Jose Luis Erdozia Mauleon

Kostuelgo itturriye

Etxarri Aranazko toponimo bat iragartzen duen kartela erabili zuen «predikugileak», toponimoak idazteko praxi okerraren adibidetako. ​«Kostuelgo itturriye​» eskuz idatzirik esaten du aipatu kartelak eta ez dago, inondik inora ere, toki «ofizial» batean kokaturik, baso betean baizik.

Pasa den ostegunean, hilak 13, Nazioarteko Onomastika Jardunaldien barneko hitzaldietako batean euskaltzain baten «predikua» entzuteko parada izan genuen Gasteizko Europa jauregian. Ohikoa duen moduan, dokumentazioan oinarriturik batez ere, euskal toponimiaren zertzeladak eta ikerketarako ohitura on edo artezak zeintzuk diren «predikatzen» aritu zitzaigun, tartean zenbaiten ego igoak ere salatuz. Eta erabat zuzen bezain argigarri suertatu zela «predikua» esanen nuke, ez balitz lebitazioarenagatik eta beste xehetasun edo txikikeria batengatik, hauexek lohitasun apur bat zipriztindu baitzioten nire iritziz.

Lehenari dagokionez, soilik esan normalean askoz errazago sumatzen dela lebitazioan besteen egoa, norberarena baino. Autoestimuaren kontuak, seguru asko. Horrexegatik, besterik gabe, bigarren txikikeriari ekinen diot. Bargan gora Urbasarako bidezidorrean, Etxarri Aranazko toponimo bat iragartzen duen kartela erabili zuen «predikugileak», toponimoak idazteko praxi okerraren adibidetako. ​«Kostuelgo itturriye​» eskuz idatzirik esaten du aipatu kartelak eta ez dago, inondik inora ere, toki «ofizial» batean kokaturik, baso betean baizik, Bargako aldapan egarriak jota doanari iragarriz, ehunen bat metrora edo, bidezidorretik estalian, ganbela eta guzti, ur fresko-freskoa duela bertan. Ez dut uste kartelean erabilitako grafiak oztopatuko dionik mendizaleari iragartzen zaionaren ulertzea, baina ez da ulermena aipamen honen gakoa, bistan da, «predikugileak» jakin behar bailuke etxarriarrak direla ia ehuneko ehunean, bide horren erabiltzaile. Eta etxarriarrak, zorionez, barra-barra oraindik, erabiltzen dugu gure artean etxarriera. Orduan, zer dela eta egiten da horrelako aipamena Nazioarteko Onomastika Jardunaldian, jakinik gainera toponimo horren izena, era ofizialean, Kostuelgo iturri onarturik dagoela?

Gogoan dut, era berean, ordukoan ez oraingo «prediku» egileak, beste batek baizik, antzekoa egin zuela 2012an, herriaren sorreraren zazpiehun urteak ospatzeko atondu genuen antzezlana herritarrei gaztigatzeko, «Izendu giñen, ga ta izenen ga!» esaldia erabili izana gaitzetsi zigula. Antzezlana taularatu genuen orduko hartan, urtemugaren ospakizunetakoen artean, etxarrieraz buruturik antzezleen arteko elkarrizketak, egokiago ikusten baikenuen horrela egitea zazpiehun urte lehenagoko gertakizunak gogoratzeko. Eta erronka jarri genion geure buruari etxarriarrok, «Beste 700 urte baietz!» aldarrikatuz. Libreto edo liburuxkaren azala, kontrazala, sarrera eta azalpen guztiak euskara batuan buruturik eman genituen eta aipatu esaldia, gainera, komatxoen artean eta letra etzanaz, badaezpada ere (etxarrikoahotsak.com helbidean du ikusgai nahi duenak).

Bestela ere, aipatu beharra daukat hilaren 8an ospatu zuela Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolak 50. urtemuga eta San Donato Eskola Publikoak ere D ereduan eskolatzen dituela aspaldian bertako eta inguruko herrietako umeak. Udalak ere hamarkada pare bat inguru betetzeko zorian izanen ditu, bete ez baditu dagoeneko, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean buru-belarri lanean. Musika Eskolako, Osasun Etxeko eta Liburutegiko zerbitzuak ere, geldi-geldi euskalduntzen joan dira azken hiru hamarkadetan eta gorabehera bakarrak, Nafarroako Gobernukoen mendeko langileen kasuan izan dira. Ez da, beraz, arriskuan euskara batuaren etorkizuna Etxarri Aranatzen, ez behintzat Euskal Herriko beste edozein txokotan baino gehiago.

«Predikugileak», ordea, ortodoxia azken muturreraino eraman nahian, nonbait, euskararen bidezidorretan orokorrean eta toponimiarenetan oraingo honetan, «bekatuak» nonahi ikusirik, ez ditu hauek onartzen, izatekotan «benialak» badira ere. Eta hori badirela «bekatu» larriagoak egun ofizial diren toponimoetan Euskal Herrian barna, praxi okerren adibide moduan aipatzeko.

Eta gu, etxarriar «bekatariok» (orain arte beste batzuendako ginelakoan nengoen bereziki «bekatari»), gure artean, egunerokotasunean, beti erabili izan dugun hizkera baliaturik, jarrera honek euskara batuari berari ere mesede egiten diola dakigulako, lehentxeago aipatu dudan erronkari eutsiko diogu. Hauxe izanen ahal da hemendik aurrera euskara batuaren ajerik larriena!

Buscar