Larraitz Ugarte
Abokatua

Komenientziaren araberako etika lezioak

Kontua, kontu politikoa, presoak kaleratu beharrean presoak kaletik ateratzea da inmoralitatearen zulora betikoz desterratzeko.

Morala edo etika eta politika bereiztearen zale naizen aldetik, arduraz ikusten dut helburu politikoak atxikitzeko politikariek moralaz egiten diharduten erabilera okerra. Azken egun hauetan gerrate moralaren beste pausu bat ikusi ahal izan dugu: pausu bat sektore oso bat zokoratu eta toki ilunetara eramateko. Momentuz, ze nago, lehen ekitaldirik ez, orain harrerak toki itxietan, gero sare sozialetan adierazpenik ez, gero normalizazio laboralik ez, beranduago heriotza zibila eta horrela jarraituta heriotza zigorren aldarrikapenak ere indartsuago entzungo ote ditugun.

Moralki hiltzea gaizki dago. Eta ondorioz, besteri mina eragitea, jotzea, bahitzea ere gaizki daude. Kristautasunaren baloreak oso barnebilduta eta modu absolutuan ulertzen ditugu denok. Teorian. Ze gero batzuek GALeko buruzagiak omentzen dituzte, besteek guardia zibil torturatzaileak saritzen eta gertukoago batzuk Iñigo Cabacasen hiltzaileak babesten. Natural, inolako kontraesanik gabe. GALekoak estatua babesteko ezinbestekoak ziren eta polizia ezberdinak ordenaren mantenua modu profesionalean egiten dutenak.

Dena da natural, bai Espainian eta baita Euskal Herrian ere. «36koak gudariak ziren, ez terroristak». Hori diosku Urkulluk modu inplizituan urteetan ezker abertzalearen lema izan zena beretzat aldarrikatuz. Eta ondorioz 36ko gudariak instituzioetako agintariek omentzea ere bere horretan naturala da. Gudari guzti horiek ez al zituzten bada sufrimenduak eragin? Frankisten alargunek eta seme-alabek ez zuten sufritu? Ez ziren altxamendu eta gerra baten biktima izan? Antza ez, urte luzez Intxortan bataila haien erreprodukziora EAJko arduradun andana joan izan baitira, Eusko Jaurlaritzako Biktimen zuzendaria barne. Baina dena da hain natural, iragan haren erreprodukzio eta garaiko gudariekiko omenaldiak albiste «atsegingarri-kulturalen» sailean agertzen baitira albistegietan gure telebista publikoan. Haiek eragindako biktimez eta biktima haien sufrimenduez zipitzik ez. Faxismoaren aurka borrokatu zuten eta beste guztia bigarren mailakoa da. «Ez da berdina» ziztrin batekin erantzuten baino ez dakite.

Eta orduan, moral absolutua erabat erlatibo bihurtzen dela ohartzen naiz eta hiltzea gaizki dagori, nork, noiz eta zeren izenean egin duen gehitu behar zaizkio, horren araberako balorazio morala jasoko baititu objektiboki/moralki/etikoki balorazio bera beharko lukeenak. Antropologiaren disziplina akademikoan erlatibismo kulturalaz hitz egiten da fenomeno hori esplikatzeko. Honen arabera, gauza edo fenomeno bakoitza ezin da bere testuinguru eta gizartetik bereizi eta gauzak ez daude ondo edo gaizki modu absolutuan, gertaera edo jarrera bat bere testuinguruan onargarria baita. Urkullu edo Aitor Esteban moralki absolutista gisa agertu arren, erlatibista kultural batzuk dira komenientziak hala iradokita. Erlatibista erlatibo batzuk azken finean.

Eta etika edo moral lojika horren barruan, erlatibismo kulturalaren korrontea balorazio moral orotan instalatuta dagoen garaiotan ETAko kideen hilketak direla moralki gaizki dauden bakarrak ondoriozta dezakegu, zalantza izpirik gabe.

Horraino gaitzerdi. Baina ez da bakarrik haiek eragindako heriotzak direla inmoralak diren bakarrak, ez. Haiek torturatuak izan eta urte luzez baldintzarik okerrenetan urruneko kartzeletan egon ondoren, legearekin zigorrak guztiz kitatu ondoren, atera eta haien familia eta lagunek harrera egitea ere gaizki omen dago orain, geroz eta inmoralago dira mota honetako harrerak. Eta nik galdera bat egin nahi nuke: zer dira harrera horiek, presoaren eta bere familiaren sufrimenduaren amaierak eragindako poza adierazteko modu bat baino? Biktimak mintzen direla esan da, baina ziur naiz biktimek eskertuko luketela mota honetako harrerak telebistan botako ez balituzte, horrek haien mina areagotu baizik ez baitu egiten ulergarria den lez. Berebat, ziur naiz atera berri diren preso eta lagunek ere eskertuko luketela une horietan intimitate pixka bat. Urte luzez haien tortura salaketez eta haien baldintza gogorretaz edo haien familien sufrimenduaz ezer esan ez duten arren, haien zigorrak bete ondoreneko kaleratzeak prime-timean emititzea deliberatu dute EITBn adierazpen askatasunaren izenean. Baina egunotan ez dut kritika edo iradokizun bakar bat irakurri, bereziki euskal telebista publikoari, ez ateratzeko eskatuaz. Ze gauza bat da GARAko irakurleentzat kaleratze albistea irakurtzea eta bestea gizarte osoarentzat 3 minutuz emititzea. Kalean egiteak ematen ei du emititzeko eskubidea baina inork ez ditu deitu. Antena 3 eta EITB maila moral berean, harrera horiek kaletik ateratzeko saiakera nabarmenean.

Harrera horiek ez diete desafiorik egiten biktimei, ez da terrorismoaren apologiarik egiten, ez dira biktimak iraintzen edo mespretxatzen. Hori diote Ertzaintzak egindako atestatuek eta beraz ez dira legez kanpokoak. Eta legez kanpokoak ez direnez moralki deitoragarriak izan behar. Kontua, kontu politikoa, presoak kaleratu beharrean presoak kaletik ateratzea da inmoralitatearen zulora betikoz desterratzeko. Horregatik ulertzen dudan arren ez dut konpartitzen, eta errespetu osoz diot, Foro Sozialak preso kaleratuen harrerak toki itxietan egiteko luzatutako proposamen salomonikoa, batzuen pozak besteei eragiten dien minarengatik batzuoi pozik egoteko eskubidea bera ere ukatu egingo baitzaigu azkenean. Presoen auzian dauden behar urgenteenei konponbide politikoak atxiki beharrean moral absolutu eta erlatiboen lokatzetan kakazteak etorkizuneko elkarbizitzari baino, iraganeko gerra eskemei egiten baitie mesede. Inori min egin gabe maite ditugunak maitatzeko askatasuna izatea ere badelako etorkizun hobe baterako giltzetako bat. Eta hori ez da maitasun hori txoko pribatu batean giltzaperatzen lortzen.

Buscar