Aitor Alzaga Artola

Konfinamendutik

 Pertsona ugarik galdetu didate ea zer demontre pasatzen zaidan burutik egoera hau bakardadean igarotzeko. Kontua da, 48 egun guzti hauetan ez dudala bakarrik egotearen sentsazioa izan. Azken finean, sentimendu hau izan da ingurukoekiko dudan harremana gehiago baloratzea ahalbidetu didana. 

52 egun igaro dira berrogeialdia hasi zenetik. Nahikoa segundo, minutu, egun eta aste izan dira egoera honen inguruan hausnartzeko. Nire pisu kideek ez bezala, alarma-egoera dekretatu zenean Bilboko pisuan jarraitzea erabaki nuen. Geroztik, asteak igaro ditut bakarrik, egunerokotasunean gainontzekoekin komunikatzen dudan modua pantaila baten bidez edo erosketak egiterakoan izanik. Bitxia badirudi ere, jarraian azalduko ditudan gogoeta orok partekatzen dute elementu komun bera: harremanak. «Nola da posible alarma egoera bakarrik igaro eta gogoeta gehienak harremanen inguruan izatea?» galdera izan dezakezue zuetako batzuek. Jarraian azaltzen saiatuko naiz.

Alarma egoera dekretatu zenean, etxean geratu beharreko betebeharra zabaldu egin zen. #EtxeanGeratukoNaiz edo antzeko traolen bidez biztanleriaren artean nolabaiteko ardura edo kontzientzia piztu nahi zen. Zer egin, ordea, inon geratzeko bizitokirik ez duten pertsonekin? Non geratu behar dira kalean bizi diren horiek? Eta etxebizitza batean bizi direnak baina hura honela kontsideratzen ez dutenek, zer egin behar dute? Azkenengo hauetan indarkeria matxistaren biktimak diren emakumeak gehituko nituzke, konfinamendu neurri honek beraien erasotzailearekin elkarbizitzera epaitzen baitzituzten. Covid-19 pandemiak nolabait agerian utzi ditu zenbait gauza eta horietako bat bizitoki bazterkeria pairatzen duten norbanakoen egoera da. Norbanako gisa aipatzen ditut kolektibo anitza baita, bizitoki bazterkeria ez delako etxebizitza gabeziara mugatzen.

Lehen gogoeta honek argi utzi dit konfinamenduaren egoerak ez dituela ondorio berak izan biztanleria guztiarentzat, botere harremanak begi bistan daude. Batzuek beraien etxebizitza ekipatu eta luxuzkoetatik etxean geratzeko erregutzen duten bitartean, beste askok ez dute non geratu edo duten guneak mehatxu bat suposatu dezake.

Bigarrenik, nire pisuko erosotasunetik garatzen hasi nintzen nolabaiteko enpatia konfinamendu egoera horretan zaurgarriak ziren biztanleekiko. Alarma egoera hasi zenetik, bizi naizen inguruan areagotu egin dira sirena-hotsak. Azkenaldian, ohikoa baino anbulantzia gehiago ikus daitezke, handik-hona, ibilgailuetatik sirenaren garrasiak auzoan zabaltzen diren bitartean. Sirena horiek laguntza eskatzen dute. Laguntza hori bi noranzkokoa da: paziente gaixoak eskatzen duena, batetik; eta, bestetik, osasungileek gainezka honen aurrean eskatzen duten laguntza. Baldintza prekarioetan ari dira lanean eta koronabirusaren pandemiak agerian utzi du zeinen beharrezkoa den halako kalitatezko zerbitzu publikoa sendo mantentzea. Duela urte batzuk, 2008ko bankuen krisi finantzariotik irteteko zenbait politikarik aplikaturiko austeritate neurriek (osasungintza publikoan emandako murrizketak, adibidez) egungo osasungintza krisia dute ondoriotzat.

Bestalde, langile hauen ahalegin eta esfortzuak miresten dituzten auzokideak, arratsaldeko zortziak iristerakoan, txalotzera irteten dira haien etxeetako balkoietara. Alarma-egoera honetan etxeetako balkoiak ekintza ugariren eskenatoki bilakatu ditugu: aldarrikapen zein protestena, oroimenena, urteetan hitz egin ez dugun frenteko bizilagunarekin mintzatzeko topagune gisa etab. Horietako balkoi batzuk, ordea, bigilantzia dorre bilakatu dituzte zenbait bizilagunek, nahikoa izango ez bagenu azken asteetan hiri zein herrietako kaleetan zehar dabiltzan polizia uniformatuen kontrolarekin. Kalera irteterakoan leihoetan aurkitu ditzakezu haien begirada firmeak. Beti adi daude, ordena kolokan jarriko balitz balkoira atera eta salaketa kexuak egiteko prest; nahiz eta kalera irten dena ezagutzen ez badute ere.

Kaleko iskinetatik hasi da gogoeta hau, osasungintzako anbulantzia batean jarraitu du eta azkenik bizilagunen balkoietan aurkeztu da. Plazaratu dira klase-ezberdintasun harremanak, zaintza harremanen prekarizazioa eta kontrol harremanak. Hala ere, hausnarketa bidai honen bukaera ez litzateke posible izango nire pisua ez den beste eskenatoki batean. Beraz, hausnarketarekin amaitzeko berreskuratuko dut testu hasieran planteaturiko galdera: nola da posible alarma egoera bakarrik igaro eta gogoeta gehienak harremanen inguruan izatea? Hain justu, bakarrik egote honek posible egin du, nire kasuan, bestetan aipatu izan ohi dudan bezala, lagunarteko zein familia harremanak gehiago baloratzea. Pertsona ugarik galdetu didate ea zer demontre pasatzen zaidan burutik egoera hau bakardadean igarotzeko. Kontua da, 48 egun guzti hauetan ez dudala bakarrik egotearen sentsazioa izan. Azken finean, sentimendu hau izan da ingurukoekiko dudan harremana gehiago baloratzea ahalbidetu didana.

Ez naiz indartsua egoera hau bakarrik igarotzen ari naizelako. Indartsua baldin banaiz gainontzekoen sostengua dudalako da. Hori dela eta, gogoetan zehar aurkeztu ditudan problematika ezberdinei aurre egiteko ezinbestekotzat jotzen ditut elkartasuna eta guztion arteko batasuna.  

Buscar