Martin Garitano
Kazetaria

Korrika naiz

Korrika neskatila euskalduna da. Egia esatearren, ni neu naiz, 1980an sortua eta jaioa. Harrez gero, euskaldun guztion bizitzan oso presente izan naizena. Guztiok maite naute eta euskaldun izatearen emozioa pizten dudala zinez uste dut. Bilbaon sortu nintzelako, dudana baino, dodana esan beharko neuke, akaso. Baina, tira, ez gaitezen txikikerietan nahastu.

Nere sorreran, emakume zein gizon gazte eta ez horren gazteen ekarpen, lan, eztabaida eta baita jenialtasuna ere egon ziren. Horiek guztiak ezagutu gabe ezin da entenditu naizen neskatila honek daukan nortasun sendoa,  zintzoa, izaera zabala, euskaldunak babesteko eta euskaldundu nahi dutenekiko maitasuna.

Bernard Etxeparek idatzi ei zituen lehenengo hitzak Aitorren hizkuntz zaharrean, baina mende batzuk igaro ziren euskaldun gazte konprometitu eta ausart batzuek desagertzear zegoen Europako hizkuntza zahar eta maitagarria jira eta bueltaka jarri zuten arte.

Eta horrela, maiteok, Korrika sortu zen, hala sortu nintzen. Horrela erditu ninduten. Txaberrek, neskatila naizenez, Korrike nahiko ninduen, baina Korrika izendatu ninduten akabuan.

Bilbaon jaio nintzen, baina Algortan sortu, Albaro “Polin” Gurrearen etxean. Euskaldunena ez zen Euskal Herriko hiriburuan jaioa, beraz, baina gure hizkuntza zabaldu eta suspertzeko eraikitako antolakundearen bihotza bertan zen. Bertan idatzi zituen Gabriel Arestik gaurdaino iritsi zaizkigun olerkiak, eta han egin genuen gure Aita eta Amaren etxea defendatzeko zina.

Nere aita pontekoa Gabriel Aresti ere izan zela esan daiteke, nik horrela sentitu dudalako, beste askoren artean, noski. Hor dira, besteak beste, Remigio Mendiburu, Satustregi, nire bihotzeko Mikel Laboa eta beste hainbeste. Gaur, hemen, memoria egin dezagun!

Ezin ditut guztiak aipatu, milaka eta milaka direlako, baina beldur eta lotsarik gabe esan dezaket ez dela izan gure herrian horrenbeste aita ponte goraipagarriak izan duen umerik.

Maitasun kotoi artean jaio nintzen, eta hemen naukazue. Laster jakingo duzue nork bataiatu ninduen, belaunaldi kolosal hartako azkenetariko batekin legatza piperrekin bazkaltzeko asmoz geratu naizelako. Egia esan, entremesak ere ba genituen, baina Agurtzanek gatza eta bikarbonatoa nahastu egin ditu eta entremesik gabe egin diogu solasaldiari.

Oso gogoan ditut nire lehenengo oroitzapenak. Oskorriren kanta goxoak, Antton Latxaren irribarrea, Iñakiren Tabernako komedorea, Joseba Kanporen begirada bihurria… Ai, ama, umeen kontuak, akaso.

Gaur Urtsarekin geratuta nago bazkaltzeko, nire sorreraz jakiteko, nola erditu nindutenen berri izateko. Urtsa Errazti Ibazea, Bilbaoko laudioarra, garai hartan AEKko arduenetariko bat. Solasaldi lasaia baina baita aberasgarria ere, dudarik ez.

Baina aurtengo nire lasterketaldia hasteko eguna da, eta zuena da txanda, korrikalariok. Ekin bideari, ekin euskarari. Amurriotik Donostiara, eta abenduan Durangon elkartuko gara eta ni neu sortzeko ze nolako amodio historiak bizi eta gozatu izan ziren kontatuko dizkizuet, detaile guztiekin.

Artean… aurrera!

Buscar