Isidro Esnaola
GAUR8

Klase borrokaren berpiztea

Beharbada urteko gertakari harrigarriena euskal patronalak izan duen jarrera erasokorra izan da. Paradoxikoki bada ere, aurten patronala izan da behin eta berriz klase borroka existitzen dela gogoratu diguna.

Denen aurka posizionatu da momentu batean edo bestean. Sindikatuen aurka aritzea, neurri batean, gauzen logikan koka daiteke. Baina hortik harantzago joan da: Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatua salatu zuen epaitegian; arrazoia eman ez, eta herrialdeko lan hitzarmena sinatu zuten guztien aurka jo zuen, besteak beste, Laresen aurka, irabazi asmorik gabeko entitateak biltzen dituen elkartearen aurka. Hori gutxi ez balitz, etengabeko adierazpenak egin dituzte Adegiko bozeramaileek Gipuzkoako Diputazioaren aurka. Gipuzkoako Foru Aldundia, baina, ez da beraien jomugan egon den erakunde bakarra: Urkullu lehendakariari planto egin zioten uda partean eta aurrekontuak onartu ondoren gogoratu diote aurrekontu horiek ez dutela sustapen ekonomikorako behar adina baliabiderik eskaintzen. Markaketa izugarri estua izan da. Jarrera aldaketa horren atzean egon daitekeen kausa ez da bakarra izango. Hausnarketarako apunte batzuk egiteak, baina, merezi du, izan ere, ziurrenik, etorkizunean ere jarrera erasokor hori pairatzen jarraituko dugu. Patronalak ez du estatu indartsurik nahi; indartsu zentzu guztietan, baita ekonomikoan ere. Gero eta ahulago estatu bat, orduan eta errazago maneiatzen da estatu horren administrazioa interes pribatuen mesederako. Ematen du euskal patronala erosoagoa sentitzen dela Estatu espainolaren barnean, noiz eta bertako ahuldadearen adibideak egun batean bai eta hurrengoan ere bai pilatzen direnean. Azkena elektrizitatearen enkantearen manipulazioa izan da. Adam Smith ere konturatu zen testuinguru ezegonkor eta usteletan negozio handiak egiten zirela. Egoera horri amaiera jartzeko estatu indartsu bat behar da, baita ekonomikoki indartsua ere. Horretarako zergak ordaindu behar dituzte herritar guztiek, bakoitzak bere ahalmenaren arabera, baita enpresariek eta enpresek ere. Eta hori da, hain zuzen ere, patronalak nahi ez duena, ahalmen ekonomikodun estatu indartsu bat interes pribatuen aurrean makurraraztea askoz nekezagoa baita. Baliabiderik gabeko estatu ahul batek soilik enplegu prekarioak eskain ditzake. Hori lan harremanetan adibide negatiboa da, eta horrek sektore pribatuan egon daitezkeen lan kontratuen baldintzak txartzea bultzatzen du. Eta enpleguak kaxkarrak baldin badira, sektore publikoak eskainiko dituen zerbitzuak ere, kasu gehienetan, hala moduzkoak izango dira. Horrela, sektore pribatuari negozio aukerak biderkatzen zaizkio herritarren eskubideen kontura. Ahalmen gutxiko estatu bat etengabe jarriko da zalantzan, bai dirua biltzeko garaian zergen egokitasuna eztabaidan jarriz, bai dirua gastatzeko garaian zerbitzu publikoen kalitate eskasa kritikatuz. Gurpil zoro horretan sektore publikoa kaltetzen joango da sektore pribatuaren mesedetan. Beharbada, hori da, hain zuzen ere, herri honetako patronalak bilatzen duena. Dena den, ereduen arteko talkatik harantzago, ziurrenik jarrera horren atzean dagoen benetako motiboa interes pribatuen eta interes orokorren arteko banaketa irudikatzeko borroka da. Patronala beti saiatu da beraien interes partikularra interes orokor bezala irudikatzen. Baina zenbait kasutan oso agerian gelditu da hori ez dela horrela. Esate baterako, zaharren egoitzen lan hitzarmena sinatu denean administrazio baten babesarekin, interes orokorra non dagoen oso agerikoa da: sinaduran bertan. Baita interes partikularrak non diren ere: bereizketan. Hori jasangaitza da beraientzat. Edozein kasutan, herri honetako biztanleriaren gehiengoak gizarte justu eta kohesionatuagoa nahi du. Enpresariek badute beren interesak birformulatu eta guztion ongizatean ekarpen handiagoa egiterik, baina ez dute nahi. Edo ez diete uzten. Gehienetan diskurtso erasokorrek ez dute indarra erakusten, ahuldadea baizik: indarrak biltzeko baino, norberaren lerroak estu mantentzeko balio izaten dute.

Buscar