Jose Mari Zendoia Sainz eta Maite Urtiaga Arregi
LABeko sail sindikala UPV/EHUn

Krisialdia, aurrekontuak eta unibertsitate publikoa

Hezkuntza sailburuaren esanetan, ez da errealista UPV/EHUk Jaurlaritzari eskatzea krisiaren aurreko diru ekarpen berbera. Zergatik? Errealitatearen aurkako fikzioa dirudi hamarkada batean unibertsitate publikoari egiten zaion ekarpena ia %8 gutxitu izanak, Jaurlaritzaren aurrekontu osoa %14 baino gehiago handitu den bitartean.

Egia da datu makroak begiratuta, EAEko aurrekontuak krisialdiaren aurreko kopurua gainditu duela, %14,24an hain zuzen ere, 2019ko proiektuaren totala 2010ekoarekin alderatuta. Baina harrigarria da ikustea ekonomiaren traktore izan beharko lukeen UPV/EHU unibertsitate publikoarentzat 2019ko aurrekontu proiektuan proposatzen den diru ekarpena, oraindik ere, 2010ekoa baino %7,94 txikiagoa izatea.

Horrela, Autonomia Erkidegoko BPGaren azken datuekin alderatuz, Jaurlaritzak prestatu dituen aurrekontuetan Unibertsitate Sistemari egiten zaion ekarpenak BPGaren %0,56 besterik ez du hartzen –Unibertsitate Hezkuntza, Sustapena eta Ikerketa partidak bilduta, eta unibertsitate pribatuak ere sartuta–, Europar Batasunean datu hau %1,5ekoa izanik, eta ELGEko (OCDE) herrialdeetan %1,6koa.

Langile publikoen soldatek 2010ean jasan zuten %5eko beherakada ez da guztiz berreskuratu, erosteko ahalmena oraindik ere orduan baino %13 txikiagoa baita, eta borroka sindikalari esker, ozta lortu izan da behin-behineko irakasleek osagarri batzuetarako daukaten eskubidea onartuta geratzea, betiere epaileen erabakien ondoren eta ez administrazioak bere langileei zor dien begiruneak eraginda. Gainontzeko langileok, izan Administrazio eta Zerbitzuetakoak edo irakasle eta ikerlariak, krisi garaiko urte guztiotan soldatak izoztuta izan ditugu oraintsura arte. 

Boloniako planek soluzio miragarriak ekarriko zituztelakoan, administrazio guztiek haien alde egin zuten itsututa. Plan horiek zerbait ona bazuten, unibertsitatean pedagogia sistema berritzaileak ezartzea izan zitekeen, tartean talde txikiagoetan ikasleen parte hartzea eta iniziatiba propioa sustatuz. Horrek irakasleko ikasle gutxiagoko taldeak izatea eskatzen du ezinbestean. Egia izanik UPV/EHUko ikasle kopurua zertxobait gutxitu dela azken urteetan, irakasle kopurua mantendu den bitartean, oraindik urrun gaude eredu pedagogiko egokiagoak eskaini ahal izateko, titulazio gehienetan, lehen kurtsoetan bereziki, ikasle gehiegi dituzten gelak dauzkagulako. Nola eskainiko ditugu eskola praktiko duinak, nola zuzenduko ditugu ikasleen lanak ebaluazio jarraitua bermatzeko, nola tutorizatuko ditugu ikasleen zalantzak edota nola bideratuko ditugu gure ikasleak beren Gradu Amaierako Lanetan, ditugun ikasle kopuruekin irakasle gehiago ez badago baldintza duinetan lan egiten?

