Biktor Abarzuza Fontellas
13 p. urtez kate-lenean

Klase kontzientziaren gaineko klasea

Gure lantegian krisian gaude. 600 gara agintzen duten 10ren aurrean (bereziki pare bat), jakina, krisian ez daudenak. Nik esaten diet borrokatu behar dugula eta mugitu, baina…

600 horietako batzuk 10 agintari horiek erreklutatu zituzten: dirua ematen diete edo potere txiki bat, 50ren bat dira. Ordenaren ordezkariak dira tailerrean, laneko polizia eta enkargatutxo batzuk. Edota teknokrata grisak, nahiz eta batzuek kolorez janzten duten, zeren maiz bere burua modernotzat jotzen dute eta progretzat. Batzuek aitortzen dute ez zaiela inporta kontua, berdin zaiela: ongi baitaude. Marrazoak, arrastakariak, azeriak dira. Ingeniari batzuk, guztion lana egiteko gauza diren makinak sor ditzaketen horiek. Behi emankorrari probetxua ateratzen dioten beste gutxi batzuk, albaitariak bezala aritzen direnak. Beste batzuk bizkarroi soilak baino ez dira.

Horietako batzuek esaten dute ea zertarako mugitu behar diren betikoek irabazten badute. Haien esaldi preziatuena: «ez duzue ezer lortuko». Nihilista hutsak dira. 10 bat dira. Gutxi badira ere, dirudi indar handia dutela. Toxikoak dira. Gogoz etsituak eta eszeptikoak. Batzuek berehala kutsatzen dira haien ondoan. Jendearen adorea jaitsarazten dute. Enpresa baten aliatu perfektuak dira.

600 horietarik: batzuek esaten dute astirik ez dutela, haurrak dituztela, ez dakitela, eta abar…, beno; batzuek zio bat sortzeko gaitasun handia badute: 110 bat dira. Paralizatuak.

Batzuek esaten dute paso egiten dutela. Badirudite kontratatu zoriontsuak direla, noizbehinka izorraturik sentitzen badira ere poltsikoan eta duintasunean. 70 bat dira. Batzuek esaten dute konforme direla enpresaren jarraibideekin eta «zuek gauza bera eginen zenukete ahal bazenuten». 10 horien taldearen pribilegioez eta beraien ikaragarrizko soldataz ari dira. Sobera azkarrilak. Batzuk langile zuriak. 90 bat dira. Aunitzek esaten dute ez dakitela, ulertzen ez dutela, beharbada enpresak egin beharrekoa egiten duela. Batzuetan, kexatzen dira. Horietarik batzuk aunitzetan kexatzen dira edota beti kexaturik agertzen dira, betiere aldamenekoari zuzenduta, batez ere enpresari bere kezkak plazaratzen dizkion horri zuzenduta; baino sekulan ez dira kexu agertzen enpresaren aurrean, ez. Ematen du horietako batzuek bayonetaren aurrean jartzera bultzatzen zaituztela edo, baina ez dute inoiz beraien burua arriskuan jartzen. 50 bat dira. ‘Paralelotizatu’ gehiago.

Askotxok esaten dute, edo, ez dute esaten, beldur direla ez ote dituzten kaleratuko, kategoria jaitsaraziko (noraino? lekurik baxuenean badaude!), makurraraziak izateko, enkargatuak zapalduak izateko, zigorrak jasotzeko, enpresak begitan har ditzakeen… Lotuak eta estu lotuak. 100 bat dira.

Batzuek esaten dute guztiok mugitu beharko ginatekeela eta hala gertatu arte, haiek ez direla mugitzen: 40ren bat dira. Batzuek esaten dute behin mugitu zirela eta inork ez zien laguntzarik eskaini: erretuak dira. 20 bat. Batzuek aitortzen dute, akiturik daudela hainbeste borroka dela eta. Gehiagorik ezin dutela: 15 bat dira.

Batzuek aitortzen dute ekitearen alde daudela, baina ez daudela ados mugitzen direnekin. Batzuetan, 110 horien ondoan ikus daitezke, paralizatuak, eta bestetan 70 horien ondoan, zoriontsu izorratuak. Batzuetan 20 horien taldearen ondoan ere ikus daitezke, erretuak. 40 bat dira. Horietarik, batzuk ezagunak dira eta aunitzetan Hamar horien VIP taldearekin elkartzen dira. Sindikal-posibilistak deitzen dituzte.

Bestetan, lotsagabeak, salduak edo traidoreak arrunki ere deitzen dituzte. Baten batzuek animoak ematen dizkizute eta aldi berean zapladatxoak ematen dizkizute sorbaldan, modu zurian zure iritzietara erraz etorrita bezala, irriño zozoa begitartean dutela.

Gutxi batzuek badirudite erregaitzak direla eta beti borrokan egoten dira, baina ezin dute ekarri beste 295 horien pisua. 5 dira. Baina, horietako 2k esaten dute bestelako iritziak dituztela beste 2ren aldean. Eta bosgarrenari ez dio inork ulertzen, batasuna ikusten duena zatiketa dagoenean, eta, gainera, inork ez zion eskatu zubi-lana egiteko, bera mila aldiz saiatzen bada ere.

Orain, ulertzen duzue zergatik ailegatu garen gauden lekura? Azkenik, emaitza 0 da, guztiok menderatu gintuzten. Errua ez da zinez gurea, jakina, baina irakaspena ikasi beharra dugu eta jakin 600 horiek, edo 550, nahi duzuen bezala, lasai asko garai ditzaketela 10 horiek. Erraz gainera. Ideia bakar batekin: elkartasuna. Berarekin, inolako zalantzarik gabe, gauzak aldatzeko ahalmena baitugu. Orain has gaitezen.

Buscar