Kluster politika EAEn 25 urteren ondoren
Michael E. Porter-en lurraldeen lehiakortasunari buruzko ideietan oinarrituta, jarduera ekonomikoaren aberastasuna sektoreen gainetik zegoela eta sektoreen kontzeptu tradizionaletik harago joateko beharra ikusi zen.
Horretan oinarrituta, EAE aitzindaria izan zen klusterretan oinarritutako lehiakortasun politika bat ezartzen, zeinak lankidetza bitartez lehiakortasuna hobetzea eta garapen ekonomiko iraunkorra dituen helburu. Ordutik, kluster politika Eusko Jaurlaritzaren (EJ) industria politikaren oinarrietako bat izan da eta bere bitartez kluster elkarteei babesa eman zaie, elkarte hauetan partaide diren enpresa eta bestelako eragileen arteko elkarlana bultzatzeko, batez ere teknologia, kalitate eta nazioartekotze arloetan. Gaur egun 22 elkartek jasotzen dute babesa politika honen baitan, 11 kluster eta 11 aurre-kluster.
Joan den urriaren 21ean Bilbon egin zen Basque Cluster Day ekitaldian EAEko kluster politikaren bilakaerari eta etorkizuneko erronkei buruzko gogoeta egin zen. Bertan parte hartu zuten ordezkariek, Euskadik kluster eredu propio bat gauzatzeko izan duen gaitasuna eta lurraldeko ekonomiaren garapenean eta lehiakortasunean klusterrek izan duten garrantzia azpimarratu zituzten. Aipagarria da, gainera, esperientzia hau leku askotarako eredu izan dela, batez ere hainbat herrialde latinoamerikarrentzat.
Kluster politikaren 25. urteurrena denboran bat dator espezializazio adimenduneko estrategiak (RIS3) abian jartzearekin eta horrek berekin erronka berriak dakartza klusterrentzat. Espezializazio adimenduko estrategia honen baitan, EJk lehenetsi beharreko hiru arlo identifikatu ditu, egungo klusterrek duten espezializazioa eta dibertsifikazioaren arteko balantzea lortu nahian: fabrikazio aurreratua, energia eta biozientziak-osasunak. Honek kluster politika espezializazio adimenduko estrategiarekin lerrokatzeko beharra dakar eta horrela jasotzen da gobernua definitzen ari den kluster politika berrian.
Honekin batera, eta neurri batean honekin lotuta, Cluster Day-ko hainbat mintzalditan nabarmendu bezala, bai klusterren bai lurraldearen lehiakortasuna hobetzeko orain arteko hainbat inertzia hautsi eta klusterren mugetatik harago joatea beharrezkoa da. Egun klusterren arteko mugak ez dira hain garbiak, askotan kluster desberdinen jarduerak gainjartzen dira eta klusterren artean sinergiak izan daitezke. Honek kluster barruko eragileen arteko lankidetzaz gain klusterren arteko lankidetza bultzatzeko beharra dakar, gaitasunak konbinatuz eta gehituz, proiektu bateratuak egituratuz eta jarduerak elkarrekin garatuz, berrikuntzaren bidez eraldaketa bultzatu, nazioarteko sareekin konektatu eta merkatu aukerei hobeto erantzuteko. Laburbilduz, nazioarteko merkatuetan lehiatu ahal izateko eta lehiakorrak izan ahal izateko, kluster barneko eragileen artean eta klusterren artean lankidetzan jardutea inoiz baino beharrezkoagoa da egun, hazkunde ekonomiko jasangarri bat lortzeko eta kalitatezko enplegua sustatu ahal izateko.