Larraitz Ugarte
Abokatua

Korrika, batzen gaituena

Herri gisa indar kolektibo handia erakutsi beharko dugu, Madrilgo agendak jan ez gaitzan, arazoei euskal irtenbide bat emateko; gauzak, iraganean bezala, gure erara eta gure kasara egiteko

Gaur azken hamar egunetako epikaren amaiera bilakatu da Donostia. Asko miresten dudan 92 urteko gizon puska batek eramanen du azken kilometroetako batean lekukoa. Hunkigarria, inondik inora. Hunkigarria izan den bezala euskara ahulago dagoen lekuetan erakutsitako indar, burugogorkeria eta ilusioa. Aurpegiak ikusi besterik ez zegoen zuzeneko emisioan edozein ordutako edozein tokitako edozein kilometrotan batzen zen sentimendua poza eta emozioa zela ziurtatzeko, poz eta emozio kolektibo, transbertsal eta kutsakor hori sentitzeko.

Ez dut uste beste inongo ekimenek horrelakorik hain modu orokortuan lortu duenik. Topikoa bezain egia da azken esaldi hau. Eta batzuetan lortzen duguna lortzen dugunean gutxiestera jotzen badugu ere, hainbesteko beharra genuen, ezen ez baitut apenas mezu ezkorrik ikusi. Guda garaituen balioa beherapenetan jartzeko dugun euskal ohitura konformagaitz horri urteko beste edozein unetan aitortza politiko bat eman badiezaioket ere, ez dut Korrikarekin hori egin daitekeenik pentsatzen. Izan ere, bere horretan du balioa, bere horretan du indarra. Gaur bukatzen den Korrika honi asmo onez beteriko indar politiko kartsuak ez diezaiola festa giroarekin batera amaiera eman.

Ze batzuetan gerra sofistikatuagoetara jotzen dugunean, geure burua ehun eta berrehun bider birziklatuz, borroka oinarrizkoenen garrantzia gogorarazten diguten ekimenak, herri honen ahulezia guztien argazkia eginez, zaplazteko ederra bilakatzen zaizkigu; batik bat, hain periferian bizi ez garenon kontzientzia erosoak astinduz. Horregatik bakarrik balitz ere, mereziko luke Korrikak.

Korrikaren balioa ez da bere historian bertsua izan. Hasieran, batzuek sinisten zuten beste batzuen aurka haren beharra zegoela. Egun, petoaren azpian kamiseta termiko hipokritak egon badaude, baina disimulatuago jarduten dutela nabari da. Korrikaren onarpen hegemonikoak euskararekiko jarrera tinkoago eta deterministago batera jauzi egin behar du. Bada talentua, nabari dira ideiak, behar dira akordio eta legeak, borrokak eta izerdiak beharko diren bezainbat. Eta dena gutxi izango da, baina periferian ikusten da itxaropena, erdigunean lausotasun eta “guaytasun” gehiago ikusten den bezala. Halere, la ostia da, Korrika la ostia da eta ezin du inork hori diskutitu.

Ze ezberdina, gainontzeko gai edo esparru gehienetan gertatzen denarekin konparatuz. Ez dakit euskaldunon izaera politizatua den, pandemia den edo munduaren bilakaera den polarizazioaren goratzea esplika dezakeena, baina gaur egun erabat polarizatzen dira eztabaidak: edo Ukrainaren alde edo Errusiaren alde zaude, bien kontra egotea perfektua izan daitekeenean; txertoak bai edo ez; hezkuntza publikoa edo ikastoleroa... eta dena herra, intentsitate eta «auskalo zerekiko» fideltasun/leialtasun erdi-jantzi erdi-inprobisatu batekin, erudizismoaren antzerkian dihardugun bitartean.

Kolektibo jakin bateko kidea izatea ez da, baina, helburu, norbera helburu kolektibo batean irizpide propioz eta ez banderizoz parte sentitzea baizik. Harremantze sanoz eta afinitate ideologikoz osatutako kolektiboaren parte sentitzea, helburu amankomunekiko norbera izateari utzi beharrik gabe, baina helburua norbera ez dela argi izanik... sinplea dirudi, baina oso konplexua bihurtzen ari da. Sare sozialek hau areagotu baizik ez dute egiten eta barka nazate, baina nazkatzen hasia naiz hetero- eta homo-patriarkatuaz, gizon berri eternuki erditzear dagoen horretaz... testosterona ugari.

Asko dira datozen hilabeteetan agenda politikoan jarriko diren eztabaidak eta gaiak. Herri gisa indar kolektibo handia erakutsi beharko dugu Madrilgo agendak jan ez gaitzan, arazoei euskal irtenbide bat emateko, gauzak iraganean bezala gure erara eta gure kasara egiteko. Euskarak berak behar dituen indarberritzeko politikak adostea, Ukrainako gerrak ekarriko dizkigun ondorioak, segurtasunaren gaia, klima... kontsentsuen bilaketa eta praktikotasun dosi batzuk beharrezkoak izango zaizkigu batzuetan, irmotasuna bezainbeste besteetan.

Hauteskunde ziklo berri baten atarira iristear egoteak ez du gehiegi lagunduko beharrezko den pausaz eta zintzotasunez egin beharrezko eztabaidak burutzeko. Halere, hezkuntzaren esparruan egin den (eta datozen hilabeteetan egin beharko den) eztabaidak estilo bat markatu duelakoan nago, posible balitz aurrekari bilakatu beharko litzatekeena. Adostasunak bilatu, ezberdintasunetan indar egin beharrean, hezkuntza sistema zaharkitua euskal erara gaurkotzeko. Zergatik ez egin gauza bera errenta paktuekin, fiskalitatearekin, herri honen behar energetikoekin, euskararekin, autogobernuarekin. Saiatu beharra dago. Uste dut atmosfera berritu bat egon daitekeela eta agian politikagintzatik gauzak beste modu batean egiteko itxaropena berpiztu daitekeela jendartean. Izan ere, politikak arreta berriz helburu komunean, pertsonen bizitzen hobekuntzan, jarri behar du, sinesgarritasun minimo bat berreskuratu nahi badu. Aberria alderdia baino lehen; eskuzabaltasuna eta arrisku hartzeak, posizionamendu kontserbatzaileen eta mugitzen ez direnen gainetik. Mugitu egin behar da, eta korri egin. Korri egin taldean, kolektiboan, eta epika berri bat sortu, emozionantea, hunkigarria, ilusionagarria izango dena, Korrika bezala.

Korrikak gauza asko bere tokian utzi ditu, bai, maite ditudan gauza eta balio gehienak azaleratu ditu eta gogorarazi digu herri honetan dexente espabilatu behar dugula eta rollo on gehiago behar dugula, bere askatasuna maite badugu. Ekintzekin ez ezik, baita hitzekin ere.

Buscar