aste batzuk oharkabean pasatzen ziren pertsonak.

Baina, batez ere, gauzak giza moduan egin nahi dituzten herritarrak izan nahi dugu. Horrek duindu eta identifikatzen gaitu. Erakundea garrantzitsua da, baina pertsonak erabakigarriak dira. Gure lanaren muina pertsonak dira, eta harremanak, justizia soziala nagusi den lekua.
 
Gizakia da, sentimenduak, bihotza, erraiak eta enpatia dituen pertsona gisa jokarazten digun dimentsio sakona. Ikusten eta pairatzen dugunarekin sentitu, sufritu, gozatu, negar egin eta kantatzen duen bihotza. Errealitatearekin lotzea da kontua, ez ihes egitea edo ezkutatzea. Gutako bakoitzaren barrutik; gure gizateria bizi den tokia. Koherentzia eta oreka ematen diguten eguneroko keinu txikien partaide gara: pertsonak hartuz, gaixoei lagunduz, adinekoak zainduz, bakarrik daudenei deituz…

Ahalegin horietan parte hartzen dutenak, jende xumea da, zu eta ni bezalakoa. Hainbestetan kritikatutako Eliza horren parte gara, ez arrazoirik gabe, seguruenik, baina herriarentzat eta herriarekin bizi dena. Gure hauskortasunetik, behar duten guztiei laguntzen saiatzen gara. Gure zigilua da, hurkoarekiko maitasuna.

Herritar gisa, zoriondu eta eskerrak eman nahi dizkiet une nahasi honetan, buru-belarri inplikatu diren eta euren onena eskaintzen ari diren pertsona guztiei, beraien osasuna arriskuan jarriz ere. Mila esker! Garrantzitsua da keinu bakoitza, eta egunero keinu asko egiten dira, ogia eta oinarrizko elikadura, beharrezko botikak, kaleetako garbitasuna eta babesa, zainketa, hezkuntza eta osasuna herritarrek eskura ditzaten.

Keinu bakoitzak bere garrantzia du, eta ezin ditugu ahaztu, oinarrizko beharretan, etxea, enplegua, elikadura... krisia krudel astintzen ari diren familia eta pertsonak.

Gizarte-ahalegin handia egiten jarraitu beharko dugu, krisi honetan gizarte-biktimek gora egin ez dezaten. Caritasek ere ahalegin handia egingo du larrialdi horretan, eta, horretarako, herritarren elkartasun eta inplikazioa behar ditugu.
 
Agur berezi bat bidali nahi diet hildakoei eta haien familiei, ezin izan baitiete agur esan. Dolua, adioa, oroimena… errealitateak dira, ez bakarrik erlijiosoak, baita gizakiak ere, eta seriotasunez eta konfiantzaz zaindu behar ditugu. Gauzatzeko modu asko daude. Egin dezala bakoitzak bere erara.

Guk, kristauok, Elizaren eguneroko otoitzean egiten eta egingo dugu, sufritzen duten pertsonengandik hurbil, herritik hurbil eta giza elkartasunak elkartuta bizitzen asmatu nahi baitu.

Buscar