Josu Ozaita eta Mikel Egibar
Antropologoa eta Gorputz Hezkuntzan eta Soziologian lizentziatua. Kilometroak 22ko koordinatzaileak

Kilometroak ludikotasunerantz

Jaia gaurkotu eta eragile bilakatzeko, ikastolen komunitateak hausnarketa burutu zuen «eredu berri» baterako bidean. Eta denborarekin, «eredu berri» hori kontzeptualizatzen ari gara.

Urte osoan zehar, Euskal Herriko edozein herritan jaiak ospatzen dira. Euskaldunok jaia egiteko ospe handia izan dugu beti: gure kulturarako, baita pertsonen arteko harremanetarako ere, ludikotasunak presentzia handia du. Edozein atzerritarrarentzat Euskal Herrian ospatzen ditugun jaiak erakargarriak suertatzen dira. Euskal herritarrok badugu nonbait ludikotasunaz gozatzeko trebetasun berezia.

Aitzpea Leizaola antropologoak dioen bezala, «jaia ez da soilik festa». Jaietan balioak, emozioak eta horien eraginak daude, azalean arrastoa uzten dutenak. Miren Guilló antropologoak dio festan komunitateak, identitateak, aldarrikapenak eta gorputzak dabiltzala dantzan. Pere Lavegak jaiak, une ludikoak, hertsiki kulturarekin lotuta daudela nabarmendu du. «Etnoludismo»-aren kontzeptuarekin herri-kultura bakoitzak dibertitzeko kode propioak erabiltzen dituela adierazi nahi da. Horrenbestez, festak ez dira parentesi hutsa, eduki sinboliko kondentsatuak, emozio sakon eta komunitate jakinen ezaugarriak islatzen diren uneak baizik.

Jaia emozioak pizten dituen unea denez, jaiaren xedea une gozagarria bizitzea da. Nola dibertitzen gara gure gizarte honetan? Gure jaiek oraindik ba al dute gure kulturarekin loturarik? Globalizazioak kultura gutxituak are gehiago gutxitzeko eragina du, eta gurea bezalako kultur zaurgarri batentzat bidean galtzen dugun lehenengo ezaugarri nagusia komunitatearen sentipena da.

Jaia esperientzia da, eta esperientziak gozagarria izan behar du. Ideia horretatik «autoteliko» kontzeptua dator. Autotelikoa da esperientzia batek gozagarri izateko mugen artean sortzen duen eremua. Jai batean parte hartzerakoan denok sortzen ditugu gure baitan espektatiba batzuk. Baina espektatiba horietara iristeko trebetasunak ere izan behar dira; bestela, oso erraza da frustrazio egoeran jauztea. Hori saihesteko, ohikoa da «bitartekari» batzuk hartzea: alegia, alkohol edota drogak erabiltzea, kontsumoaren bitartez, norberak garatu behar dituen trebetasun ludikoen ordez, erabateko desinhibizioaren bila joatea.

Jaia kultura da eta jai batean erabiltzen den hizkuntza jai horrek kultura islatzeko duen indarraren araberakoa da. Globalizazioaren uholdeari aurre egiteko Kilometroak ez da hausnarketa sakonean murgildu den jai bakarra; Euskal Herria Zuzenean eta Baztandarren Biltzarra dira, besteak beste, kezka beretik berrikuntzaren alde apustua egin duten ospakizunak.

Jaia gaurkotu eta eragile bilakatzeko, ikastolen komunitateak hausnarketa burutu zuen «eredu berri» baterako bidean. Eta denborarekin, «eredu berri» hori kontzeptualizatzen ari gara. «Eredu berria» da, kultura kontsumitzeaz gain, hura bizitzea eta, parte-hartzean oinarrituta, burutzea. Eredu berria da jaiaren kalitatea eta esperientzia hobetzen saiatzea. Kilometroak jaiaren antolaketa ere prozesu bezala bizitzea ere bada, herriaren arabera moldakorra dena. Herritik herriarentzat egiten den festa da. Eta parte-hartzaileak aktibo eta aktore izaten saiatu gara. Auzolanean antolatzen da, esfortzu handia eskatzen duena eta momentu nekagarriak izaten dituena. Hala ere, satisfazio handia uzten duena, auzolana modan ez dagoen garaian. Dena, Euskal Herria, euskal kultura eta euskara oinarri hartuta; Euskal Herriak berezko hezkuntza legea behar duela aldarrikatzeko.

Beti bezala, urriaren lehenengo igandearekin batera, Kilometroak ospatuko dugu; aurten, Ibarran. Artikulu honetan modu teorikoan adierazten denaren lekukoa izan nahi baduzu, zatoz eta «dastatu» Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia. Eta ez ahaztu zure «Irribarra» zurekin ekartzea!

Buscar