Joseba Alvarez
Donostiako Auziperatuen izenean

Konpromisotik desobedientziara

Urtebete joan da 2013ko apirilaren 19an Donostiako Bulebarreko AskeGunean Ertzaintzak, indarrez, sei gazte auziperatu atxilotu eta espetxeratu zituenetik. Ez zen izan Euskal Herrian desobedientzian eta konpromisoan oinarrituriko erresistentzia egitasmo bakarra, aurretik eman baitzen Aurore Martinen atxiloketaren inguruko herri erantzuna eta ondoren etorri ziren Ondarroa, Barañain, Iruñea, Sestao edota Gasteizko herri harresiak.

Euskal Herrian zehar kolore laranjaz jantzi den dinamika sozial mota honi oinarri bateratua emateko asmoz, ELEAK mugimenduak, horretarako prestutasuna azaldu genuen zenbait auziperaturekin batera, ELEAKen eta AskeGunearen webeguneetan ikus daitekeen ‘Erremintza Kutxa’ izeneko dokumentua plazaratu genuen.

Oraingoan, beste urrats bat emateko unea iritsi dela pentsatzen dugu lan hartan murgilduta ibili ginenak, besteak beste, «elkartasuna», «konpromisoa», «konfrontazioa», «desobedientzia zibila», «herri erresistentzia» gaien inguruan hausnarketa eginez. Horixe da datorren apirilaren 12 eta 13an Donostian burutuko ditugun ‘Libre Topaketak 0.1’ izeneko ekimenaren helburua.

Egia esan, desobedientzia zibilak eta herri erresistentziak aurrekari garrantzitsuak izan dituzte Euskal Herrian, bai diktadura frankistaren garaian eta bai trantsizioa deituriko fasean ere, baina, une honetan hausnarketa hau egingo ez bagenu, gure borrokaren oroimen historikoaren atal garrantzitsua galtzeaz gain, indarberritu beharreko bi borroka molde horiek lokazteko, trabatzeko edota itotzeko arriskuak handiak direla uste dugu.

Horrenbestez, hausnarketa eta eztabaida saio kolektiboa da Donostian antolatu dugun ekimena. Horretarako prestatu dugu www.libredonostia.org orrian aurkituko duzuen ‘Desobedientzia mugimendua indartzeko Konpromisoen Hitzarmena’ izena duen lan-testua, guztion artean egin behar dugun eztabaidaren abiapuntua guztiontzat berbera izan dadin.

Euskal Herrian, bai herri gisara zein pertsona modura ere, ‘Libre’ bizitzeko bideratu behar dugun eraldaketa prozesuan funtsezko betekizuna izango dute etorkizunean herritarrek, herri mugimenduek eta eragile sozialek, gure ustetan. Izan ere, trantsizio garaia da bizi duguna, eredu zaharra ez da oraindik hil, baina berria ez da oraindik sortu. Konfrontazio bide horretan, gure ustez gero eta indar handiagoa hartuko dute «konpromisoek», «desobedientzia zibilak» edota «herri erresistentziak». Horregatik, bide berritu horren inguruko hausnarketari, eztabaidari eman diogu lehentasuna Donostiako ‘Libre Topaketak 0.1’ ekimenean.

Gure ustean, indartu nahi ditugun herri erresistentzia eta desobedientzia zibilaren inguruko mugimenduak ez dira borroka sektorial zehatz edota arlo batera mugatzen. Aipatzen ditugun bi borroka molde horiek eraldaketaren alde dauden arlokako borroka sektorial guztietan zein borroka globaletan garatu behar ditugu, eredu politiko, ekonomiko, sozial eta kultural berria eraikitzeko prozesuan. Bi hitzetan esanda, euskal herritarrok maila guztietan garatu behar dugun praktika sozial batez aritu nahi dugu Donostian AskeGunearen urteurrenean.

Eztabaida horretan finkatu nahi dugun Konpromisoen Hitzarmena, gaur arte eragile sozialek erabili izan ohi dituzten eraldaketarako masa borroka, borroka ideologiko edota borroka instituzionalaren lan osagarria da. Konpromisoen Hitzarmenarena, bide konprometitua, desobedientea, intsumitua prestatzeko aurre lana litzateke. Bi hitzetan esanda, lan ildo ez konbentzionala da Konpromisoen Hitzarmenarena, eta «aurkakoen batasunaren printzipio» aberatsean oinarritzen dena: egin/desegin. Hau da, jasaten dugun eredua desegiteari ekin behar diogu (aurkako borroka) baina gaurdanik, alternatiba berria eraikiz (aldeko borroka), eraldaketaren aldeko asmoa eta praxia hegemonikoa bihurtu arte. Hots, ezin dugu berria eraiki une berean zaharra deseraikitzen ez badugu.

Konpromisoen Hitzarmenak, beraz, gure eguneroko jarduera-ohitura pertsonalak zein kolektiboak eraldaketaren aldeko dinamika bihurtzen dituen proposamena izan nahi du, egungo sistema edo ereduaren bizkarrezurra ahultzea begira finkaturikoa. Norbanakoek harturiko konpromiso horiek dira, ohitura sozial bilakatuz, eraldaketaren motor bihurtzen direnak, beti ere modu kolektiboan eta antolatuan norabide horretan bideratzen badira. Herri erresistentzia eta desobedientzia zibila kolektiboak dira ezinbestean; konpromisoa, aldiz, nagusiki pertsonala da, eta azken hau, aurreko bien oinarrian dagoena da.

Dena dela, onartu beharra daukagu eguneroko ohitura horien eraldaketa burutzea ez dela batere erraza izango, sistemak jendartearen kontrolerako, alienaziorako eta bideratzeko mekanismo indartsu ugari baititu eta, inolako zalantzarik gabe, erabili egingo baititu talde batek edo batzuek garaturiko desobedientzia zibilaren zein herri erresistentziaren ariketa suntsitzeko, askotan lan horretan baita bortxakeria erabiliz ere.

Horregatik, bizi dugun egoeraz jabetu gabe, norberak duen eraldaketa indarraz ohartzen ez bagara eta sistemaren aldetik erabat alienaturik bagaude, ezingo dugu benetako konpromisorik hartu, eta hauek gabe, ez dago eraldaketarako ezinbestekoak izango diren desobedientzia zibila edota herri erresistentzia bideratzeko aukerarik. Ezagutza eta kontzientzia dira, beraz, benetako konpromisoen oinarriak. Horretaz guztiaz arituko gara apirilaren 12 eta 13an Donostiako ‘Libre Topaketak01’ ekimenaren plenariotan zein zortzi espazio sektorialetan. Irekiera saioari Mario Zubiagaren desobedientziari buruzko hitzartzearekin, Mikel Zuluagaren Konpromisoen ingurukoarekin eta Txerra Bolinagaren ELEAK mugimenduaren esperientziarekin hasiera emango diogu. Guztiok gonbidatuak zaudete.

Buscar