Kalitatezko unibertsitate bikaina nahi dugu, maiz gehiegi pentsatu gabe kalitate eta bikaintasun kontzeptuek zer adierazi nahi duten. Edozein modutan, unibertsitate publiko ona eduki nahi dugu, baina gero horretarako baliabideak murrizten zaizkigu. Espainiako Estatuko unibertsitate publikoen artean, EAEkoa da Administrazio eta Zerbitzuetako langile kopuru txikienetakoa duena irakasle-ikertzaile bakoitzeko. Estatuko herrialdeekin alderatuz, adierazle desberdinetan askoz hobeto gaudela harro esaten dute gure agintariek. Eta hau ez da adierazle adierazgarria? Zer nolako kalitatea eskain daiteke horrela, zer bikaintasun?

Ikertzaileen egoerari erreparatuz, arazoa larriagoa da: doktore aurreko ikertzaileen kasuan, horien kontratuak aldez aurretik ezarritako diru kopuru baten truke sinatzen dira hainbat urtetarako, eta hala, langile publikoen soldatei aplikatzen zaizkien urteko igoerak jasotzeko eskubidea ukatzen zaie. Doktore ondokoen kasuan, ikertzaile gehien-gehienek behin-behineko kontratua dute, oso gutxi dira ikertzaile iraunkorrak gure unibertsitate publikoan. Trabak traba, azken urteetan UPV/EHUren emaitza ikerketa arloan nabarmen handitu eta hobetu da, baina zer nolako ikerketa-egitasmo eraman daiteke aurrera epe luzera begira, horrelako baldintzetan? Berrikuntza, garapena, teknologia berrien sorkuntzan agente aktiboa izatea, mundu mailako ikerketaren lehen lerroan egotea... helburu ederrak paperean, ezinezkoak baliabiderik gabe.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuaren esanetan, ez da errealista UPV/EHUk Jaurlaritzari eskatzea krisiaren aurreko diru ekarpen berbera. Zergatik? Kontrakoa uste dugu guk, eta berriro diogu, errealitatearen aurkako fikzioa dirudi hamarkada batean unibertsitate publikoari egiten zaion ekarpena ia %8 gutxitu izanak, Jaurlaritzaren aurrekontu osoa %14 baino gehiago handitu den bitartean. Eta bitartean, Jaurlaritzak EAEko unibertsitate publikoan egiturazkoak diren eginkizunak era baldintzatuan jarraitzen du finantzatzen; azken Unibertsitate Planaren arabera, Administrazio eta Zerbitzuetako lanpostuen zerrendako plazak bilakatu behar ziren 100 kontratu oraindik behin-behinean mantentzen ditu noiz bukatuko zain. Era berean, unibertsitate pribatu baten medikuntza fakultate berriari Bilbon kokatzeko ate guztiak zabaltzen ari zaizkion bitartean, EHUko medikuntza fakultate berria urteak dira geldituta dagoela, finantziaziorik gabe. Hori nahikoa ez eta EHU fakultate berri honen lanen kostuaren %30 bere baliabide propioetatik jartzera behartu nahi du.

Aurtengo maiatzean lehendakariak Bizkaiko Enpresarien Konfederazioaren aurrean zioen enpresaren ikuspegitik gainditu egin dela azken krisialdi ekonomikoa. «Izan ere –aipatu zuen Urkulluk–, 2014az geroztik barne produktu gordina etengabe ari da hazten 17 hiruhilekotan». Baina agerraldi berean honakoa zioen ere: «Hiru erronkatan jarraitu behar dugu lanean: enplegua, enpresa-ehuna eta berrikuntza». Ba hiru erronka horietan aurrera egin nahi bada, nahitaez unibertsitate publikoak gizarteari egiten dion ekarpena gakoa da, bai irakaskuntzan, baita ikerketan ere, eta ezinezkoa da enpleguan, enpresa-ehunean eta bereziki berrikuntzan aurrera egitea UPV/EHUri egiten zaion diru-ekarpena ez bada 2010eko kopuruetara bueltatzen. Bestela pentsatu beharko dugu krisialdia enpresaren ikuspegitik gaindituta dagoela, baina hezkuntza publiko unibertsitarioa, ordea, zigortuta eta baztertuta dagoela Eusko Jaurlaritzaren agintarien erabakiz.

Buscar